Her

her

Zuzendaria: Spike Jonze. Gidoia: Spike Jonze. Aktoreak: Joaquin Phoenix, Amy Adams, Scarlett Johansson, Rooney Mara, Matt Letscher. AEB, 2013.

Istorioa: Etorkizun ez oso urrunean, Theodor dibortziatzear da. Hori dela eta, bakarti antzean dabil. Egun batean, adimen artifizialean oinarrituriko sistema eragile bat erosiko du, erabiltzailearen behar guztiei  erantzuteko prestaturik dagoena. Handik gutxira, Samantha deituriko sistema operatiboaz maiteminduko da…
Onena: Zientzia fikziotik gutxi duen lana burutu du Jonzek. Maitasun istorioa abiapuntu, teknologia berriak jaun eta jabe diren egungo jendartearen inguruko gogoetara garamatza filmak: ustez komunikazioa hobetu beharko luketen teknologiek sorturiko edo azaleraturiko inkomunikazioa, bakardadea leuntzeko lasterbide teknologikoak baliatu beharra… Finean, hein handi batean, bizi ditugun garaion erakusle berezi eta dotorea da filma. Bo, baita Joaquin Phoenix aktore handia dela berresten duen lana ere. Nahiz eta hori gauza jakina den…
Txarrena: Giza portaeraren barrunbeetan barrena eginiko bidaiak ezinegona eragin dezake; hori, berez, txarra ez den arren. Batik bat, giza harremanen inguruan zer pentsatu ugari ematen duela kontuan hartuta.

Eñaut Mitxelena