Sagardotegiak

sagardoaBadator sagardo berria!

Urtea hastearekin batera, 2017ko sagar uztaren emaitza dastatzeko sasoia heldu da. Alegia, txotx denboraldiari hasiera eman eta sagardo berria probatzeko garaia. Lurraldez lurralde egingo dira aurkezpenak, gaur egun euskal lurralde guztietan egiten delako sagardoa. Jakina, aurkezpen nagusia Astigarragan izango da, Hernanirekin batera, hura baita sagardoaren erdigunea. Hala, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 15ean egingo dute Astigarragako Gurutzeta sagardotegian XXV. Sagardo Berriaren Eguna. Pertsonaia ospetsu batek (aldizkari hau inprentara joaterakoan, oraindik ere ezagutarazi gabea zen haren izena) kupela ireki, eta “Gure sagardo berria!” oihukatuta, ekingo zaio sagardo denboraldiari. Irekiera egingo duen pertsonaiaren izenaren antzera, aurten ekoitzi den sagardo kopuruaren berri ere ez dute jakinarazi. Haatik, ekoizpena altua izango dela aurreikusi dute, 2017an gehiegizko ekoizpena izan dutelako sagastiek. Nolanahi ere, onena sagardotegira bertaratu eta zuzenean dastatzea izango da. Txotx!