Luis Ortiz Alfau:frankismoaren esklabo baten indarra

ander

“Fusilarekin bultzaka, segi aurrera esan zidaten. Horixe izan zen nire lan kontratua” dio 101 urteko Luis Ortiz Alfauk. Bilbotarra da, errepublikanoa, gerrako galtzailea, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat errepide eta gotorleku eraiki zituzten esklaboetako bat. Ander Izagirre | @anderiza

Gerra Zibila amaitu ostean, agintari frankistak erasoen beldur ziren: Frantzian errefuxiatutako gerrillari errepublikanoenak eta, ondoren, Bigarren Mundu Gerrako aliatuenak. Horregatik, 1939ko ekainean, gotorlekuak, lubakiak, bunkerrak eta osteak azkar mugitzeko errepideak egiten hasi ziren, Pirinioetan. Eskulan merkea eta ugaria zuten: gerrako presoak. Batzuk fusilatu egin zituzten, beste batzuk espetxeratu, beste batzuk askatu, eta, horiez gain, bazituzten beste ehun mila preso kontzentrazio-esparruetan: ez zeukaten salaketa zehatzik haien kontra, ez zieten deliturik leporatu, ez zituzten epaitu. Atal berezi batean sailkatu zituzten: desafectos al régimen, alegia, erregimenaren kontrakoak. Ondoren, behartutako lanak egitera bidali zituzten. Mendiola eta Beaumont historialarien arabera, 15.000 esklabo inguru erabili zituzten frankistek Nafarroan eta Gipuzkoan lanak egiteko.
“Nire fitxan horixe jartzen zuen: Desafecto. Hijo de republicano”. Luis Ortiz Alfauk Izquierda Republicana alderdiaren milizian eman zuen izena, Bilbon, gerraren hasieran, baina agintari frankistek ez zuten horren berri. Errepublikano baten semea zen, eta hori nahikoa izan zuten Soldadu Langileen 38. Diziplina Batailoira bidaltzeko.
Gerra Zibileko porrot odoltsuenetan izan zen Luis (Gernikako bonbardaketan, El Escudoko borrokan eta Kataluniatik Frantziarako ihesaldian, besteak beste). Gurs, Deustu eta Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruetan preso sartu zuten, eta, 1940ko uztailean, behartutako lanak egitera bidali zuten. Bi urte eta erdi eman zituen frankismoaren esklabo.
Pirinioetan esklabo
Bostehun edo seiehun gizon ziren 38. batailoian. Esan bezala, Pirinioetara bidali zituzten, hasieran trenez eta gero oinez, Igari, Bidankoze eta Erronkari arteko errepidea egitera. Kanpadendetan bizi ziren, basoan, negu latzak jasateko arropa eskasez jantzita eta oinak traputan bilduta, abarkarik ere ez zeukatelako. Kolpeka esnatzen zituzten, gosaltzeko infusio marroi bat ematen zieten eta lanera bidaltzen zituzten, mendian harkaitzak pikatzera eta lurra orgatan garraiatzera. Eguerdiko atsedenaldian, salda pixka bat ematen zieten, patata puska eta txitxirio galduren batekin. Gosea aipatzen zuten gehien orduko presoek: muskerrak ehizatu eta gordinik jaten zituzten; inguruko baserritarrek zerriei botatzen zizkieten patata azalak lapurtzen zituzten. Ahulduta, lehertuta, pneumoniak jota hil ziren asko eta asko. Mendiolak eta Beaumontek diotenez, behartutako 53 langile hil ziren Iruñeko ospitalean, 1940 eta 1942 artean, eta haiei mendian bertan hildakoak eta fusilatutakoak gehitu behar zaizkie. Soldaduek jipoiak ematen zizkieten, edota gauez lanera bidaltzen zituzten.
Horrela aritu ziren egun bat eta beste bat eta beste bat, eta beste bat eta beste bat eta beste hainbeste. “Inoiz ez genuen jakin zenbat denbora igaroko genuen han. Ez genekien asteak izango ziren, edo hilak, edo bizitza osoa” dio Luisek.
Ustelkeria eta krudelkeria
Luis gizon txikia da, metro eta hirurogei zentimetro ingurukoa; txapela buruan dabil beti; betaurrekoen atzean bere begi argiak behartzen ditu, hobeto ikusteko; eta eskua belarrira eramaten du, hobeto entzuteko. Energia handiz mugitzen da, batetik bestera, txori baten moduan.
Erronkarin dago berriz, hemen preso egon zenetik 76 urte joan direnean.
Urtero etortzen da Memoriaren Bideak elkarteak Igariko gainean antolatzen duen ekitaldira. Errepide hau egin zuten esklaboak omentzen dituzte; gaurkoan, Luisek mikrofonoa hartu du amaieran, eta barkamena eskatu behar duela esan die entzuleei: “Bai, barkamena eskatu behar diet hainbat biktimari. Badakizue goseak jota egon zirela hemen, baina ez duzue jakingo nire erruz gose hori handiagoa izan zela”.
Anuncio Roldan tenientearen azpijokoak babestu behar izan zituela kontatu du Luisek. Teniente astakirten hark esklaboen janaria erosteko dirua kudeatu behar zuen, baina lan hori Luisen esku utzi zuen, gerra aurretik Bilboko denda baten administrazioaz arduratu zelako eta bazekielako kontuak eta paperak prestatzen. “Nik, adibidez, berrogeita hamar kilo haragi erosi genituela idazten nuen Armadaren txostenean. Baina hogeita hamar besterik ez genuen erosten, eta sobera geratzen zen dirua tenientearen poltsikora joaten zen. Diru horrekin, Iruñera joatea gustatzen zitzaion, parrandara, putazale galanta zen eta. Bien bitartean, presoak elurretan oinutsik eta goseak akabatzen ari ziren”.
Horregatik eskatu du Luisek barkamena. Jendeak ezetz diotso, berak ez zuela errurik izan, behartutako beste preso bat izan zela. “Tira, hori egia da. Jendea erraz fusilatzen zuten, e? Baina iruzur hura salatu izan banu... auskalo. Jipoiak edozein huskeriagatik ematen zituzten, edo lana behar bezala betetzen ez zuenari hamar kiloko zaku bat zintzilikatzen zioten lepotik egun osorako”.
Frankismoko beste esklabo askok basakeriaren gaineko testigantzak ekarri dizkigute;  Luisen kontakizuna, horrez gain, baliagarria da esklabisten ustelkeria barrutik ezagutzeko. Ofizialen etxe berean bizi zen, Bidankozen bertan, eta ondoko gelan merkatu beltzean saltzeko elikagaiak pilatzen zituztela kontatu du: sardina latak, fruta almibarretan, kontserbak... Militarrek Erronkariko herritarrei saltzen zizkieten ustez presoentzat ziren jaki horiek. Presoen senideek bidaltzen zituzten paketeak ere lapurtzen zituzten, gazta edo urdaiazpiko zatiren bat bazuten.
Lapurreta haiek ustelkeria eta krudelkeria uztartzen zituen sistema baten barnean ulertu behar dira. Etsai politikoak esplotatuz, Estatu frankistak 780 milioi euroko irabaziak erdietsi zituela kalkulatu zuen Isaias Lafuente kazetariak (presoek errepideak egin zituztelako, hala nola aireportuak, trenbideak, urtegiak edota kanalak). Bide batez, esklabotasuna erabili zuten gerrako galtzaileak zigortzeko eta haiengan “obedientziaren ohitura sakona” errotzeko, edo saiatzeko, behintzat.
Felix Padin anarkista esklabo egon zen Erronkarin. Urtero etortzen zen omenaldietara, 98 urterekin hil zen arte. Hauxe esan zien behin entzuleei: “Gosearen eta nekearen bidez umiliatu nahi gintuzten, morala janda, duintasuna kenduta. Baina ez zuten lortu. Gauez, presook elkartu egiten ginen, elkar adoretzeko. Nik aurrera egin nuen, nire moduan beste askok ere bai,  eta ez ziguten duintasuna kendu, ezta ahotsa ere. Gaur arte, zutik iraun dugu”.
Esklabo ohi hauek gaur arte eutsi diote memoriaren gar ahulari. Orain, memoria historikoaren hedapenari esker, esklabo zaharrak berpiztu egin dira. Luisek oso argi dauka. Frankismoan, lanpostu bat lortzeko, dirua eman behar izan zion, ezkutuan, funtzionario bati, bere fitxa politikoa ezaba zezan; gero, berrogei urte isilik eman zituen, gerraz, kontzentrazio-esparruez eta esklabotzaz ezer esateko beldurrez, garaileen diskurtsoak inguratuta. 80 urterekin, etsita bizi zen, deprimituta, emazteak Alzheimer gaitz gogor eta oso luzea izan zuelako; baina 87 urte bete zituenean, Luis gutunak bidaltzen hasi zen egunkarietara, bere bizitza kontatzeko. Historialariak eta memoria elkarteak berarekin harremanetan jarri ziren, Gurseko eta Erronkariko omenaldietan parte hartu zuen, 100 urterekin Aranzadi elkarteko ikertzaileekin joaten zen mendietara, Gerra Zibilaren garaiko hobietatik hezurdurak ateratzen zituztenean.
“Ni hartzak bezala egon naiz, denbora luzez hibernatzen. Badakizu hartzek, esnatzen direnean, gose handia izaten dutela, ezta? Bada, nik berdin.  Neu naiz garai hartatik bizirik gelditzen den azkena, edo azkenetako bat, eta testigantza eman behar dut. Azken hatsa eman arte, ez naiz isilduko”.