Mendia

belaguaBelaguako aterpea berrituko dute

Azken urteotan utzita egon bada ere, Belaguako mendi aterpea urte luzez ezinbesteko erreferentzia izan da mendizaleentzat Nafarroako Pirinioetan. 1971n ireki zuten Angel Oloron mendi aterpea, eta 2004an itxi. Harrezkero, aterpea irekitzeko saiakerak egin dira, baina denak ustelak suertatu dira. Orain, ordea, mugaz gaindiko Belarouat proiektuari esker (Belagua eta l’Aberouat izenen batura), berritu egingo dute. Berez, egitasmoa zabalagoa da. Izan ere, proiektuari esker Biarnoko Laberouat aterpea ere berrituko dute, inguruko bideak hobetuko dituzte, bi aterpeen arteko elkarlana bultzatuko dute, eta turismoa eta ikasleen hezkuntza ere sustatuko dituzte. Pirinioetako Lan Batzordearen laguntzarekin garatuko da egitasmoa. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Akitania Berriak, Kataluniako Gobernuak, Andorrako Printzerriak eta Okzitaniak osatzen dute Pirinioetako Lan Batzordea. Bertan aurkeztu zuten hainbat erakundek (besteak beste, Erronkariko Bailarako Junta, Nafarroako Mendi Federazioa eta Laskungo Udala) Belarouat proiektua, eta Pirinioetako Lan Batzordeak oniritzia eman dio. Hala, egitasmoa gauzatzeko beharrezko diruaren % 65 emango du. Beste % 25 Nafarroako Mendizale Federazioak ordainduko du, eta Nafarroako Gobernuak ere lagunduko du. Hurrengo udan hasiko dituzte berritze lanak. Lotarako lekua, jatetxea, taberna eta Larrako parajeari buruzko informazioa emateko gunea izango ditu aterpeak. Gazteentzako hezkuntza programak ere eskainiko dituzte. Finean, Auñamendiko eta Larrako parke naturala sustatzeko balioko du proiektuak, eta mugaren bi aldeetan, Erronkarin eta Laskunen, garatuko da.