Aulesti, arte eszenikoen topagune

ikusgarri

Arte eszenikoetan euskaraz jarduten duten profesional eta ikasleek eztabaidarako, elkartrukerako eta ikasteko gune izango dute Aulesti apirilaren 21etik 26ra, Artedrama Euskal Laborategiari (ADEL) esker. Arte eszenikoen plataforma horrek antolatuta, hainbat ikastaro eskainiko dituzte ADELen. Hala, Leire Uchak norberaren komikotasuna landuko du; Ander Lipusek, aktorearen tresnak izango ditu langai; testua lantzeko bideak jorratuko ditu Julia Marinek; Hamlet lanari helduko dio Ximun Fuchsek; eta kontrol mentala, erlaxazioa eta gorputz-adierazpena izango ditu hizpide Margarita Altolaguirrek. Ikastaro guztiak euskaraz izango dira. Horiez gain, hainbat erakustaldi eta ekintza dramatiko eginen dituzte ADELeko partaideek Aulestin, Artedrama Astearen baitan. Ikastaro trinkoaren prezioa 400 eurokoa da, otorduak eta lotarako lekua barne. Izena emateko, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi behar da, eta informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, www.artedrama.com gunera jo.


 

PERKUSIOA ETA SUA ohiko baliabide dituzten talde bi, Euskal Herriko Deabru Beltzak eta Frantziako Les Commandos Percu taldeak, Danbor talka izeneko ikuskaria prestatzen ari dira elkarlanean. Danborrak eta sua tresna gisa, bi konpainien arteko borroka modukoa irudikatuko dute lanean. Lekeitioko eta Libourneko (Frantzia) kale-antzerki jaialdiek ekoitzia, Lekeitioko 25. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdian estreinatuko dute, uztailean. Haatik, aldez aurretik zenbait emanaldi eskainiko dituzte aurrerapen gisa. Hala, martxoan, lanaren zati bat ikusi ahal izan zen Bilbon, eta aurrerantzean ere izango da jendaurreko proba gehiago ikusteko aukera. Esaterako, Frantziako Tolosan apirilean eta  Libournen eta Bresten (Bretainia) maiatzean.