Baserrietara metroz

metro

Zubietakoa da azkena. Aurretik, Leitzak, Aresok eta Goizuetak eraiki dituzte beren ‘metroak’. Londreseko lur azpiko trenaren mapa abiapuntu, proiektuak herri bakoitzeko baserrien mapa irudikatu du, irisgarritasun arazoei aurre egitea xede. Tren horietara igo eta galdu gabe, sendagileak eta garraiolariak helduko dira, besteak beste, haien helmugetako baserrietara. Arkaitz Almortza.

Ustekabean eraiki zuten lehen “metroa”, Nafarroako iparraldean garatzen ari dena. 2013an izan zen. Garai hartan, Leitzako Udala herriko baserriak seinaleztatzeko lanetan zebilen. Orduan, herriko bizilagun Pablo Feok eta Joxe Miguel Elosegik proiektuarekin bat egin zuten, eta auzoz auzo ibili ziren Leitzako landa eremuko baserriak eta etxeak ezagutzen. Auzo batera joaten zirenean, kolore jakin batekin identifikatzen zituzten bertako baserriak. Atentzioa eman zien azken emaitzak. “Berehala jabetu ginen guk egindako lanak, baserriekin osaturiko eskemak, metro baten maparen antza zuela; horregatik, forma ematen hasi ginen” azaldu dio Feok AIZU! aldizkariari.
Esan eta egin. Irudimenean ikusi zuen metroaren mapa ordenagailuan marrazten hasi zen. Herriko tailer okupazional batean egiten du lan, eta bere ogibideak proiektu honen sorkuntzan eragin duelakoan dago: “Nire lana da zailtasunak erraztea. Bada, horixe egin dugu mapa honekin; izan ere, metro baten mapak argia izan behar du, ulerterraza”.
Munduko lur azpiko trenen mapek Londresekoa (1931koa) dute oinarri. Feok azaldu bezala, hasierako mapak oso landuak ziren, eta “sekulako korapiloak zituzten”; aukeran, nahasgarriak suerta zitezkeen. Horregatik, Harry Beck ingeniari elektronikoak elektrikarien mapen estetikara egokitu zuen Londresekoa, eta, hura eredu, Feok Leitzara egokitu zuen, herriko 5 auzoetako 150 baserri eta etxebizitzak mapa batean biltzeko.
Diseinatzea oso gustuko du, eta zaletasun hori berak sorturiko mapan islatu du. Ukitu modernoa eman dio. Argia bezain garbia da. Estetika eta praktikotasuna uztartu behar izan ditu. Hala, mapak lerro horizontalak, bertikalak eta zeharkakoak tartekatzen ditu, eta nazioarteko ikurrez baliatzen da. Auzoak kolore banarekin marraztuta daude, eta baserriak eta etxebizitzak bidean duten  kokapenaren arabera adierazi ditu, hots, ezkerrean daudenak ezkerrean eta eskuinekoak eskuinean. “Metroetan geltokiak direnak hemen baserriak edo etxeak dira” dio. 
Landa eremuko baserrien eta etxebizitzen kokalekua biltzeaz gain, bestelako informazioa ere eskaintzen du mapak. “Baserrietan aurki daitezkeen gauzak biltzen saiatu naiz; adibidez, gazta egiten badute, gaztaren ikurra izango du baserri horrek aldamenean”. Proiektuak baserriak balioesten ditu, eta esan daiteke tokiko ekoizleei ere bultzada ematen diela. 
Oro har, herritarrek erabiltzen dute mapa. Harrera ona izan du Leitzan. “Askok ez zuten metro baten mapa ezagutzen, eta kritikak ere entzun behar izan ditut, baina, oro har, herritarrak oso gustura daude”. Dena dela, garraiolariek, sendagileek edo anbulantzia gidariek egiten dituzte bidaia gehien “metroan”. “Gerta daiteke, esate baterako, asteburu batean guardia duen kanpoko mediku batek norbait artatzera joan behar izatea baserri batera, baina, herria ezagutzen ez duenez, zailtasunak izatea tokira iristeko” azpimarratu du Feok.
Horixe frogatu dute, hain zuzen, orain artean: osasun zerbitzuen lana errazten du, hein handi batean. “Nirea egin aurretik, sendagileek Udalari eskatu zioten halako eskema bat egiteko. Gogoan dut nirearen zirriborroa bidali niela, amaitu aurretik, eta handik bi egunetara sendagilearenera joan nintzenean paretan jarrita zutela; garbi geratu zen haiek dutela interesik handiena”.
Behar horiei erantzuteko xedearekin sortu zen Aresokoa. Sendagileek Pablo Feo eta Joxe Miguel Elosegirengana (erretiroa hartua du) jo zuten herriko “metroa” eraiki zezaten. Mapa honetan, baina, ez dago lerro horizontalik. “Lerro guztiak paraleloak direnez, bista ez da hainbeste nekatzen. Sinplea, garbia eta unibertsala da”.
Metrobidea hedatzen
Urrats berak jarraituz sortu du Goizuetako Iñaki Etxeberriak bere herriko mapa. AIZU! aldizkariarekin mintzatu da gaztea. “Pablo Feok egin zituen mapak ikusi nituenean, pentsatu nuen: zergatik ez halako bat Goizuetan?”. Hasieran, arkatzarekin egin zuen herriko baserrien eskema; ondoren, ordenagailuz. Poliki-poliki, bere kabuz osatu du mapa.
Goizuetak 7 auzo ditu, eta 120 baserri. “Gehienak ezagutzen ditut, baina ez denak; hori dela eta, aitak kontu horien gainean nik baino gehiago dakienez, bere laguntzarekin osatu dut mapa”.
Leitzakoaren antzera, auzo bakoitzak kolore bat hartzen du. Era berean, errepidearen egoeraren berri ematen dio erabiltzaileari: amaierarik duen, asfaltaturik dagoen… Era berean, sendagileak eta garraiolariak igoko dira, batez ere, “metroan”.
Etxeberriaren lanak harrera ona izan du herrian:“Facebooken jarrita, bizilagunen iradokizunak jaso nituen lana osatzeko”. Goizuetako Udalak bultzada eman dio proiektuari, eta epe laburrean argitaratuko dute, baita herriko plazan jarriko ere.
Ustekabean sortutako diseinuari neba-arrebak jaiotzen ari zaizkio  Nafarroako iparraldean. Harro dago Pablo Feo, bere ideia hedatzen ari delako. Une honetan, Zubietan ere antzeko mapa bat egiten ari dira. Berez, kartografia enpresa bat ari da garatzen, baina Feoren aholkularitzaz, zubietarrei ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzearren. Herri sarreran jartzea aurreikusten du hango Udalak.
Leitzako mapa bost bider egokitu behar izan dute, sortu zenetik. “Lan honek ez dauka amaierarik” dio irribarretsu Feok. Leitzan, esaterako, Peritza tabernan dago ikusgai. QR kodearekin, azken bertsioa jaits daiteke, eta Pablo Feoren Flickr orrian ere eskuragarri dago. Pozik dago bere ideiak izandako bilakaerarekin, eta ez da harritzekoa: praktikotasunaren bidean, premiazko zerbitzuak indartzeko tresna egokia bilakatu da metroa, baserritarren eta landa eremuan bizi diren lagunen bizi-kalitatearen mesederako.