Mintzapraktikaren magiaz aritu dira

magiaAEKren Praktikatu zerbitzuak Praktikaren Magia, esperientzien topaketa egin zuen, pasa den hilean, Bilboko Hika Ateneoan. Bertan, 50 bat lagunek hartu zuten parte, batik bat mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileek. Hego Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako kideek euren esperientzien berri eman zuten. Izan ere, horixe zen topaketaren helburua: esperientziak elkarri kontatzea. Hala, mintzapraktikaren inguruan egin daitezkeen askotariko ekimenak ezagutu zituzten bertaratuek. Esaterako, gurasolagun taldeak elikatzeko Lautadako Familien Pasaportea eta Andoaingo Bidaide; Portugaleten egiten diren ekintzak, astero 200 lagun biltzen dituztenak; Ermuko elkarlana eta ekintzen menua osatzeko gakoak; Sakanako ELE festa eta liburutegiekin elkarlana; Gernikako mendi ibilbideak; Berbabentura, Aiaraldean kirola eta natura euskaraz uztartzen dituen ekimena... Gainera, mintzapraktika online egiteko aukerez ere hitz egin zuten, baita Mintzatu aplikazioa mintzataldeetan erabiltzeko paradaz ere. Ondoren, lantaldetan batu ziren guztiak, praktikarako “makilatxo magikoa” bilatu eta aurkitu nahian. Horretan, Asier Kidam magoaren emanaldiak lagundu zien, euskara eta euskaraz praktikatzeak baduelako aski magia. Jardunaldian grabatutako bideoak www.praktikatu.eus orrian daude ikusgai.