Martin Bidaur

Hiru liburu aukeratzea lan mingarria da, hainbeste baitira hautaketatik kanpo utzitakoak. Segidan aipatuko ditudan hirurak iruditzen zaizkit, bakoitza bere erara, literarioki eta politikoki interesgarriak.
Kritiko bezain dibertigarria da Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Pasazaite, 2015). David Foster Wallace idazle estatubatuarrak enkarguz idatzi zuen itsas bidaia baten kronika mikatza dugu, Danele Sarriugartek euskarara artez ekarria.
Aspaldian irakurtzeke, aurten heldu diot Ramon Saizarbitoriaren 100 metro (Kriseilu, 1976) nobela laburrari. Dagoeneko klasiko bilakatu dela esan dezakegu, Koldo Izagirreren hitzaurre eta guzti, hain urrunak ez diren garaien erakusgarri.
Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013) poema liburua barrunbeetan oihartzun egiten dutenetakoa da; noizean behin deika aditu, eta bere orrietara itzularazten zaitu.