Izarkom, Euskal Herriko lehen telekomunikazio operadore kooperatiboa

izarkom

Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri, Euskal Herrian telefonia mugikor, finko eta Internet zerbitzua eskaintzeko xedez jaio da Izarkom, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa. Interneterako sarbidea eskubide unibertsala izaki, zerbitzu hori zein telefonia zerbitzuak eskaini nahi ditu, “kalitatezko baldintza teknikoei egokitutako eta kostu onargarrietan oinarritutako tarifen bitartez”. Telekomunikazio zerbitzu horiek guztiak hedatzeko, Euskal Herriko zenbait tokitan dagoeneko martxan diren telekomunikazio azpiegitura ireki, libre eta neutraletan oinarrituko da. Era berean, gizarte eragileekin nahiz herritarrekin sare telematiko berriak garatzen saiatuko da, elkarlanean beti. Proiektuaren izaerari eta eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa www.izarkom.eus gunean eskura daiteke, eta partaide ere egin daiteke bertan.


 

euspotSARE SOZIALEN erabilerari buruzko hausnarketa proposatu du 2018ko Euspot-ek, publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen spot lehiaketak. Izan ere, Irudi digitala gure bizitzako harremanetan izango du hizpide Euspoten zazpigarren edizioak, jada martxan denak. Berrikuntzak ere baditu aurtengo edizioak. Alde batetik, ohiko sariez gain, beste bat izango da: musika sinkronizazio onenarena. Bestalde, prestakuntzan saiakera berezia egingo dute urteon, Euskal Herri osoko hainbat eskolarekin harremanak sendotu eta prestakuntza saio gehiago eskainita. Lehiaketa irekia da, eta maiatzaren 2ra bitartean aurkez daitezke lanak. Saritan, guztira, 2.550 euro banatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Artemanek antolaturiko lehiaketak. Argibide eta oinarri guztiak www.euspot.eus gunean daude ikusgai.

 

LABURREAN

SMARTBERRISMARTBERRI sakelakoekin egindako erreportajeen lehiaketa antolatu du EiTBk, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan. Hala kazetari jardunean nola hartzaileen artean, gero eta gehiago erabiltzen dira smartphoneak. Ondorioz, gailu mugikorren bidez kazetaritzaren euskarri eta lanketa berriei leku egiteko asmoz antolatu dute lehiaketa. Hiru sari banatuko dituzte dirutan, eta erreportaje irabazlea, gainera, ETBk eskainiko du. Lanak urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bitartean aurkeztu behar dira, www.eitb.eus webgunean. Bertan paratu dituzte, halaber, lehiaketari buruz jakin beharreko guztiak.

mintzanetMINTZANET ekimenak, euskaraz ongi moldatzen direnak eta euskara praktikatu nahi dutenak harremanetan jarrita Internet bidez euskara praktikatzeko aukera ematen duenak, komunikazio bide berria du: Whatsapp. Horri esker, hainbat konturen berri jasoko dute Mintzaneteko erabiltzaileek: aurkezpenak, albisteak, mintzodromoen hitzorduak... Zerbitzua erabiltzeko, 656713583 telefono zenbakira idatzi behar dute interesa dutenek.