Ingurumena

zaborZabor elektronikoa, gora eta gora

Gero eta zabor elektroniko gehiago sortzen dugu. ITU Telekomunikazioaren Nazioarteko Erakundeak jakinarazi duenez, 2014tik 2016ra % 8 hazi da zabor elektronikoa munduan. Guztira, 2016an, 44,7 milioi tona zabor elektroniko sortu genuen, baina horren % 20 besterik ez zen birziklatu. Bazterturiko gailuen % 76k bestelako helmuga izan zuen: zuzenean zabortegietan amaitu, “modu informalean” birziklatua izan edota jendearen etxeetan pilatuta geratu. Zabor motaren arabera, gailu txikiek (xurgagailuak, mikrouhin labeak, jostailuak...) 16,8 milioi tonako hondakin kopurua sortu zuten; aparailu handiek (garbigailuak eta abarrak) 9,2 milioi tona; hotza eta beroa sortzeko gailuek 7,6 milioi tona; pantailek 6,6 milioi tona; eta komunikazio trepeta txikiek (sakelakoak, tabletak...) 3,9 milioi tona. Datu gehiago ere eman ditu ITUk. Adibidez, munduko biztanle bakoitzeko sortzen den zabor elektronikoaren batez bestekoa 6,1 kilokoa izan zela. Birziklatzeari dagokionez, Europak du tasarik altuena (% 35), eta ondoren Amerika (% 17), Asia (% 15) eta Ozeania (% 6) daude (datu fidagarrien faltan, Afrikari buruzko aipamenik ez du egin). ITUren aburuz, bi dira hazkunde horren arrazoiak: batetik, erosteko ahalmena handitu egin dela; bestetik, gailu elektronikoen prezioa merkeagoa dela. Gainera, joera goranzkoa dela ohartarazi du. Hala, 2021era bitartean, % 17 areagotuko da zabor elektronikoa munduan. Horrenbestez, zabor elektronikoaren kudeaketa premiazko arazotzat jo du ITUk, ingurumen eta osasunerako arazo larria delako.