Hedabideak

elhuyar‘Elhuyar’ aldizkariak jantzi berria du

Diseinua eta formatua berritu ditu Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariak. Janzkera berriaren ezaugarri nabarmenena lehen begi kolpean antzeman daiteke: lehen baino txikiagoa da, “erosoagoa, irakurtzeko eta eskuetan ibiltzeko atseginagoa”. Gainera, orri gehiago izango ditu. Nahiz eta azala aldatu, mamia orain arteko bera izanen du: zientzia eta teknologia munduan gerta-tzen denaren berri ematen duen edukia. Hori bai, aldizkari berrituan zientzialariei emango diete lehentasuna; pertsonei, alegia. Hala, iritzien, analisien eta ikertzaileen lan zientifikoei leku egiten dieten atalak indartu dituzte. Horiekin batera, aldizkariko ohiko atalek irakurleen jakin mina asetzen jarraituko dute: elkarrizketak, erreportajeak, albisteak... Urte osoan, lau zenbaki kaleratzen ditu Elhuyar aldizkariak, eta http://aldizkaria.elhuyar.eus/ webgunean egin daiteke harpidetza.