Pilota

emakumecupEmakumezkoen eskuz banakako lau eta erdiko txapelketa azken txanpan da

Abenduaren 6an jokatuko dira, Sopelan, Laboral Kutxa Emakume Master Cup lau eta erdiko txapelketako finalak, elite eta lehen mailetan. Lehenengoan, Etxebarriko Leire Etxaniz eta Anoetako Maider Mendizabal ariko dira txapela nork eskuratuko. Lehen mailako finala, aldiz, Maite Iriarte azpeitiarraren eta Eneritz Arrieta azkoitiarraren arteko norgehiagoka izango da. Antolatzaileek azaldu duten moduan, “historian estreinakoz” jokatuko dira “Euskal Herri osoko emakumezkoen eskuz banakako lau eta erdiko txapelketako finalak”. Hala, egun berezi hori ez da kirol lehia hutsera mugatuko. Partidez gain, musika, animazioa, euskal pilotarekin loturiko zozketak eta beste hainbat jarduera izango dira, eguna girotzeko. Ikusleen txaloak eta babesa lagun, irabaz dezatela onenek!