Txapel bakarra, txapeldun asko

Abenduaren 17an jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala. Hamalau mila ikusle espero dira, aspalditik baitaude BECeko sarrera guztiak agortuta. Zer ote du lau urterik behin lagun andana hori mugiarazten duen ikuskizunak? Bada, lehenengo eta behin, bertsolariak eurak, jakina: sormenean artistak, publikoa erabat hunkitzeko gauza dira, hitz, doinu eta errima artean. Ziurra da Txapelketarik ez litzatekeela izango bertsolaririk gabe. Haatik, Txapelketa ere ez litzateke den modukoa izango atzean Euskal Herriko Bertsozale Elkartea ez balego: hamaika lagun, soldatapeko langileak zein boluntarioak, ibiltzen dira buru-belarri antolakuntza lanetan, batzuk urte eta erdi lehenago hasita. Horien lana ezagutzera eta aitortzera gatoz, hiru testigantza hauek jasota.
Oholtzan, bertsolariak. Aurrean, ikus-entzuleak. Atzean, azpian, alboan... ilusioz beteriko langile finak. Txapela bakar batek jantziko badu ere, guztiak dira txapeldun. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

petoduna

“Honek ematen dit aukera bertsozale gehiagorekin egoteko eta mundu hau barnetik ezagutzeko”

Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio gehienetan boluntario ibili da lanean Sergio Hernandez Errea Txentxo (Iruñea, 1979) mezkiriztarra, eta txapelketa amaitu artean ere halaxe ibiliko da, BECeko finalean barne. 2000. urtetik Bertsozale Elkarteko kide, 2017koa du lehen Txapelketa Nagusia boluntario jardunean. Lanbidez mekanikoa, mendia sasiz garbitzen ere ibiltzen da, eta, boluntariotzak denbora luzea eskatzen badio ere, gustura dabil. Gozatzen.

Boluntario, aurtengoa du lehen Txapelketa Nagusia Txentxok. “Pixkanaka” egin du bidea. Duela urte pare bat, “Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Ekimena zela eta, han ibili nintzen pixka bat, antolatzaile”. Nafarroako Txapelketan ere jardun zuen, “zertxobait”, eta orain Txapelketa Nagusian. “Torrotxo (Jon Agirresarobe, Txapelketaren koordinatzailea) ezagutu nuen, harekin hitz egin, eta hortik iritsi naiz Txapelketa Nagusira”.
Bertsozaletasun biziak eraman du boluntario izatera. “Horrexek sortzen dit ilusio handiena: hor sartzea eta aritzea”. Hala ibiltzen da, laguntzeko deitzen dioten bakoitzean dagokion tokira agertuz. Baita, maiz, deitzen ez diotenean ere. Laguntzea egokitzen ez zaionean, entzulea izaten da beti.
Bertsolari porrokatua da Txentxo, eta txikitatik maite izan du bertsolaritza. Entzun, ahalik eta gehien, baina “bertsotan, gutxi”, nahiz eta astero joaten den Erro bailaran duela bi urte abian jarritako bertso eskolara. Zaletasuna bideratzeko aukera eman dio boluntario lanak. Izan ere, eguneroko bizimoduan ia ez du bertsozalerik inguruan. “Nire kuadrillan, inguruan... inor ez da bertsozalea. Ia-ia, ezta euskalduna ere”. Poliki, Erro bailaran aurreko belaunaldietan galduriko euskara berreskuratzen ari dira, eta bertso eskola ere bidea zabaltzen ari zaio bertsolaritzari. “Baina 2000. urtean, jendeak ez zekien ezta bertsoa zer zen ere. Euskalduna nintzelako, jada banintzen arraroa; bada, bertsozalea izanik, bi aldiz arraroa!”. Urte askoan, bakar antzean bizi izan du zaletasuna: “Saioetara joan, inor agurtu gabe saioa ikusi, eta etxera. Ezta iritzi bat inorekin partekatu ere!”.
Inor ezagutzen ez zuenez, eta lotsatia izanik, kostatu egin zitzaion elkartean laguntzen hasteko urratsa ematea. “Konfiantza pixka bat hartu eta jendea ezagututa... Adibidez, Julio Sotorekin oso harreman estua egin nuen, eta harekin joan nintzen behin Xenpelar Dokumentazio Zentrora. Gero eta jende gehiago ezagutzen duzu, saioetan ere jende gehiagorekin egoten zara...”. Pixkanaka jendea ezagutzen hasi, eta hala murgildu da txapelketaren zurrunbiloan.
Egun osoko lana izaten da boluntarioarena. Saioak arratsaldez izaten dira, baina prestaketa lanak goizetik hasten dituzte. Arratsaldeetan, tokian tokiko bertso eskoletako kideak ere aritzen dira lanean. Goizetan, ordea, gutxiago izaten dira. “9:00ak aldera edo egiten dugu hitzordua”. Hasteko, saiorako materiala deskargatu, eta, ondoren, lekua atondu: “Aulkiak jarri, oholtza muntatu, mikroak, kartelak eta abarrak paratu...”. Saioak iraun bitartean, behin peto gorriak soinean, “denetik apur bat” egitea dagokie: “Jendea antolatu: ateak zaindu, jendeari argibideak eman, irteten badira zigilua ipini...”. Saioa amaitutakoan, “dena bildu, txukundu, eta martxa!”.
Saio bakoitzean, boluntarioek egun osoz jarduten dute. BECeko finalerako, aldiz, lehendik joango dira. Igandez jokatuko da finala, “baina gu aurreko ostegun arratsaldean joango gara”. Ostegunetik igandera, gauak ere Barakaldo inguruan emango dituzte. “Bestela, pentsa, Bilbotik Mezkiritzera egunero etorri beharko banu”. Astelehenean ere BECen izango dira, “saioa akitutakoan, guk ez dugulako amaitzen”.
Lanak ordu asko kendu arren, Txentxok “disfrutatu” egiten du, “saio osoa ikusten dudalako. Gehienetan, zutik, bestelako lanen batean ari garelako, baina gutxi gorabehera saio osoa jarraitzen duzu”. BECeko finalean ere, lanean izango bada ere, badaki saioa jarraitzeko aukera izango duela.  “Baietz erran digute, saioa arazorik gabe ikusiko dugula. Agian, ez da aulkian eserita izango.... Beste era batean, baina entzun entzungo dugu”.
Txapelketako saioak bertatik bertara bizitzea gozamena da Txentxorentzat. “Nire kasuan, honek ematen dit aukera bertsozale gehiagorekin egoteko, eta mundu hau barnetik ezagutzeko. Izan ere, saio aurretik eta saio ostean bertsolariekin egoten zara, eta haien iritziak eta kontuak jakiten dituzu. Hori kristoren gozamena da, niretzat behintzat”.
Irailetik abendura bitartean, lan handia ia astebururo. “Egun osoko lana da, eta, jakina, horretan aritu ahal izateko beste hainbat gauza egiteari uzten diozu”. Kexa izpirik ez, baina, Txentxoren hitzetan: “Maite dudalako egiten dut, gustatzen zaidalako”. Horrenbestez, aurrera begira ere argi du: “Hemendik lau urtera nire burua buru-belarri sartua ikusten dut. Batez ere, nire ilusioa delako, eta izugarri gozatzen dudalako”.

esti“Pozik gaude hedabideek egiten diguten jarraipenarekin”

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradun Esti Esteibarrek (Zumaia, 1970) hirugarren Txapelketa Nagusia du hau. Txapelketa aurtengo irailean hasi den arren, komunikazio taldean iazko irailean hasi ziren prestaketa lanetan.

Elkartearen barne eta kanpo komunikazioan eragitea da Esteibarren lana. Kanpora begira, elkartearen lana gizarteratzea tokatzen zaio; egunotan, Bertsolari Txapelketa Nagusia: “Lehen pausoa da helburu orokorrei begiratzea eta taldea nola antolatuko dugun pentsatzea. Bi lagun aritu ohi gara, baina Txapelketarako indartu egiten da taldea. Ondoren hasten gara komunikazio plana diseinatzen”. Gero, bestelakoak datoz, hala nola, irudiaren lanketa: “Beti saiatzen gara fokua bertsolariengan jartzen, haiek izan daitezen protagonistak. Horregatik izaten dira gure euskarriak oso soilak”.
Txapelketaren irudia eta sintonia erabakitzearekin batera, bertsolarien izen ematea hasten da: “Maiatzean badakigunez nork hartuko duen parte, argazki saioei ekiten diegu, datu basean biografiak osatzeari... Udaberrian hasten gara, halaber, Euskal Herriko hedabide orokor esanguratsuenei eta eskualdeetakoei bisita egiten. Ez daukagunez saioak-eta iragartzeko aurrekonturik, hedabide horien publizitatea egiten dugu gure euskarrietan, eta eurek Txapelketako kontuak zabaltzen laguntzen digute. Oso eskuzabal hartzen gaituzte, proiektu pozgarria delako eta zaleak berenganatzen dituztelako. Pozik gaude hedabideek egiten diguten jarraipenarekin”.
Agerraldiak ere diseinatu behar dira. “Bi prentsaurreko izan ohi dira: irailekoa eta finalaren atarikoa, baina lehen komunikatua uda hasieran zabaltzen dugu, Txapelketa badatorrela iragartzeko eta gizartea adi jartzeko. Tarte horretan, webgunea garatu eta euskarriak prestatzen ditugu (afixak, sarrerak, oholtzaren atzealdea, aldizkaria, gonbidapenak...)”. Irailean Txapelketa abiatzen denetik, ez dago etenik: saio aurreko eta osteko albisteak idatzi, etengabeko jarioa sortu komunikabideetan eta sare sozialetan zabaltzeko, telebistako saioak gauzatu, webguneak elikatu... “Ulertu behar da, halaber, tentsio handiko garaia dela bertsolarientzat; hortaz, hedabideekiko harremanetan laguntzen diegu. Urte osoan, normalean, ez dugu bitartekaritza lanik egiten, baina Txapelketan bai, batez ere dei asko jasotzen dituztenekin”.
Erritmo bizi horrek “asko eragiten du norberaren bizimoduan, baina prestatuta iristen gara. Badakigu udako oporren ostean ez dela atsedenik izango”. Gainera, geldialdia ere ez da heltzen Txapelketa bukatu bezain pronto: “Txapeldunak elkarrizketa eskari ugari izaten ditu, hurrengo bizpahiru egunak nahiko korapilatsuak izaten dira. Atsedena Gabonetan iristen da, baina itzulitakoan balorazioak egin behar ditugu”. Hortaz, bukatu, benetan bukatu, udaberri aldean egiten dute.
Bestalde, Finala BECera eraman zenetik, Elkarteak lanketa berezia egin du bertsolaritza erdal gunera hurbiltzeko: “Bertsolaritza zer den modu didaktikoan azaltzen saiatzen gara zenbait erdal hedabidetan. Batzuk hurbiltzen dira prentsaurrekoetara edo erreportaje atenporalak egitera. Estimatzen dugu lan hori, aukera ematen digutelako oso zaleak ez direnengana hurbiltzeko eta beste esparru batzuetara zabaltzeko”. Aurtengo beste apustuetako bat Internet arloa hobetzea izan da: “Bertsoa.eus gunea berritu egin dugu, eta Instagramera ere jauzi egin dugu, gaztetxoak hortxe daudelako”.
Aurten 30 hitzarmen lotu dituzte hedabideekin, baina hortik gorakoa da Txapelketa jarraitzen dutenen kopurua: “30 kazetari eta 15 hedabide inguru etortzen dira saio guztietara. Finalean, aurreko edizioan 120 profesional izan genituen, 40 hedabidetakoak. Atzerrikoen artean, berriz, orain arte Herbehereetako kazetari bat eta Londresko beste bat ibili dira, baina finalean gehiago izango dira”. 2013koan, esaterako, Kubatik, Galesetik eta Sardiniatik etorri ziren Txapelketa jarraitzera. Guztiak ere bertsoaz gozatzen.

mintzola

“Inkesten emaitzak oso kontuan hartzen dira etorkizuneko estrategia diseinatzerakoan”

Karlos Aizpurua Etxarte (Oiartzun, 1971) Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduraduna da. Beste lan askoren artean, Ikerkuntza Saila bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikorako datu bilketa amaitzen ari da Txapelketa Nagusian.

Bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoaren bidez jakin nahi dute zer pentsatzen duen bertsozaleak bertsolaritzari buruz. 2006an hasitako lan honen azken zatia Txapelketa Nagusian garatzen ari da, EHUrekin lankidetzan: Irakasle Eskolako Harkaitz Zubiri soziologo eta filologoa laguntzaile dabil, eta Mikel Laboa Katedrak diru laguntza eman du.
Iaz, 600 inkesta egin ziren Euskal Herri osoko plazetan eta askotariko hainbat saiotan: bertso bazkari eta afariak, plaza librea, jaialdiak... Ikusleei inkesta luze bat banatzen zitzaien, baina askotan ez zuten bertan betetzen, gutxienez ordu erdi behar zelako, zabala eta sakona zenez gero. Horrez gain, bertsolaritzari buruzko diskurtso berezitua duten beste 34 lagun elkarrizketatu ziren. Inkesta bietatik hainbat ondorio atera dira, eta horiei gehituko zaizkie Txapelketa Nagusian egindako inkesten emaitzak, hots, bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoa Txapelketaren testuinguruan, “ez baitira berdinak Txapelketa Nagusiko saioa eta bertso-afari batekoa”. Galdetegiak 29 galdera ditu, eta horietako askok zazpi-zortzi azpigaldera. Hamar-hamabi minutuan egiteko inkesta da: “Saioan bertan harrapatu behar izaten dugu inkestatua, ez dugulako dirurik hitzordua jartzeko eta harengana joateko” dio Aizpuruak. Inkestatzaileek lan boluntarioa egiten dute, gehienak gazteak eta lapurtarrak, gipuzkoarrak edo bizkaitarrak dira: “Bidaia gastuak eta saiorako sarrera besterik ez diegu ordaintzen. Zorionez, bertsolaritzak oraindik ere badu ahalmen handia, bertsozalea prest dagoelako aulkiak jartzeko, ideiak botatzeko edo inkestak egiteko. Haiek gabe, Txapelketa ez litzateke bideragarria izango, ezta ikerketa hau ere”.
Txapelketako saio guztietan ari dira inkestak egiten, bakoitzean 30 inguru: “Guztira, finalera bitartean, 13 borondatezko ari dira lanean; finalean, berriz, 36 ariko gara: 34 borondatezko, eta Harkaitz eta biok koordinazio lanetan”. Hain zuzen, Harkaitz Zubiri da inkesta hauen diseinatzaile eta koordinatzailea: “2006an egin zen ikerketan ere parte hartu zuen, beraz, baditu esperientzia eta ezagutza, eta bertsozalea da”. 
Saioetako ateak ordu eta erdi lehenago irekitzen direnez, jendea jesartzen den bitartean egiten dira galderak: “Aurretik edukitzen dugu erabakita nori egokituko zaion erantzutea, planoaren arabera. Harkaitzek esaten du zein ilaratako zein aulkitan egingo den, eta hantxe esertzen denari tokatzen zaio, ez ondoko lagunari ez aurreko bertsozaleari”. Halere, denak ez daude erantzuteko prest, gutxi izan arren: “Niri gertatu zait hiruk ezetz esatea, eta guztiak segidan izan ziren! Dena den, halako kasuetarako baditugu ordezkoak aurreikusita”. Zenbaitek gustura ere erantzuten dute, noski, ordubete lehenago joaten direlako lekua hartzera eta itxaronaldia arintzeko balio dielako. “Gure lana saioa hasten denean bukatzen da”. Inkestak batu eta datu guztiak ordenagailuan sartu ondoren dator Zubiriren lana, alegia, ehunekoak eta ondorioak ateratzea. 
Orotara, 800 inkesta bilduko dituzte, eta datuak erabiliko dira hurrengo urteetako estrategia diseinatzeko eta garatzeko: “Nahiz eta oraindik asko funtzionatu intuizioz (Xenpelar Dokumentazio Zentroa bultzatzeko, adibidez, ez zen inkesta soziologikorik egin, eta gaur egun ez dugu parekorik ezagutzen munduan), datu horiek eskuan gogoeta sakona egingo dugu datorren urtean, etorkizuneko estrategia diseinatzerakoan oso kontuan hartzen baitira emaitzak”. Hortaz, abenduaren 17an BECera joan, eta norbait etortzen bazaizue galdezka, ez egin muzin...