Edo ez

julenJulen Gabiria

Oroitzapen errepikakor horietako bat, nola bihurtu nintzen irakurle kontziente. Herriko liburutegian, bi gune zeuden: haurrena eta helduena, horma batez bananduak biak. Halako batean, konturatu nintzen ume izatera kondenatzen zintuen horma hura zeharkatu nahi nuela, nagusi izan nahi nuela behingoz. Alabaina, helduen atala izugarri handia zen, bi gela erraldoi, lau horma liburuz beterik; han ez zegoen jakiterik nondik hasi, zein libururekin inauguratu helduaroan zain izango nuen irakurzaletasuna. Gogoan dut nola ibili nintzen apalen artean zokomiran, zein liburu aukeratuko ote nuen erabakitzen Alexandriako anabasa erraldoi hartatik, niretzat ezezagunak ziren autoreen izen-abizen guztien artean galduta. Nor zen jakin gabe, Julio Cortázarren liburu bat aukeratu nuen, auskalo zergatik. Ez zen (gero jakingo nuenez) haren obrarik onenetakoa, baina ez zait itsumustuan hartutako liburu hura baino ate hoberik bururatzen helduen literaturan sartzeko.
Gaztetako kontu hori etorri zait burura, duela egun batzuk Alberto Manguel idazleari egindako elkarrizketa bat entzun nuelako: “Konbentzituta nago zoria dela liburuzainik onena. Zoriari uzten diot gida nazan”. Ildo beretik, Aby Warburg liburuzainak “auzokide onaren teoria” sortu zuen, zeinaren arabera bila ari zaren liburua ez baita egiaz beharko zenukeena: benetan behar duzun hori, hain funtsezkoa dena zuretzat, buruan duzun liburuaren ondoan dagoena da, sekula irekiko ez duzun hori, hautsak jaten ari dena, erabat ahaztutakoa. Hortxe dago, zuk hartutako liburutik milimetro erdira, hain gertu eta hain urrun. Berdin dio zein aukeratzen duzun: beti egongo da baten bat egokiagoa. Baina horrek ere berdin dio: bilatzen ari zarena, erantzun nahi dituzun galderen erantzuna, zeure baitan dago, edozein liburu eta bide aukeratzen dituzula ere.
Ez dago probidentziarik, ez paturik, halabeharrik edo fatum-ik, ez etorkizuna argitu nahi digun seinale edo markarik: mendian behera doazen ur-xirripa ugari besterik ez, eta denak, han behean, erreka berera heltzen dira. Edo ez.