Egiaztatzen dituzue albisteak WhatsApp eta sare sozialen bidez zabaldu aurretik?

ikamika

Gaur egun, sare sozialak eta WhatsApp lako zerbitzuak izugarri erabiltzen ditugu: informazioa trukatzeko, lagunekin eta ingurukoekin harremanetan izateko, berehala komunikatzeko... Ageriko abantailak dituzte, baina baita arriskuak ere. Esaterako, gezurrak abiadura bizian zabaltzeko bitarteko egokiak dira. AIZU!ko kolaboratzaile Joxe Rojasek ondotxo jorratu zuen gaia bere txokoan aurreko hilean (421. zenbakia), Gezurra esan nuen WhatsAppean... testuan. Albiste bat zabaltzeko nahikoa da, behin WhatsAppen jasota, klik bakarrarekin ingurukoei bidaltzea. Zer den egia eta zer ez jakitea ez da beti erraza izaten, baina, Rojasi hitzak lapurtuta, “gakoa da jasotzen ditugun mezuekiko gutxieneko jarrera kritikoa izatea”. Zuek egiaztatzen al dituzue WhatsAppera heltzen zaizkizuen albiste susmagarriak? Zabaldu al dituzue inoiz? Zallako AEK Euskaltegiko B2 mailako taldea

1. Esti
Albisteak irakurtzean, bakoitzak bere irizpidea eduki behar du. Albiste batzuk egiaztatu ahal dira, eta beste batzuekin ez da beharrezkoa, ez baitira hain garrantzitsuak. Albisteak deigarriak ez direnean, ez ditugu partekatu behar.
2. Bego
Oro har, ez da bide ona albiste bat ezagutzeko. Horrez gain, ia ezinezkoa da WhatsApparen bidez heltzen zaizkigun albisteak egia ala gezurra diren jakitea. Horregatik, albisteak baino, nahiago dut gauza barregarriak bidali. Azken finean, informatuta egoteko baditugu hedabide egokiagoak eta fidagarriagoak.  
3. Marian
Hasieran ez nituen mezu guztiak zabaltzen, gustatzen zitzaizkidanak besterik ez. Gainera,  partekatzeko jasotzen ditudanak ez ditut inoiz zabaltzen. Albisteak? Batzuk bakarrik, eta, hala eta guztiz ere, gehienetan iruditzen zait ez direla onak. Mesfidatia omen naiz.
4. Alex
Jendeak bakarrik egiaztatzen ditu sare sozialetan irakurritako albisteak gaiari garrantzi handia ematen dionean. Hori dela eta, garrantzirik gabeko berriak egia balira bezala barneratzen ditugu, nondik datozen edo susmagarriak diren kontuan hartu gabe. Hortaz, ziria sartu ahal digute.
5. Marisa
Normalean, ez dut albistea egiaztatzen, baina nire WhatsAppeko taldeetan baten batek beti jakiten du albisteak egia diren ala ez. Argazkiak agertzen direnean, ume gaixo bat, adibidez, beti agertzen da lagunen bat esanez gezurra dela eta etekina lortu besterik ez dutela nahi. Beraz, halakoak ez ditut besteekin partekatzen.
6. Esther
Nik WhatsAppen pertsona gutxi ditut, eta ezagunak dira. Hori da, hain zuzen, albisteak egia ala gezurra diren jakiteko erabiltzen dudan iragazkia. Baita bidaltzeko ere. Dena den, bide honetatik heltzen zaizkidan albisteei ez diet garrantzi handirik ematen.