Bihotz handiegia

bihiotzEider Rodriguez
Susa, 2017

Batez ere, besteek nahi duten hori egiten duenari buruz esan ohi da bihotz handiegia duela; besteei atsegin emateagatik norberaren burua ahazten duenari buruz, alegia. Horixe da, hain zuzen, liburuari eta liburuko lehenengo ipuinari izena ematen dien sintagma: bihotz handiegia.
Sei ipuinek osatzen dute Eider Rodriguezen azken liburua, baina bihotz handiegi horrek bil ditzake guztiak: norberaren (gorputzaren) eta gizartearen arteko hartu-emana, edo hobeto esanda talka, baita istorio guztien gidaria.
Pertsonaien barne-mundu sakona, zorrotza, kontraesanez betea eta batzuetan gatazkatsua ageri da lehen planoan, baina besteekiko edo gizartearekiko harreman estu eta gazi-gozoan beti. Gazi-gozoa diot, pertsonaiak beren gorputzetatik aldenduta bizi direlako, gizarteak eskatzen dienaren edo eskatzen diela uste dutenaren altzoan beti, beren buruarekiko inkomunikazio zurrunbiloan, beren eskuak beste batenak direla sinetsita ere.
Gizartearen epaia dute traba; aldi berean, ordea, gizartea dira beraiek ere, eta epaitu egiten dute: bai beren burua, bai besteak. Baliteke beraiek izatea beren buruaren borrero nagusiak.
Hala ere, ez pentsa sei ipuinetan istorio bera kontatzen denik, inondik inora. Sei kontakizun bitxi, ohiko, erreal eta irreal aurkituko ditu irakurleak, zein baino zein latzagoa, Rodriguezen idazkera zehatz, gordin eta zoragarriak gidatuta.
Alaitz Andreu Eizagirre