Portugaleteko Merkatua Elkarrekin bizi, gizartea berritu, auzoa biziberritu

merkatua

Ezkerraldearen bihotzean, badago euskararen arnasgune bat. Autogestionatua da, adin guztietako pertsonei eskaintzen dizkie jarduerak eta auzoko giroan erabat txertatuta dago. Halaber, herritarren onespenaz gain, Udalaren oniritzia ere badu. Ez da makala orain arte egindakoa. Gehiago ezagutu nahi? Bada, ongi etorri Portugaleteko Merkatura. Iban Lantxo.

Izenak dioen moduan, Merkatua hasieran horixe bera zen: herriko azoka tradizionala. Alde Zaharrean zegoen, garai hartako herritarren topagunerik garrantzitsuenean. Bizitza sozialaren erdigunea izanik, bertan gauzatzen zituzten portugaletetarrek arrantzale eta baserritarrekin egin beharreko salerosketak. Alabaina, azken 20 urteotan egoera zeharo aldatu da. Ezkerraldean ezarritako aisialdi eta merkataritza politikek, kontsumoan eta merkataritza gune handietan oinarrituta, hiriguneak mugitu dituzte. Portugalete herri malkartsuan, gainera, aldaketa bereziki sinbolikoa izan da, Ibaizabalen ertzean zeuden erdiguneak aldapan gora igo baitzituzten. Mintzaira bera ere aldatu zen: lehen, egunerokoak egiteko, herritarrak “jaitsi” egiten ziren; egun, ordea, “igo” egiten dira. Garai berrian, antzinako nagusitasuna galdua zuen Alde Zaharrak. Merkatuari dagokionez, hutsik geratu zen, erabilerarik gabe.
Zer egin, beraz, eraikin zaharrekin? Udalak berak lugorri utzia zuen, Hirigintza Plan berria abian jarri nahi izan zuenean. Alde Zaharreko Auzo Elkarteak, haatik, bazituen hainbat ideia. Haren hitzetan, espazio fisiko hori ezin hobea zen “herriari kultur eta gizarte eskaintza egiteko; azken buruan, auzoko giroa berpizteko”. Hala, proiektu zehatz bat aurkeztu zion Udalari. Erraz irudika ditzakegu hortik aurrera etorri zirenak, zer-nolako negoziazioak egon ziren. Azkenean, orain hiru urte, bi eragileek akordioa egin zuten. Elkarteak uste du erabilera-hitzarmena erdietsi zuela “Udala presiopean zegoelako; izan ere, Hirigintza Planeko ildo askotxok oso harrera txarra izan zuten herritarren artean”.
Merkatuaren Biltzarra
Hitzarmena sinatu arteko bidea nahiko traketsa izan zen, eta, ideia sendotzeko, Auzo Elkarteak bidelagunak behar zituen. Hortaz, eman beharreko lehenengo pausoa Merkatua Kudeatzeko Elkartea sortzea zen, herri mugimenduetako kideen laguntzarekin.
Aipatu elkarteko partaide Asier Alcedok (Portugalete, 1996) ongi ezagutzen ditu garai hartan egondako tirabirak: “Udalak hasieran proposatu zigun plana xumeegia zen: soilik asteburuetan irekitzea, umeentzako parketxo txiki bat jartzea... ezer gutxi gehiago. Gure planaren asmoa, ordea, askoz handiagoa zen; gainera, aurreikusita geneuzkan Udalak begi onez ikusten ez zituen egitasmoak”. Alcedo hitzaldiei buruz ari da, adibide bat jartzearren. “Politikarik ez zutela nahi argi utzi zuten... baina zer da auzogintza, politika ez bada?”.
Dena dela, orain arte ez omen du traba askorik jarri. Alcedoren aburuz, “alde batetik, arazorik ematen ez dugulako, eta, bestetik, egiten dugunak balio erantsia ematen diolako Alde Zaharrari”. Nahiko autonomoak dira, beraz. “Asegurua geuk ordaindu behar dugu, eta garbiketaz eta argiaz Udala kargutzen da. Bestalde, herriko eragileetako bat den heinean, lekua behar duenean lasai asko erabil dezake eraikina; urteroko Folklore Azoka egiteko, adibidez”.
Ekintzak eta erronkak
Alcedok argi dauka: “Egia da Udalari egiten dugunaren kontu eman behar diogula, baina gure konpromisoa ez da harekin, auzoarekin baizik”. Herriarentzat eta herriak sortua da, baina ez era despotikoan; izan ere, portugaletetarren parte hartzea ezinbestekoa da proiektua aurrera eramateko. “Guk eskaintza zehatza egin arren, menua askoz osatuagoa egongo da elkarlanean oinarritzen bada. Beti egon behar dugu besteen iradokizunak entzuteko prest”. Filosofia hori oinarri, aurrera atera izan diren beste proiektu batzuen ordezkariekin bildu ziren (Gernikako Astrakoekin, kasurako), eta bilera haietatik hainbat ideia interesgarri ekarri zituzten.
Merkatua berriro ireki zenetik, bi urte igaro dira. Ez da hutsala orain arte lortutakoa: euskaraz modu naturalean funtzionatzeaz gain, ekintza ugari egin dituzte, eta egitasmo berri askotxo nola eratu diren ikusi dute (informazio gehiago eta adibideak nabarmendutako koadroan).
Herrian uzten ari den arrastoa gero eta sakonagoa da, eta nabaria da tresna honi esker herriak autogestionatutako kultur eskaintzak egundoko aurrerapausoa eman duela. “Aukera ikaragarria da. Herritar piloa etorri zaigu espazio eske, eta horrek izugarri motibatzen gaitu” dio Alcedok. “Halere, gure kezkarik handiena ere horixe bera da, hau da,  askotan kudeatzaile soilak garen sentsazioa dugu, eta sortzaile ere izan nahiko genuke. Gainera, ez da hori guk nahi dugun partaidetza mota, baizik eta proiektuaren gaineko interesa duen edonor barruan sentitzea eta modu aktiboan parte hartzea. Bide horretan, erronka polita daukagu oraindik, zalantza barik”. Harago joan nahi dute, alegia. “Ezin garelako inoiz konformatu. Proiektua indartu beharrean gaude; egunen batean lekurik gabe geratzen bagara, honek arriskurik gabe biziraun dezan”.
Oraingoz, ideiak ez dira falta Merkatua Kudeatzeko Elkartean. “Oraintxe, buru-belarri gabiltza Alternatiben Herria-ren moduko ekimenen bat sortu nahian. Badakigu Portugaleten herri mugimendu handi eta zabala dagoela, eta oso ongi egongo litzateke denok elkar ezagutzea, sinergiak sortze aldera”. Hori guztia ahaztu gabe, jakina, Portugaleteko agendan jada ongi finkatuta dauden urteroko data bereziak (Solstizio Gaua, Alde Zaharreko Astea, Musika Azoka, etab.) eta asteroko ekintzak (Txikigunea, tailerrak, hitzaldiak). Hau da, ametsa da Merkatua topagune erraldoia izatea, antzina bezala. Ez baitute ahazten hasiera-hasieratik horixe bera izan dela eraikina biziberritzearen helburua: elkarrekin bizitzea gizarte berri batean.


Merkatuan biltzen direnak

Euskararen erabileraz eta transmisioaz hausnartzeko eta horretan eragiteko sortutako (H)arituz taldea.
Udako Solstizio Gaua, erabat errotua Alde Zaharrean.
Pikotos Elkarteak urtean behin antolatzen duen +++Musika Azoka.
Garagardo Azoka. Milaka garagardozale elkartzen dira, udazkenero, Portugaleteko kuadrillek antolatzen duten “BeerNikolas” Garagardo Azokan.
Siriako errefuxiatuentzako materialen bilketan lortutako arrakastak haien aldeko lana handitzeko motibazioa areagotu zuen.
Mugimendu Feminista indartu egin da, eta Merkatuari bere kutsua ekarri dio, prestakuntza eta tailerrak eskainita. Batukada feminista taldea ere sortu dute: Lurrikara.
Marruka herri proiektu komunikatiboak Portugaleteko herri mugimenduen eta auzoetako ekimenen inguruko informazioa eskaintzen du.
Gau-giroa: kontzertuak, hilean behin.
Txikigunea: umeek jolasteko gune autogestionatua, jostailu sexistarik eta belikorik gabea.