Kontzejuak, ispiluaren aurrean

kontzejua

Hauteskundeen ostean, abian da Arabako  herri batzarretan parte-hartzea sustatzeko erronka

Kontzejuek oinarrizko zerbitzuak ematen dizkiete herritarrei: ura, argia, saneamendua eta negua igarotzeko egurra, besteak beste. Halaber, auzolanak antolatzen dituzte, mendiak eta bideak garbitzeko edo herriko azpiegiturak eta ondareak mantentzeko, adibidez. Horregatik, herri txikietan erakunde garrantzitsuak dira, nahiz eta, Arabako makrozefalia dela medio (Gasteizen bizi dira herrialdeko biztanleen % 70 baino gehiago), erakunde ezezagunak izan. Berriki kontzejuetan egindako hauteskundeetan, non parte-hartzea txikia izan den, % 39koa, agerian geratu dira herrien arteko desoreka eta batzarretan dauden tentsioak. Estitxu Ugarte.

Ezjakintasuna dago parte-hartze txikiaren atzean. Hala uste dute, bederen, Arabako Foru Aldundiko eledunek eta Arabako Kontzeju Elkarteko (AKE) arduradunek.  Aldundiko Lurralde Orekako zuzendari Iñaki Guillernaren esanetan, parte-hartzearen gaineko datuek sentsazio "gazi-gozoa" eragiten dute: "Bostehun biztanle baino gehiago dituzten herrietan, zenbakiak oso txarrak izan dira, partaidetza eskasa egon delako. Dulantzin, adibidez, bi mila biztanletik 43k baino ez dute bozkatu". Guillernaren aburuz, arazo bat dago, eta hausnarketa sakona egiteko garaia da.
Ildo beretik, Carlos Marin AKEko kideak bi arrazoi eman ditu parte-hartzearen kopuru txikiak azaltzeko orduan. Alde batetik, aipatu du informazio eza dagoela kontzejuen lanaren inguruan, eta biztanle iritsi berriei ez zaiela behar bezala azaldu zer-nolako garrantzia duten erakunde hauek. Beste alde batetik, azpimarratu du kontzejuetako hauteskundeek ez dutela beste batzuek duten "morboa".
Izan ere, herrietako hauteskundeetan ez ohi dago lehia handirik, sarritan aurretik adosten baita zeinek beteko duen errejidore lana. Bestela, tokiko errejidorea izateko, hautesle erroldan dagoen edozein pertsona aurkez daiteke, bere izenean. Hautagairik badago, hautagaien artean bozkatu beharra dago, nahitaez. Hautagairik ez badago, aldiz, hautesle erroldan dagoen edozein pertsonari eman ahal zaio botoa.
Ondoren, herriko batzarrak osatuko dira. Kontzeju irekia edo kontzeju itxia izan daiteke. Itxietan, administrazio batzarra da gobernu eta administrazio organoa. Irekietan, berriz, bizilagunen batzarra da gobernu organoa; eta administrazio batzarra, administrazio organoa.
Herri txikietan, parte-hartze handia
Araban, 338 kontzeju daude, eta 30.000 arabar zeuden deituta azaroaren 26an botoa ematera. Parte-hartzea % 38,8koa izan zen, orain dela lau urteko hauteskundeetakoarekin alderatuta bi puntu eskas handiagoa. Datuetan ikusi da, gainera, alde handia dagoela herri handietako eta txikietako zenbatekoen artean. Esate baterako, kontzejua duen Arabako herririk populatuenean, Dulantzin (2.000 biztanle), partaidetza % 2koa izan zen. 200 hautesle baino gutxiago dituzten herrietan, berriz, batez beste % 46koa; ehun biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, % 54koa; eta 50 biztanle baino gutxiago dituzten tokietan, % 57koa.
Datuek agerian utzi dute, esan bezala, kontzejuetan tentsio handiak izaten direla. Arabako jatorrizko erakundeak, XII. mendetik dagoenak, bere funtzionamendua egungo garaira egokitu badu ere, sarritan ez da erraza izaten landa eremuko beharrak eta pentsamoldeak hiritik etortzen diren bizilagunen eskaerekin edo gazteen beharrekin bat egitea. Horrez gain, herri askotan Udalak hartu ditu bere gain Kontzejuaren berezko funtzioak, auzokideen batzarrak baztertuta. Hala, egungo biztanleek ez diote garrantzi berezirik ematen herriko batzarrak iraunarazteari.
Emakumeak eta gazteak dira gakoa
Foru Aldundiak eta Kontzeju Elkarteak ahalegin berezia egin dute aurten emakumeen parte-hartzea areagotzeko; zoritxarrez, baina, oraindik ere arrakala handia dago emakumeen eta gizonen partaidetzaren artean Arabako erakunde txikienetan. 338 kontzejuetan, 68 emakume baino ez dituzte aukeratu errejidore izateko, % 20. Gainera, 150 kontzejutan gizonak bakarrik izango dira datozen lau urteotan. Orain dela lau urteko hauteskundeetako emaitzarekin alderatuta, emakumeen ordezkaritza ez da nabarmen igo. 2013. urtean, adibidez, emakumeen presentzia soilik 176 kontzejutan bermatu zen; aurtengo datuen arabera, herrialdeko 183 kontzejutan baino ez da izango emakume bat gutxienez.
Kostata lortu dute herrietako emakumeek kontzejuetan sartzea. Lehen, herri batzarretan, familia bakoitzak ordezkari bat izaten zuen, familiaburua, gizonak beti. Orduan, alargunek soilik zuten parte hartzeko eskubidea, semerik ez bazuten edo etxean beste gizon bat ez bazegoen; bestela, gizonaren mende zeuden. Arauak aldatu arren, inertzia asko bizirik daude.
Emakumeen parte-hartzearekin batera, gazteengana hurbiltzea eta haien errealitatera egokitzea dira herri batzarrek bizirik irauteko gakoa. "Belaunaldien arteko erreleboa da koska; izan ere, gazteek oso ikuspuntu aberatsa dute hainbat gairen inguruan, harremanak egiteko beste modu bat dute… beraz, administrazio batzarretan gaudenok gazteak erakarri behar ditugu, eta haien beharretara egokitu behar dugu. Herriko kontzejuak gazteen batzordeak bezalakoak direla erakutsi behar diegu, zuzeneko demokraziaren gune nagusiak, alegia" azpimarratu du Miren Fernandez de Landa Gasteizko Kontzeju Elkarteko lehendakariak.