Berri Txarrak, ‘Infrasoinuak’ hedatzen

Joandako Durangoko Azokan arrakastatsu ibili ondoren (Ahotseneako kontzertuan jendea kabitu ezinik, Infrasoinuak azokako disko salduenen artean eta standean hamaika sinadura eta eskaintza izkiriatuta), taldeak Asiako birari ekingo dio hil honetan. Hilabetez ibiliko dira Japonian, Indonesian eta Balin zehar azken diskoa aurkezten, eta Australiara ere iritsiko dira, lehendabiziko aldiz. Itzulitakoan etorriko dira hurbilagoko kontzertuak, hiru besterik ez uda bitartean: martxoaren 10ean Bartzelonan, martxoaren 17an Barakaldon eta apirilaren 14an Madrilen. Kontzertu “bereziak” izango direla iragarri du taldeak, eta BECen “festa erraldoia” ospatu nahi dutela jarraitzaileekin. CD eta LP formatuetan kaleratu dute taldearen estudioko bederatzigarren lana, Only in dreams zigiluaren bitartez. Pop eta rock kutsuko hamar kantuz osatutako diskoa da, ordu erdikoa. Diskoaren izenak erreferentzia egiten dio azpian, entzun ezinean, geratzen denari.


bibalaBI BALA taldeak Arazo modernoak izena jarri dio bere hirugarren diskoari. Ohi duten moduan, oraingoan ere letra zorrotz, umoretsu eta ironikoak sortu dituzte euren mezu garratzak zabaltzeko. Bederatzi kanta bildu dituzte Bonberenea Ekintzak plataformak ekoitzi duen lanean, eta Karlos Osinaga Txap izan da soinuaren nondik norakoen arduraduna (grabaketa eta nahasketa), Tolosako Bonberenea gaztetxeko estudioan. Masterizazio lanak, berriz, Jonan Ordorikaren esku egon dira, Mamia Mastering estudioan. Bertsoa eta rocka oso modu berezian nahasten ditu taldeak. Izan ere, Xabier Etxeberria Pitxu (baxua) eta Julen Goikoetxearekin (bateria) batera, Iñaki Gurrutxaga (gitarra) eta Aitzol Barandiaran (ahotsa) bertsolariek osatzen dute taldea.

 

 

 

 

zazkelEZ ENTZUN
Zazkel
Baga-Biga (2107)

Zortzi abesti bildu ditu taldeak bere bigarren diskoan, ohi duen moduan musikaren kontakizun askotarikoa eskaintzeko: hau da, funkya poparekin, raparekin, rockarekin, diskoarekin, post-punkarekin, reggaerekin, soularekin zein elektronikaren sastadekin nahastuta. Zazkel da Rick James, Itoiz, Jackson 5, Hertzainak, Talking Heads, M-ak, Bowie, Negu Gorriak edota The Clashen euskal ondorengoa; eta, diskoaren izenburuak kontrakoa esan arren, merezi du entzunaldi eklektiko bat gutxienez, askotariko osagaiekin konbinazio duina lortzeko bidea egin baitute.

beleakBELEAK ELURRETAN
eMe
Autoekoizpena (2017)

Ospe handiko soinu teknikaria da Haritz Harreguy, baina bere alde sortzailea atera du oraingoan. Hala, diskoa osatu du Ruben Caballero musikariarekin (gitarrak, baxua, sintetizadoreak eta programazioak) eta Nora Izagirre kantariarekin (ahotsa). Pop estiloko zazpi abesti batu dituzte diskoan, musika erantsita Xabier Silveiraren, Oier Guillanen eta Josean Artzeren hitzei. Harreguyk gitarrak eta programazioak landu ditu, eta Eñaut Gaztañagaren (ahotsa, gitarra eta sintetizadoreak) eta Ekain Elorzaren (bateria) kolaborazioa izan du lana ontzeko.