Arrak hartu, emeak eman

serpienteSERPIENTE
Serpiente
Meyo Records
Sua Industry 2017

Serpienteren proposamena ez da oso ohikoa Euskal Herriko musika panoraman, eta are gutxiago euskarazko musikagintzarenean. Estreinako binilo txiki honetan, lau abesti bildu dituzte, hiru euskaraz eta bat gaztelaniaz, kantuen bizkarrezurra osatzen duen baxuaren, bateria minimalista baten, teklatu soil batzuen eta ahotsaren laguntzarekin. Hiru neska hauek ez dute tresna gehiagorik behar after punk eta cold wave kantu ameslari, hotz, bitxi eta harrigarriak egiteko. 80ko hamarkadako ildo bereko zenbait talde ekartzen dituzte gogora, Decima Victima edo Esclarecidos, esaterako, baina talde garaikideagoen arrastoa ere sumatzen da (Danimarkako Prison, adibidez). Batez ere, talde modernoago horien antzera, ikuspegi feminista eta genero gaien inguruko kezka txertatu dituztelako beren proposamenean. Hitz jokotik asko duen (baina hitz joko hutsa ez den) abesti batean dioten moduan, “arrak hartu, emeak eman”.
Gotzon Hermosilla