Joyceren ‘Dublindarrak’ antzerkira ekarri du Adosek

dublin

Literatura unibertsaleko erreferentziazko izenburua izan arren, ipuin liburu hau oso gutxitan eraman izan da antzerkira, baina orain Ados Teatroaren eskutik ikusteko aukera izango dugu, egokitu egin baitu. Zehazki, liburuko azken ipuina, The dead (Heriotza), du oinarri antzezlanak. XX. mendearen hasieran Dublinen kokaturiko istorioan, hainbat gai azaleratzen dira: gizakiaren hauskortasuna, maitasuna, bizitzaren iragankortasuna, heriotza... Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztuko dute, urtarrilaren 24an, 25ean eta 26an. Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak egokitutako testua Losadak berak zuzendu du. Aktore lanetan, berriz, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Lierni Fresnedo, Isidoro Fernandez, Naiara Arnedo, Asier Sota, Klara Mendizabal eta Aitor Beltran ariko dira. Arriagako estreinaldiaren ostean, Barakaldon ikusi ahal izango da, urtarrilaren 27an; 28an, Hondarribian; otsailaren 17an, Donostian; 22an, Iruñean; eta martxoaren 22an, Gasteizen.


zubiBAT BEHARREAN, BI. Zubi egitasmoaren 4. deialdira 16 lan aurkeztu dira, eta “honenbeste lan interesgarriren artean” aukeraketa zaila izaki, sustatzaileek erabaki dute bi antzezlani ematea laguntza: Benetan Be antzerki taldearen Inondik inora-ri eta Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak-i. “Gure filosofiarekin bat datozelako, proiektu osoak direlako, beren bideragarritasunagatik eta bereziki interesgarriak bezain erakargarriak iruditu zaizkigulako” hautatu dituzte lanok. Zubi egitasmoari esker, sortze prozesu osorako laguntza jasoko dute bi lanek: aholkularitza artistiko eta administratiboa, produkziorako dirua eta Zubi egitasmoa osatzen duten areto bakoitzeko emanaldi baten kontratazioa.  Euskal Herri osoko arte eszenikoetako bederatzi eragile dira Zubiren sustatzaileak. Antzerki sortzaile berriek profesionalizatzeko dituzten arazoez jakitun, egoera iraultzeko asmoz antolatzen dute.

LABURREAN

ERGELA izeneko komedia estreinatuko du Txalo Produkzioak taldeak, urtarrilaren 14an, Hondarribian. Jordi Casanovaren komedian, Joseba Apaolazak eta Sara Cozarrek jokatuko dituzte bi protagonisten rolak: diru pixka bat irabazteko asmoz froga psikologiko batzuetara aurkeztuko den morroia eta hari galdera sorta tranpatia egingo dion psikologo misteriotsua, tranpa eta iruzurra nagusi diren giroan. Jordi Casanovaren komedia Begoña Bilbaok zuzendu du. Hondarribian aurkeztu eta gero Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dute, hilaren 26an eta 27an.

LERROOK irakurtzen dituzuenerako, abian izango dira 2018ko maskaradak Zuberoan. Izan ere, urtarrilaren 7an egin zuten aurtengo lehen emanaldia, Muskildin, aurtengo maskaradak jokatzeaz arduratu den herrian, hain zuzen. Aurten, guztira, 16 saio eskainiko dituzte: estreinakoaren ostean, urtarrilaren 14an, Pagolan; 21ean, Atharratzen; 27an, Ainharben; otsailaren 4an, Lexantzün; 11n, Urdiñarben; 17an, Gameren; 25ean, Eskiulan; martxoaren 4an, Altzürükün; 10ean, Idauzen; 18an, Lakarrin; 24an, Maulen; apirilaren 1ean, Barkoxen; 8an, Hokin; 15ean, Larrainen; eta 22an, berriz ere Muskildin.

EUSKARAZKO ikus-entzunezkoen sormen laborategi bat hartuko du Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak datorren urtetik aurrera. Sormena sustatu eta esperimentazioan lagunduko du laborategiak, eta Tabakalerako ekosisteman barneratuko da. Marka propioa izango du proiektuak: 2deo. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz osatu da egitasmoa, eta ikus-entzunezkoen sektoreko eragile eta kide askoren parte-hartzea izan du.