Orue: emakumeen kartzela azaleratzen

orue

“Euskal Herriko jendeaz eta paisaiaz 80ko hamarkadan maitemindu nintzen, lehen aldiz etorri nintzenean. Gustatzen zait hemengo jendeak nola antolatzen dituen gauzak, nola borrokatzen den, zenbat elkarte dauden... Jendeak serio hartzen ditu gauzak, baina ez Alemanian bezainbeste, eta hori gustuko dut”. M. Egimendi.

Hori kontatu diguna, euskaraz kontatu ere, Andrea Heuschmid alemaniarra da. 2001ean erabaki zuten berak eta Klaus Armbruster bikotekideak Bilbon bizitzen jartzea. Heuschmid oroimen historikoaren inguruko hainbat taldetan sartu zen hona iritsitakoan: Ahaztuak 1936-1977, Lau Haizetara Gogoan... “Ezin nuen ulertu zergatik hasi ziren lanean hain berandu, Franco hil eta hainbeste urtera”. Baskale elkarte soziokulturala sortu zuten 2010ean, beste alemaniar eta euskaldun batzuekin batera. Hala, memoria historikoaren ikuspegitik antolatutako bidaia egin zuten Alemaniara 2011n, eta hortik etorri zen Legion Condor-ek eragindako Gernikaren suntsipena erakusketa ibiltaria, Euskal Herriko 30 bat lekutan egon zena: “Ia beti agertzen zen norbait Gerra Zibilari buruzko istorioren bat kontatzen” dio Heuschmidek. Halaxe entzun zuen Bilboko Santutxu auzoko Orue txaletari buruzko lehen aipamena 2014an, Bilboko Txurdinaga AEK euskaltegian: emakume batek bota zuen bere izekoa Orue txaletean preso egon zela.
Hari horretatik tiraka irakurri zituen Tomasa Cuevasen liburuak: “Frankismo garaian hainbat kartzelatan berarekin  preso egondako emakumeen testigantzak jasotzen hasi zen 70eko hamarkadan, estatu osoan zehar, eta Orue ere agertzen da”. Heuschmidek ikertzen jarraitzea erabaki zuen, Santutxuko biztanleen artean galdezka, “gero eurei itzultzeko ikerketaren emaitza, auzoaren memoria delako”.
Testigantzak
Ez zen erraza izan, inork ez baitzuen kartzela hura gogoratzen. Azkenean, norbaitek Monica Calvoz hitz egin zion, emakumeen kartzelei buruzko tesia egiten ari den ikertzaile, antropologo eta soziologoaz. Duela urtebete jarri zen harremanetan harekin eta otsailean hitz egin zuen auzoko Berton aldizkariko zuzendari Lur Mallearekin: “Aldizkarian deialdia egitea bururatu zitzaion, ea norbaitek zerbait zekien Orueri buruz”. Horri esker iritsi zen lehenengo testigantza, Maria Jesusena: eraikinaren parean bizi izan zen txikitan (ordurako Santa Marta klinika zen) eta marraztu egin zuen. Marrazki hori eta Hektor Ortega historialariak lortutako argazkia dira, oraingoz, eraikinaren irudi ezagunak, ez da besterik topatu. Maria Jesusen bitartez iritsi zitzaien geroago Rosaren testigantza. Rosak 4 urte zituen kalean atxilotu zutenean, amarekin, izebarekin eta amamarekin batera. Ez du gogoratzen, baina uste du polizia-etxera eraman zituztela eta gau bat-edo eman zutela bertan. Amama eta iloba txikia askatu, eta ahizpa biak Oruen sartu zituzten. Gogoratzen du, hori bai, ama eta izekoa bisitatzera joaten zirenean topatzen zutela “gela handi bat emakumez beteta, lekurik gabe, denak lurrean etzanda”. Ume baten oroitzapena da, ezin da ziurtzat jo, baina bat dator Tomasa Cuevasek jasotako hainbat testigantzarekin.
Bestalde, Heuschmidek ia kasualitatez egin zuen topo Carmenekin. Pasa den udan ezagutu zuen, Bilboko Udalak Gerra Zibilaren inguruan antolatutako bisita gidatu batean. Carmen alabarekin joan zen, eta Heuschmidek berehala erreparatu zion haren erreakzioari gidariak Orue aipatu zuenean. Bisita amaitu ondoren, hurbildu eta ikerketaren berri eman zien ama-alabei. Gaur egun 90 urte dituen Carmenek Calvori eta Heuschmidi kontatutakoaren arabera, ondo gogoratzen du, bera 9 urte inguruko umea zenean, izekoa Oruen eduki zutela preso. Errepublikako maistra nazionala zen, eta Madrilen zuen lanpostua. Askotan etortzen omen zen Bilbora, familiarengana. Torturatu egin zuten. Carmenek gogoan du nola zituen aztarnak hanketan eta atzamarretan. Bizitza osoan saiatu omen zen bere lanpostua berreskuratzen, baina alferrik.
Maria G. Gorosarri kazetaria ere Berton aldizkariarekin jarri zen harremanetan. Birramama izan zuen preso Oruen, eta haren historiari jarraiki egin zuen, duela 10 urte, Rosario Dinamitera dokumentala, Oruen preso egon zen Rosario Sánchez madrildarrari elkarrizketa eginda.
Poliki-poliki, ikerketak aurrera darrai: iazko azaroan, Orue txaletari buruzko hitzaldiak antolatu zituen Baskalek. Arantza Rojas gidoigileak Oruez idatzitako Las semillas del roble (haritzaren haziak) antzezlanaren aurrerapena ere eskaini zuten (lan osoa udaberrian estreinatzea espero dute). Monica Calvok ere jarraitzen du bere tesia prestatzen... Eta, batik bat, aukera duten guztietan, taldekideek segitzen dute eskatzen Orue kartzelari buruzko edozer jakin dezakeenari eurekin harremanetan jartzeko, memoria historikoaren mesedetan.

Espetxe ahantzia

Orue txaleta Santutxuko metroaren sarreraren ondoan zegoen, orain eraikin altu piloa dagoen tokian, Zabalbide, Julian Bolivar eta Elorduy kaleen artean.XX. mendearen 30eko hamarkadan, lur eremu zabalak zeuden han, eta txaletak zazpi mila metro koadroko orubea zuen, txakolina ekoizteko mahasti eta guzti. Etxea Orue Jauregi familiarena zen, baina, gerra hasi zenean, bertan hiru senide eta hiru zerbitzari besterik ez zen bizi. Haiek ihes egin ondoren, faxistek okupatu eta emakumeentzako kartzela bihurtu zutela uste da. Aurkitu den lehenengo espedientea 1937ko azarokoa denez, uste da lauzpabost urtez erabili zutela kartzela gisa, gutxienez 1942ko otsailera arte.
Datu gutxi
Orue, Larrinaga espetxe probintzialaren kontrolpean, aldi baterako presondegia izan zen askorentzat, zigor luzeak zituztenak handik Saturraran edo Amorebietako kartzeletara bidali zituztelako 1938tik aurrera. Bizkaitarrak ez ezik, Espainiako estatuko emakume asko ere igaro ziren bertatik, baita Durangoko espetxea itxitakoan eraman zituztenak ere. Presoen ia % 80k ez zuten lanbide profesionalik (“nekazari” lanbidea aitortu zitzaien 1940ko errolda batean), baina alfabetatuta zeuden, bazekiten irakurtzen eta idazten. Halaber, baziren jostunak, saltzaileak, zerbitzariak... Prestakuntza-maila handiagoa zutenak (maistrak, mekanografoak, erizainak...) ez ziren % 3ra iritsi. Batzuek umeak ere bazituzten, baina ez dago jakiterik zenbat haur igaro ziren Oruetik: 1940ko abenduko erroldan, 13 aipatzen dira. Horiekin batera, 463 emakume, guztiak ere janari eta higiene baldintza eskasekin. Bertokoei senideek janari saskiak eramaten zizkieten ahal zutenean, baina kanpoko presoek ez zuten inolako babesik. Heriotza zigorra, biziarteko kartzela, 20 urte, 12... gutxienez sei hilabete eta egun bateko zigorra zuten Orueko presoek; epaituek behinik behin. Bertan egondako 9 emakume, gutxienez, fusilatu zituzten Derioko hilerrian.
Gerora, eraikin hura Santa Marta klinika izan zen. Kartzela ez bezala, auzotar askok gogoratzen dute klinika, ez zutelako 1967-1968 arte eraitsi, auzoa etxebizitzaz betetzen hasi zenean.