Zuek ere ahobizi eta belarriprest?

ikamika

Azaroaren 3tik abenduaren 3ra arte, Euskararen Egunera arte, euskaraz bizitzeko konpromisoa azaldu zuten Aiaraldeko herritarrek, 30 egun euskaraz Aiaraldean dinamikaren barnean. Lau astez, astebeteko txandatan banatuta, eskualde osoko herritarrek hizkuntz ohiturak aldatzeko konpromisoa gauzatu zuten, ahobizi edota belarriprest bilakatuta: lehenek, modu aktiboan jokatuz, ulertzen duten guztiei euskaraz eginez; bigarrenek, euskaraz hitz egiteko gaitasunik izan ez arren, eurekin halaxe aritzeko gonbita eginez. Eskualdeko euskal hiztunak aktibatzea izan zuten xede, kale erabilera handitzeko. Parte hartu zenuten egitasmoan? Egun horietan, nabaritu zenuten aldaketarik euskararen erabileran? Baliagarria izan zen? Orozkoko AEK euskaltegiko ikasleak


1. Pablo
Nik ez nuen parte hartu, aste hartan lanpeturik ibili nintzelako, baina entzun dut oso interesgarria izan zela, eta kalean jende askok zeraman txapa soinean. Ekintza hauek baliagarriak dira, batez ere ez bazara oso lotsatia.


2. Luis
Oso ideia ona izan zen. Kiroldegian, adibidez, guraso taldean lehen ez genuen euskaraz hitz egiten; orain, ordea, bai. Gainera, ohitura hartu berriarekin jarraitzeko asmoa daukagu.
3. Marian

Nik parte hartu nuen. Egun haietan nabaritu nuen jende gehiagok hitz egiten zuela euskaraz. Ondo egon da; batez ere, pertsona batekin hitz egiten dugunean askotan ez dugulako jakiten euskaraz dakien, eta lotsagatik ez dugu egiten. Baina hemen pertsona batek ahobizi edo belarriprest txapa baldin bazeraman, banekien berarekin euskaraz hitz egin ahal nuela.


4. Olatz
Egun horietan, euskara erabiltzen saiatu nintzen. Interesgarriak dira horrelako ekimenak, kalean lagunekin eta beste jende batekin euskaraz hitz egiten ohitzeko.


5. Alberto
Nik ez dut parte hartu, baina ikusi nuen egun horietan batzuek belarriprest eta ahobizi txapak zeramatzatela, eta saiatzen zirela euskaraz hitz egiten. Ekintza hauek baliagarriak direla uste dut, baina poliki-poliki egin behar da bidea.

6. Inma
Ni partaide izan nintzen eta euskaraz bizitzen saiatu nintzen. Orozkoko jendeak ere, egun horietan, kalean, tabernetan eta dendetan euskaraz gehiagotan hitz egiten zuela nabaritu zen. Horregatik, oso baliagarria izan zela iruditzen zait.


7. Txaro
Ni ahobizi izan nintzen. Gustatu zait dinamika. Adibidez, lehen euskaraz inoiz hitz egiten ez nuen jende askorekin euskaraz egin nuen, kanpainari esker. Dena den, zailena izango da konpromisoari urte osoan eustea, horretarako oso kontzientziatuta egon behar da eta.