Kontsumo arduratsua laboratzen

Zer jaten dugu? Nongo eta nolako elikagaiak ahoratzen ditugu? Nori erosten dizkiogu produktuak? Gero eta jende gehiagok egiten dizkio bere buruari mota horretako galderak. Ez dira gutxi elikadura zein kontsumo ohiturak aldatzeko beharra ikusten dutenak, eredu osasungarriago eta bidezkoagoen mesedetan. Hala, elikadura burujabetzaren bideak ugaritzen ari dira azken urteotan. Askok, gainera, ekonomia sozial eta eraldatzailearen irizpideetan oinarrituta ekiten diote bide horri. Mordoxka dira adibideak, zein bere ezaugarri eta ñabardurekin: kontsumo taldeak, supermerkatu eta denda kooperatiboak... Hain zuzen, kontsumo kooperatiboaren ildoari heldu diote Labore egitasmo eratu berriek. Irunen, Oiartzunen eta Bilbon sortu dituzte, inguruko ekoizleekin elkarlanean bertoko produktuak eskaintzeko (ekologikoei ere lekua eginda) eta ekoizleei prezio justuak bermatzeko. Proiektu independenteak dira, baina badute harremana elkarren artean. Izena ez ezik, helburuak eta hainbat ezaugarri ere partekatzen dituzte. Antzeko egitasmo gehiago ere badira Euskal Herrian, haietako asko aski beteranoak, eta berriki sortutakoen eredu: Iruñeko Landare, Gasteizko Bioalai, Donostiako Otarra... Haien antzera, Labore kontsumo elkarteek ere bidea egin nahi dute, erosle eta ekoizleei bestelako aukerak zabaltzeko. Eñaut Mitxelena, Maider del Olmo.

labore1

“Ekoizleekin zuzeneko harremana dago; ez dago bitartekaririk, eta ekoizleak berak jartzen du prezioa”

Elikadura burujabetzan bidea egiteko eta kontsumo ohiturak eraldatzeko xedea du Oarsoaldeko Labore elkarteak. Horretarako, denda bat ireki zuen, 2017ko martxoaren 25ean, Oiartzunen. Bertako produktuak eta produktu ekologikoak saltzen ditu bertan, ekoizleei bidezko prezioak eta erosleei arrazoizkoak bermatuta, Jon Legorburu (Lezo, 1968) elkarteko lehendakariak azaldu digunez.

Oiartzungo Ugaldetxo auzoan dago Labore. 300 metro koadroko azalera du dendak, eta denden ohiko ordutegian, astelehenetik larunbatera, bertako edota inguruko produktuak zein ekologikoak saltzen dituzte: elikagai freskoak eta ontziratuak, soltean saltzen diren eltzekariak, edariak, garbiketa produktuak, Errigorakoak, pasta...
Ekoizle txikiak dira gehienak, eta ahalik eta gertuenekoak. Egun, 71 ekoizleren produktuak dituzte salgai, eta “gehienak Nafarroatik honainokoak dira. Produktuei dagokienez, % 90 inguru Euskal Herrikoak dira, eta % 30 eskualdekoak, Oarsoaldekoak”. Kanpotik ere ekartzen dituzte zenbait produktu; ekologikoak izanik, berton edo inguruan ekoizten ez direnak, hain zuzen: detergentea, xaboia eta antzekoak, nagusiki. Zabaldu zutenetik, etengabe hazi da denda hornitzen duten produktuen kopurua. Izan ere, “gure helburua da poliki-poliki jendeak etxeko erosketa hementxe egitea”.
Deigarria da: Labore saltoki handiz jositako eremu batean dago.  “Badakigu saltoki handiek nola tratatzen duten ekoizlea; ez zaigu iruditzen justua”. Hori dela eta, ekoizleei prezio justu eta duinak bermatzea dute helburu Laboren. “Hemen, zuzeneko harremana dago. Ez dago bitartekaririk, eta ekoizleak berak jartzen du prezioa. Guk ez dugu preziorik negoziatzen”. Ondoren, eskariak erakusten du prezioaren egokitasuna. “Hona etortzen den jendeak badaki supermerkatu batean baino gehixeago ordainduko duela hemen erosten duen produktua. Baina badaki, halaber, hemen uzten duen dirua hemengo jendearentzat izango dela. Badakizu nork ekoizten duen, eta ordaindutako diruaren % 80 harentzat da. Guretzat oso garrantzitsua da, eta ekoizleentzat ere bai”.
Zenbateko txiki bat Laborerentzat da, baina, irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, egitasmoa sendotzeko baliatzen dute: eraikinak dakartzan gastuak eta langileen soldatak (“duinak”) ordaintzeko. “Bi langile ditugu orain, eta hirugarrena aurki hasiko da”. Hori bai: lanposturik sortuz gero, “lana hartzeko lehentasuna bazkideak du”.
Laboren parte hartzeko bazkide izan behar da (lehenengo bisitan, bazkide ez denari erosketak egiteko aukera eskaintzen zaio). Horretarako, urtean 50 euroko kuota ordaindu behar da, eta diru hori ere mantentze lanetarako baliatzen dute.
Sorreratik egin zuten bazkide sistemaren alde. “Iruditzen zitzaigun jendeak bazkidea izan behar zuela laborezain izateko, proiektua bere egiteko”, dio Legorburuk. Hala, auzolanean ere aritzen dira. Lokala egokitzeko, adibidez, halaxe aritu ziren, eta halaxe aritzen dira beste hainbat jardueratan: denda jasotzeko, garbiketa egiteko, inbentarioa egiteko... “Auzolana boluntarioa da, ez dugu inor behartzen”.
Bazkide egiten denari txartel bat (egurrezkoa, denda osoan plastikoa saihesten saiatzen baitira) ematen zaio, zenbaki batekin, eta txartel horrek ahalbidetzen du Laboren erosketak egitea. Gero, ordaintzeko orduan, ez dago dirurik, eta bi aukera dituzte:  datafonoarekin unean bertan ordaintzea edo 15 egunean behin kontu korrontetik erosketak deskontatzea.
Lehen sektoreak eskualdean bizi duen egoera txarrari erantzuteko asmoz jaio zen Labore: “Eskualdean lehen sektorea desagertzen ari dela ikusita, hura bultzatzea izan da gure lehenengo premia. Hala, Lezo, Errenteria-Orereta, Pasaia eta Oiartzungo lagun talde bat bildu, eta elkartea sortzea pentsatu genuen. Bestelako eredu bat izatearren”.
Denda zabaldu zutenetik, hazi egin da Labore. Hasieran 150 bazkide ziren, “eta une honetan 600 inguru gara”. Halere, bazkide kopurua are gehiago handitu nahi dute: “1.000 lagun lortu nahi ditugu; baita 1.500 ere. Ahal dela, gero eta jende gehiago. Muga beti izango da denda, dendan sartzen dena”.
Elkargune izateko xedea ere badu Laborek, egitasmo gehiagori leku egiteko. Adibidez, Errigoraren kanpainetan parte hartzen dute. Eragile gehiagoren ekitaldiak eta jardunak ere hartzen dituzte. “Hau ez da denda soila, Oarsoaldeko motorretako bat izan behar du, dinamizatzailea. Elikadurarekin egiten duguna gainerako esparruetan ere egin behar dugu”. Ildo horretatik, Gabonetan, eskualdeko artisauen lanak izan dituzte salgai, esaterako. “Euskaltegietako taldeak ere izan ditugu bisitan. Gu halako kontuetarako erabat irekita gaude”. Azken batean, “honek bizirik egon behar du une oro”. 

labore2

“Gaur etorri naiz lehenengo aldiz dendara, batez ere barazki eta fruta bila”

Elikadura burujabetza bultzatzeko aukera ona da Labore Bilbo, Joseba Gonzalezen (Getxo, 1949) ustez. Erosketak egitera hurreratu da Santutxuko  lokalera. “Etxean barazki, fruta eta zereal dezente jaten dugu” dio. Jaki horiek guztiak eta gehiago aurkitu ahal izan ditu bertakoa eta kalitatezkoa hobesten duen egitasmoaren baitan.

Gurditxo more bati tiraka zeharkatu du dendako atea Joseba Gonzalezek. Txusekin batera etorri da. Biek ezagutzen dute egitasmoa; Txusek, adibidez, egitasmoa ahalbidetzeko prozesuan egindako hainbat batzarretan parte hartu du. Nolanahi ere, Gonzalezi utzi dio galderak erantzuteko ardura, berak bazkide txartela egin bitartean. Estreinako aldia dute lokalean.
Abenduaren 1ean zabaldu zuten denda, Bilboko Santutxu auzoko Haro plazan. Ordurako, 260 lagun zeuden ekimenera atxikita, eta gero eta gehiago dira. Gonzalezen esanetan, “gu izena emanda geunden, baina gaur etorri gara bazkide txartela egitera”. Bazkide izateak erabaki batzuetan parte hartzeko eskubidea emango die. Egitasmoak talde sustatzaile bat du, eta horrek ezartzen ditu urtean egin beharreko batzarrak, zein jaki eskatu eta zein ez erabakitzeko, esate baterako.
Kontsumitzailea den aldetik mintzo da getxoztarra: “Askotan, ez diogu gehiegi erreparatzen erosten dugun horri. Guk, lagunartean, maiz hitz egiten dugu jakiei buruz”. Labore Bilbo egitasmoarekin bat egiteko zioei buruz esan duenez, “aukera ona da elikadura burujabetza bultzatzeko. Bestalde, proiektuak Euskal Herriko nekazarien eta kontsumitzaileon arteko bitartekari ona izan nahi du”.
Berritasunak dakarren jakin-mina sumatzen zaio begietan, oraindik ez baitu astirik izan lokala ikusteko: “Gaur etorri naiz lehenengo aldiz dendara, batez ere barazki eta fruta bila, baina ez dakit oso ondo zer erosiko dudan. Etxean, barazki, zereal eta fruta dezente jaten dugu”.
Hiru pertsona heldu dira etxean. Eguneroko jaki dituzten barazki, zereal eta frutei bestelako elikagaiak erantsi behar zaizkie, hala nola, arraina eta okela. Azken horiek gutxiago jaten dituzte.  Gosaldu, berriz, beti gosaltzen dute berdina:  esnea, kafea eta txikoria.
Beren orain arteko kontsumo ohiturei buruz dioenez, “frutak eta barazkiak Uribarriko auzoko dendan erosten  ditugu. Gainerakoak  Zurbaranen, etxe ondoko Eroski Centerren. Esnekiak, baina, Mahala markakoak, Bilboko Alde Zaharreko denda batean hartzen ditugu. Bestalde, mandarinak eta laranjak Valentziatik ekartzen dizkigute, eta olioa Kordobatik”. Aurrerantzean, ez daki ohitura horiek zein neurritan aldatuko diren. Labore Bilbo proiektuko bazkide egin direnez, asmoa dute lokalera astean behin edo birritan gerturatzeko, erosketak egitera.
Eskaintzen diren produktuak bertokoak izateari garrantzitsua deritzo Gonzalezek. Bestelako abantailarik ere ikusten dio Labore Bilbori. “Dendan  lanean ari direnak euskaldunak dira. Hori inportantea da niretzat, mintzapraktika egiteko aukera ematen baitit. Txus eta biok euskaldun berriak gara. AEKn,  Lizardin,  ikasi nuen euskara” gaineratu du.  Ekimenaren berri lagun batek eman zion: “Tasio Erkiziak hitz egin zigun egitasmoari buruz, eta hasieratik iruditu zitzaidan interesgarria”.
Joseba Gonzalezek nahitaezko baldintza nagusia betetzen du elkartearen egoitzan erosketak egin ahal izateko: bazkide izatea. Horrez gain, ondo pentsatuta, gurditxoa ekarri du jakiak eramateko, dendan ez baitituzte plastikozko poltsak banatuko.  Aurreneko egunetan, oihalezko poltsa batzuk banatuko dituzte, Kontseiluak emandakoak, eta gero zorroak eta bestelakoak paperezkoak izango dira. Izan ere, dendan ezin izango dituzte plastikozkoak erabili, frutak-eta hautatzeko eskularruak baino ez dira izango material horretakoak. Elikagai soberakinei dagokienez, sustatzaileek ziurtatu dute edukiontzi marroira botako dituztela.

baratze

“Nekazaria beti izan da azkena; bada, proiektu honek balio du erakusteko badagoela beste bide bat”

Garaian garaiko barazkiak ekoitzi eta kontsumitzaileei zuzenean saltzen dizkie Oiartzungo Elika Kooperatibak, besteak beste Oarsoaldeko Laboren. Baserri munduaren gainbeherak eragindako kezkari erantzuteko asmoz sortua, ekonomia eraldatzailea eta elikadura burujabetza ditu ardatz. Oiartzungo Makutso eremuan duten baratzean aritzen da Joritz Mitxelena oiartzuarra, Alazne Intziarte herrikidearekin batera, zeina urtarriletik praktikak egiten ari den.

Proiektu gaztea da Elika, 2016. urtearen amaieran hasi baitziren baratzean lanean. Berez, orain dela hiru urte sortu zuten Oiartzungo hamar lagunek, baserriak herrian galdutako garrantziari erantzun nahian. Intziartek gogora ekarri du elkartearen aurkezpenean emandako datu bat: “1930ean, herritarren % 50 bizi ziren nekazaritzatik; gaur egun, ordea, % 1 eta % 2 artean besterik ez”. Kezka horrek bultzatuta, “ekonomia eraldatzailearen eta elikadura burujabetzaren inguruan proiektu bat garatu nahi zuten, eta erabaki zuten baratzea aukera ona zela hori bideratzeko”.
Lehenengo sektorea biziberritzeko Oiartzungo Udalaren Lurbizi egitasmoari esker (Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundua) eskuratu zuten baratzea: jarduera profesionaleko bi baratze eremu esleitzeko lehiaketa egin zuen Behemendik, Udalak alokairuan zituen bi lursail baliatuta. Proiektua aurkeztu, eta lur sail bat esleitu zieten. Halaxe eskuratu zuten 9.600 metro koadroko lursaila. Negutegietan eta aire zabalean lantzen dituzte sasoian sasoiko produktuak, guztiak ere nekazaritza ekologikoaren irizpideei jarraiki.
Landutakoa zuzenean saltzen dute, ia bitartekorik gabe. Hori baita, halaber, Elikaren helburua. Mitxelenak dioenez, “nekazaritza, orain arte, beti egon da esplotatuta: prezioak eta ezartzerakoan, nekazaria beti izan da azkena; bada, proiektu honek balio du erakusteko badagoela beste bide bat, eta, bidenabar, herriko bi pertsonari lana emateko”. Soldata eta baldintza duinekin, jakina. Mitxelena eta Intziarte ortuan baino ez dira aritzen. Kudeaketa eta izapide kontuak kooperatibako gainontzeko kideek egiten dituzte, “musu-truk. Eskerrak, bestela ez dakit eta nola egingo genukeen”.
Gaur egun, hainbat lekutan saltzen dituzte euren barazkiak. Batetik, kontsumo talde batean: “Astero-astero, 33 pertsona edo familiari ematen diegu saskia”. Bestalde, Laboren ere salgai ipintzen dituzte, baita Oiartzungo Oriargi dendan eta Errenteriako Uztargi haur-eskolan ere. Baratzea Arditurriko bidegorriaren alboan dagoenez, “hementxe bertan ere saltzen ditugu”.
Laboreri dagokionez, Mitxelenak aitortzen duenez “zortea izan dugu, bi proiektuak ia batera hasi direlako. Hasieratik genuen elkarrekin lan egiteko gogoa. Gainera, helburuak antzekoak dira”. Gustura daude, “haiek erraztasun guztiak jartzen dizkigutelako. Ez dugu inolako presiorik sumatzen: hainbeste produktu ekoitzi beharra, prezio jakinetan...”..
Printzipioz, “bi soldata duin” ateratzeko lain ematen du baratzeak. “Horixe da helburua. Kooperatibak berak argi du: honek funtzionatuko ez balu, langileei ezingo balitzaie soldata duina bermatu, ezingo litzateke aurrera jarraitu” zehaztu du Mitxelenak. Oraindik ez dute helburua lortu, baratzeari tamaina hartzen ari zaizkiolako: “Izan dira hil onak, baina udako eta neguko sasoiak orekatzen ikasi behar dugu”. Halere, Mitxelenak ez du zalantzarik: “Hasieran, duda handiak nituen, baina orain arteko esperientzia ikusita, nik uste baietz, lortuko dugula”. Bidea ez da erraza, ordea. Intziarteren hitzetan, “norbanako batek horrelako zerbait martxan jartzea oso zaila da, hasieran inbertsio handia egin behar delako. Zorionez, kooperatibak jarri du diru hori, eta diru-laguntzak ere izan ditugu”.
Urtebete pasatxo daramate baratzean, eta oraindik “ikasten ari gara” dio Intziartek. Bera kalekumea da, eta, Fraisoron egindako ikastaro batez gain, bestelako esperientziarik ez du. Mitxelena baserrikoa da, eta etxeko soroan arituta “zer edo zer banekien. Baina hau oso desberdina da. Etxeko baratze txikitik hona etorrita... pentsatzen nuen ideia baneukala, baina ikusi dut hau beste gauza bat dela”. Ilusioz ari dira, gogotsu, “pixkanaka hobetzen”. Mitxelenak dioen moduan, “orain arte, baratzeak kontrolatzen gintuen gu; orain, baina, geu nagusitzen ari gara”.
Zailtasunak zailtasun, pozik ari dira lanean. Kooperatibaren helburuekin bat egiteak, gainera, are gehiago asetzen ditu. Intziarteren hitzetan, “sinesten duzun proiektu batean lan egiteak, zure ustez jorratu beharreko bidean ekiteak, asko betetzen du”.