Euskal Herrian ez da kritika txarrik egiten

pelaxUnai Pelayo Pelax
Musikaria

Cowboy’s Orchestra Saioak (2015) diskoaren ondoren, Talkak egiten du didaktika bigarren lan luzea aurkeztu berri du Pelaxek (Donostia, 1989), Iker Vazquez, Iñigo Ozaeta eta Andoni Olaetxeak osaturiko taldea lagun. Musika elektronikoa egiten duen Telmo Trenorrekin Pelax & Telmo Trenor lan laburra ere kaleratu du aurten. Hezitzaile eta musika irakaslea, 2013an hasi zen emanaldiak eskaintzen. Bakarrik Hobeto Fest bakarlariei eskainitako jaialdia antolatu ohi du, Peru Olabarriarekin batera, Donostiako Egia auzoan, bere auzoan.

Nolako harrera izan du diskoak?
Gustukoa izaten ari delakoan nago. Lagunek-eta esaten dute atsegina egin zaiela. Egia da Euskal Herrian ez dagoela kritika txarrik; eta bizpahiru kritikak oso hitz onak eskaini dizkidate. Nik uste ongi funtzionatzen ari dela. Kontzertu aldetik ere, ondo.
Talkak egiten du didaktika. Grabazioan iskanbilak izan dituzue, ala?
Ez, baina badu zerikusia grabaketan aritu ginen kideokin. Izan ere, diskoa prestatzen ari ginen garaia, bestela ere guretzat nahiko gogorra izan zen: batek lana utzi zuen, bestea ikasketa amaierako proiektua amaitzen ari zen... Denok ginen nahiko haserre mundu guztiarekin, eta lanean hasten ginenean ematen zuen gauzak ahaztu egiten genituela. Neurri batean, haien guztien omenez jarri diot izen hori.
Bakarrik, Telmo Trenorrekin, taldearekin... Pelax bakarrean, zenbat Pelax?
Kameleoi izaera hori edukitzeak ere behartzen du nire burua moldakorra izatera, beste bide batzuk topatzera... Ondo datorkit. Asteburutik asteburura, nire kontzertuak aldatu egiten dira: bakarka, Telmorekin, bandarekin... Hori izugarri gustatzen zait.
Bakarrik Hobeto Fest. Bakarlariaren bakardadea handia al da?
Oso handia. Nire ustez, gero eta plaza duin gutxiago daude haientzat. Bakarka jotzeko, formatu txikiko kontzertuak areagotu dira, aurrekontu aldetik merkeagoak direlako, edo azpiegitura aldetik errazagoa delako tabernarientzat. Baina horrek ez du ziurtatzen tokia aproposa denik. Gu, Bukowskin, atmosfera hori sortzen saiatzen gara: jendea eserita, isiltasuna... Baldintzak ere duinak direla uste dugu: sarreren etekina artistentzat da, esaterako.
Zergatik da Egia hain auzo bizia?
Esango nizuke modan dagoelako dela halakoa, baina urte pila bat daramat hori entzuten. Nire ustez, beti egon da modan. Bertako hainbat txoko erreferenteak dira: Bukowski bera, Dabadaba... Horretaz gain, hortxe dugu Tabakalera, munstro ikaragarri hori. Bestalde, lokal bat husten denean, sumatzen da zer-nolako negozio motak ordezkatzen duen aurrekoa: korronte modernoko gutizia-gourmet negozio kurioso horiek. Dena den, auzo jendetsua da, jende asko mugitzen da bertan, egundoko kultur eskaintza dagoelako. Eskaintza zabal-zabala dago Egian, zabalegia batzuetan.
Zabalegia?
Oso herri txikia gara. Ez bakarrik Egia, Euskal Herria bera ere bai. Kontzertu mordoa dago, taldeok asko jotzen dugu, eta hori seinale ona da, eszena bizirik dagoen seinale. Baina, agian, ez legoke batere gaizki esku-frenoa botatzea eta kanpotik begiratzea. Ez dakit mesede egiten digun asteburu berean programazio indartsua izateak Zarauzko gaztetxean eta Bergarakoan.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Jendearekin lan egiten dudanez, nire jardunean jendea alai ikusteak.
Eta tristatu? Injustiziak.
Zerk eragiten dizu barrea? Beste barre eder batek.
Eta negarra? Azkenaldian, heriotzak.
Zerk haserrearazten zaitu? Jendeak nire kontura etekina lortu nahi izateak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Horrek berak, neure haserreak.
Bizio bat: Melomano samarra naiz, gustatzen zait diskoen bilduma egitea.
Abesti bat: Gaur, Borja Estankonaren Hor leku bat kantarekin jaiki naiz. A zer kantu puska!
Musikari edo musika talde bat: Kaskezur taldea, azken urteotan bi lan bikain atera ditu.
Kontzertu bat: Ez naiz gai bakarra esateko.
Eñaut Mitxelena