Umorearen eta poesiaren bidez lortzen da jendea benetan ukitzea

virginiaVirginia Imaz
Clown eta aktorea

Eskarmentu handiko pailazo eta aktorea da Imaz (Donostia, 1962): 30 urteko esperientzia du. Ipuin kontalaria, gidoilaria, trebatzailea, agertokiko zuzendaria eta idazlea ere bada. Oihulari Klown antzerki taldearen sortzaile eta kide, Cirque du Soleil-en aritu zen lehen euskalduna dugu. Feminismoaren bidetik eta umorea baliatuz, berdintasunaren alorra landu izan du bere jardunean. Berdintasunaren aldeko sentsibilizazio lana eta pailazoen lanbidea duindu izana aitortu berri dio Emakundek, 2017ko Berdintasun Saria emanda.

Nola hartu zenuen saria?
Kabitu ezinik nenbilen. Lehenbizi, ezin sinetsi. Sekulako sorpresa hartu nuen, izugarria izan zen. Nire hautagaitza nire taldekideek aurkeztu zuten; batez ere, Dorleta Kortazar lankideak. Jakin nuen nola hartu zuen parte jendeak hautagaitza aurkezterakoan: oso testu politak ziren, bihotzetik eginak, ikasle, ikusle, programatzaile eta beste hainbatek idatziak. Oso polita izan da, ezin da hitzekin azaldu.
Berdintasuna ideien mundutik emozioen mundura eramaten duzu. Emozioen bitartez errazago iristen da jendearengana?
Nire ustez, bai. Ezin da ailegatu bestela. Soilik jotzen badugu arrazionaltasunera, logikara, kausa-efektu deitzen denera eta horretara guztira, motz geratzen gara. Beharbada, ukituko dugu jendea, baina ukitu benetan ukitzen dugu emozioak, gorputzak, sentsazioak eta oroitzapenak ukitzen ditugunean. Hori lortzen da, batez ere, umorearen eta poesiaren bidez.
Geure buruari barre egiten ikasiko bagenu, mundua hobea litzateke?
Askoz hobea, bai. Mundua ez ezik, gu geu ere askoz hobeto ibiliko ginateke.
Arte eszenikoen munduan ere matxismoa bizi izan al duzu?
Pilo bat, eta oraindik ere bai. Ikusle noanean, etengabe. Hedabideetan, maiz, emakumeak ez gaude behar beste irudikatuta, ñabardurarik gabeko arketipo eta estereotipoak agertzen dira, nahiko iraingarriak, berdintasun ezari eusteko, beti norbaiten kontra edo norbaiten bizkar barre egiten. Gero, gure gremioan, sortzaileok, artistok, andrazkook, oso pobreak gara. Emakumeok beti izaten gara gizonak baino pobreagoak, arlo guztietan, askoz pobreagoak. Antzerkian, berdin. Diru laguntzak jasotzeko, kontratazioak egiterakoan... beti egoten gara ilararen amaieran. 
Zer eman dio sudur gorriak Virginiari?
Denetarik. Osasuna, kar-kar! Buruko osasuna, itxaropena, maitasun pila bat. Ogibidea eman dit; dirua, batzuetan; bidaiak; esperientziak; gauza politak; eta, batez ere, misio bat bizitzan. Hau da, sinesten dut honetan: umorea, mundua aldatzeko eta gure kontzientzia esnatzeko.
Krisiak gogor astindu zuen antzerkia. Leheneratu al da?
Antzerkian ez dut nabaritzen. Guztiz kontrakoa: orain dela bost edo sei urte, askoz hobeto ginen, bai emanaldien aldetik bai ordainsariei dagokienez. Orain, lan asko egiten dugu, baina baldintza okerragoetan eta diru gutxiagoren truke; eta, hala ere, batzuetan ez gara hilaren bukaerara ailegatzen. Soldatak txikiagoak eta gastuak handiagoak... Nire ustez, lan-ezegonkortasun hutsean bizi gara. Ez gara bakarrak, eta, nire iritziz, oraindik ez gaude susperraldian.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Semeak, batez ere.
Eta tristatu? Gaixotasunak. Ama nahiko gaixo daukagu orain, eta horrek izugarri tristatzen nau.
Zerk eragiten dizu barrea? Neure buruak, nagusiki. Superadimentsu jartzen naizenean, edo mariperfekta izan nahi dudanean, normalean pena ematen dit neure buruak. Baina batzuetan, barre egiten dudanean, nik neuk eragiten diot barre gehien.
Bizio bat: Txokolatea, jatekoa.
Zure antzezlan bat: Segur aski, La modelo clowntapublicitaria. Nire lehenengo ikuskizuna izan zen, duela 28-29 urte. 1.300 emanaldi baino gehiago eskaini  ditut, eta oraindik eskatzen didate.
Pailazo bat: Asko daude, baina bat esatearren: Nola Rae, asko miresten dut eta.
Eñaut Mitxelena