Argitalpenak

popAgur ‘Pop Pilulak’ fanzineari

Lau urteren ostean, eta urtero bi zenbaki argitaratzen aritu eta gero, amaitu du bere ibilia Pop Pilulak pop kulturari buruzko fanzineak. Durangoko Azokan salgai ipini zuten zortzigarren zenbakia izango du azkena. 2013ko udazkenean sortu zuten, pop kulturari loturiko gaiak lantzeko asmoz. Urteotan, pop kulturaren adierazpide ugariri egin die lekua fanzineak: musika, diseinua, zinema, moda... Fanzinearen sortzaile eta arduradun Julen Azpitartek 2015ean AIZU!ri elkarrizketa batean aipatu moduan, “Pop Pilulak euskarazkoak ez diren gaiak euskaraz lantzeko ere sortu zen”. Hala, euskalgintzan ohikoak ez diren gaiei leku egin die. Kolaboratzaile sare zabalak parte hartu du fanzinea ontzen: Fermin Etxegoein, Koldo Almandoz, Beñat Sarasola, Azpitarte bera... Hemendik aurrera, haien lanak hemeroteketan soilik irakurri ahal izango dira, Pop Pilulak-en edukiak paperean baino ez baitituzte argitaratu, sarean paratzeari uko eginda. Hortaz, oraindik ere garaiz zabiltzate zortzigarren zenbakia eskuratzeko. Azken agurra egiteko aukera ere izanen da, 2018ko urtarrilaren 12an, Pop Pilulak-en Harakiri Festa egingo dute eta Bilboko Ambigú tabernan. Agur, Pop Pilulak, eskerrik asko, eta fanzinearen arduradunek esango luketen moduan: Pop on!