Zientzia

ardoaArdorik zaharrenak, 8.000 urte

Orain arte ezagutu den ardorik zaharrenaren aztarnak topatu dituzte arkeologoek, Georgian: duela 8.000 bat urteko ardoa. Gadachrili Gora izeneko aztarnategian aurkitu dituzte arrastoak. Neolitiko garaiko aztarnategia da, eta Georgiako hiriburu Tbilisitik 50 kilometro ingurura dago. Zehazki, K.a. 6000. urteko pitxer zati batzuen hondarretan aurkitu dituzte ardoaren arrastoak. Hondarrei analisi kimikoak egin dizkiete, eta halaxe egiaztatu dute pitxer haietan ardoa eduki zutela, Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu dutenez. Orain artean ezagutzen zen ardo zaharrena baino 1.000 urte lehenagokoa da Georgiakoa. Izan ere, orain artean topatutako aztarnarik zaharrenak duela 7.000 urtekoak ziren (Iran iparraldean aurkitu zituzten). Ikertzaileen iritziz, aurkikuntzak erakusten du ardoak garrantzi handia zuela garai hartako gizartean, eta asko erabiltzen zutela eguneroko bizimoduan, bai ohiko otorduetan bai ekitaldi garrantzitsuagoetan. Txikiteoa ere Kaukaso hegoaldean sortu ote zen... hori ezin izan dute argitu.