Hollywood

transformersDirdira handia, errentagarritasun eskasa

Jakina denez, behin izar bilakatuta, sekulako dirutza jasotzen dute Hollywoodeko aktoreek. Forbes aldizkariak, esaterako, urtero egiten du hoberen ordaindutako aktoreen zerrenda. 2017koan, Mark Wahlberg ageri da lehena gizonezkoen zerrendan, 57,6 milioi euroko irabaziekin; emakumezkoenean, berriz, Emma Stone, 26 milioi eurorekin. Dena dela, bestelako zerrendak ere egiten ditu Forbesek. Errentagarritasun eskasena duten aktoreena, kasu. Horretan ere, Wahlberg jauna da nagusi; izan ere, 2017. urtean, berak eragin zituen etekin gutxien kobratu zuen dolar bakoitzeko. Zehazki, Wahlbergek jasotako dolar bakoitzeko, hura aktore ageri den filmek 4,40 dolar bildu zituzten zinema aretoetan. Wahlbergen kasuan, Transformers: The Last Knight eta Deepwater Horizon pelikulek izandako harrera epela izan da erantzule nagusia. Haren ondoren, Christian Bale dago zerrendan: batik bat The Promise filmaren porrota dela eta, ekoizpen etxeak hari ordaindutako dolar bakoitzeko 6,70 dolarreko etekina eragin zuen. Jarraian datoz Channing Tatum, Denzel Washington eta Brad Pitt. Hurrenez hurren, 7,60ko, 10,40ko eta 11,50 dolarreko etekinak sortu zituzten kobraturiko dolar bakoitzeko. Zerrendako lehen postuetan, ez da emakume aktorerik ageri. Horrek agerian uzten du, berriro ere, emakumezkoek bizi duten erabateko berdintasun falta: emakumeek ordainsari askoz txikiagoak jasotzen dituztenez, gizonezkoen errentagarritasun maila eskasen pare ibiltzea ere ia ezinezkoa zaie. Distira bai Hollywooden, baina kiratsaren pare...