Hizkuntza eskubideak

manifaJustiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarria Iruñean

Bide eman euskarari lelopean, milaka herritarrek manifestazio jendetsua egin zuten, iragan abenduaren 16an, Iruñeko karriketan. Herritarrena ez ezik, hainbat eragile, sindikatu eta alderdi politikoren babesa ere jaso zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituriko manifestazioak. Helburua jakina zen: Nafarroako hezkuntza oposizioetan zerrenda bakarra ezartzeko erabakiaren afera tarteko, Nafarroako erakundeek hizkuntz eskubideen alde harturiko erabakiek izaten dituzten oztopoak salatzea eta eskubide berdintasunaren aldeko neurriei babesa agertzea. Ezagun denez, hezkuntza oposizioetan zerrenda bakarra osatzea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, UPNren aginte garaietatik ezarritako zerrenda bikoitzaren sistema bertan behera uzteko. Izan ere, zerrenda bikoitzak diskriminatu egiten ditu bi hizkuntza dakizkitenak, batera, bestera, edo bietara aurkeztera behartzen dituelako. Horrexegatik egin zuen zerrenda bakarraren alde Nafarroako Gobernuak. Haatik, oposizioko alderdien aurkakotasunaz gainera, Gobernuko bazkide den Ezkerra koalizioarena ere izan zuen erabakiak. Horren aurka, baita euskaldunen hizkuntz eskubideen kontra hartu izan diren beste zenbait erabakiren aurka ere, atera ziren kalera euskaltzaleak abenduaren 16an. Lerrook argitaratzen direnean, zerrenda bakarraren auzia beste egoera batean izango da, abenduaren 21ean hitzordu garrantzitsua baitzuten Nafarroako Parlamentuan. Egun horretan, PSNren lege proposamen bat bozkatzekoak ziren, zerrenda bakarraren egitasmoa bertan behera uzteko. Orduan eta ordutik zer gertatu den ez dakigu, aldizkaria inprentan zelako. Nolanahi ere, jendez beteriko Iruñeko karrikek  agerian utzi zuten Nafarroako herritarren berdintasuna ahalbidetuko duten neurrien aldeko jarrera. Hots, hizkuntz eskubideak betetzearen eta hizkuntzarengatik inor ez diskriminatzearen aldeko aldarria aski ozena da herritarren artean.