Japonia

izarraIzar uxoak, enkarguz?

Nahi denean, nahi den tokian, nahi beste irauteko eta nahi adina. Horixe eskaini nahi die Japoniako Ale konpainiak bere bezeroei, Sky Canvas programaren bitartez. Eskaintza ohikoa litzateke, eskainitakoa produktu arrunta balitz. Alabaina, ez da: enkarguz izar iheskorrak ikusteko aukera eskaini nahi du. Hau da, hala nahi duenak, eta ordainduz gero, nahi duen izar uxo jasa izango du, guztiz pertsonalizatua. Horretarako, mikrosatelite bat jaurtiko lukete lurretik 500 bat kilometrora. Behin orbitan, meteorito faltsuak askatuko lituzke mikrosateliteak. Hainbat osagaiz egindakoak dira (litioa, kobrea, potasioa...), osagaiaren arabera izar uxoaren kolorea eta iraupena aldatu egiten baitira. Askatu ostean, meteorito faltsuek benetakoen antzera jokatuko lukete: atmosferan sartutakoan, eta marruskaduraren eraginez desagertuz joan ahala, lorratz argitsuak sortuko lituzkete, izar uxoen antzera. Berez, egitasmoaren berri 2016an eman zuten. Haatik, orain jakinarazi dute non eta noiz egingo duten lehen saiakera: 2019an, Hiroshima hiritik gertu (toki ezaguna delako eta zerua ia beti garbi egoten delako, egitasmoaren bultzatzaileen esanetan). Gainera, enkarguzko izar iheskorrok 100 kilometrora ere ikusi ahal izango dira. Saiakera ongi irtenez gero, 2020ko Tokioko Olinpiar jokoetan ere baliatuko ei dute programa. Noiz eta non bai, baina bezero zein izan daitekeen ez dute zehaztu. Ez da harritzekoa, dirutza balio duelako: mikrosatelitea garatzeak eta orbitara bidaltzeak 8,2 milioi dolar balio du, eta izar uxo artifizial bakoitzak, berriz, 8.200 dolar. Aukeran, eta lepoko mina garatzeko arriskua gorabehera, hobe mendi punta batera igo, eta benetako izar uxoen zain egon...