Ez, ez, ez, robotik ez!

Jopetas. Gauzak horrela jarraituz gero, ez dut beste erremediorik izango: pentsatu beharko dut baten bat jo eta ke dabilela, gure etorkizun robotikoa erabat zapuztu nahian.
Aurrekoan kontatu nizuen, bada, nola batzuk, behintzat, etsita dabiltzan Estatu Batuetako Las Vegas hirian, gidaririk gabeko autobus elektrikoak estreinatu eta minutu gutxira lehen istripua gertatu zela eta.
Aurrekari horrekin, pentsa dezakezuen bezala, AEBetako beste hiri batzuetan ez daude ibilgailu autonomoak bereganatzeko irrikan, eta gauzak asko korapilatzen hasi zaizkie hirietako zerbitzuak automatizatzeko lehen urratsak egin nahi dituztenei.
San Frantziskon, adibidez, dagoeneko hasiak dira pakete eta janari banaketa egiteko robotak erabiltzen. Ideia sinplea zen: batek Telepizzara deitu ondoren, eskaria nerabe motozale batek ez eta lau gurpileko robot berezi batek ekartzen du etxera. Gauza bera supermerkatuko erosketa ekartzeko, edo bulegoa hiriko beste puntan duen bezeroari paketetxo bat bidaltzeko...
Ideia ona, ezta? ‘Errekadubot’ hauek elektrikoak dira (CO2 isuri gutxiago, beraz), eta, haien adimen artifizialari esker, banaketetarako ibilbiderik eraginkorrena kalkulatzeko gauza dira, hala energia eta denbora aurreztuta.
Bada, ez. San Frantziskoko bizilagun asko kexaka joan dira udaletxera: robotek lanpostuak suntsitzen dituzte, espaloietatik mugitzen dira, eta jendea beldur da ezbeharren bat noiz gertatuko... Ikusi zer esan duen George Woodingek, gurpil-aulkian dabiltzanen eskubideen aldeko aktibistak: “Aizu! Pernil ogitarteko bat entregatzeko ez da inongo robotik behar. Jaitsi kalera eta eskuratu zerorrek!”.
Azkenean, udalak araudi bat eratu behar izan du, robot horien erabilera mugatzeko: enpresa bakoitzak hiru baino ezin ditu erabili; hiri osoan, aldi berean, 9 besterik ezin da ibili; gainera, pertsona bat izan behar dute ondoan une oro...
Total: ez auto hegalaririk ez robotik ez ezer ere... Nork lapurtu digu saldu ziguten etorkizun robotizatu xarmagarri hura? Nork?!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/robotikez
Kontu hau guztia, apur bat astiroago kontatuta (ingelesez), BBCren webgunean.

https://labur.eus/goizaldebot
Batzuen ustez, robotek zergak ordaindu beharko lituzkete, (beste) langileok bezalaxe. Goizalde Landabasori ideia ez omen zaio gehiegi gustatzen...

https://labur.eus/zientziabot
Gizakion eta roboten arteko elkarbizitzari buruzko erreportaje mamitsua, zientzia.eus atarian.