52. Durangoko Azoka: sormenaren lurraldera bisitan

durango

Badator! Hemen da! Abenduaren 6tik 10era zabalduko ditu ateak 52. Durangoko Azokak. Euskarazko eta euskal kulturaren erakusleiho, merkatu, topagune, hauspo1 eta bizigarri, ezinbestezko hitzordua da Durangokoa. Xabier Etxaniz Rojo idazleak duela urtebete AIZU!n esan zuen moduan, “Durangoko Azoka gure Meka da”. Bada, gu ere bagoaz erromes! Etorri nahi? Eñaut Mitxelena.

Inoiz ez zarela
Durangoko Azokan izan?
Durangon hasiberria zarela?
Egon lasai! Ondorengo orriotan  topatuko dituzu egoki moldatzeko hainbat arrasto!

Zer da Durangoko Azoka?
Euskal kulturaren hitzordu nagusia da Durangoko Azoka. Urtero, abenduaren hasieran, Euskal Herriko argitaletxe, diskoetxe eta bestelako eragileek haien kultur ekoizpena erakutsi eta salgai jartzen dute, dela euskarazko ekoizpena, dela euskal gaiekin zerikusia duena. Ekoizpen kontuez harago, euskal kulturako eragileen topagunea ere bada. Gerediaga elkarteak antolatu zuen, lehenengoz, 1965ean, Euskal Herriko liburugintzaren eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzeko asmoz. Hala, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izena eduki izan du, harik eta 2013an Durangoko Azoka izena hartu zuen arte. Izan ere, euskal kulturaren uztak liburu eta diskoak ez ezik, askotariko ekoizpenak ere biltzen ditu. Egun, erakustazokaz gain, gune gehiago ditu, denak ere kultur diziplinekin lotuak. Hainbat eragilek antolatzen dituzte gune horiek, Gerediaga elkarteak koordinatuta.

Kulturaren Plaza
Landako gunea da Azokaren bihotza, bertan jartzen baitituzte argitaletxe, diskoetxe eta kultur eragileek beren erakustokiak. Haatik, Azokak askoz eskaintza zabalagoa biltzen du, diziplina gehiagori eskainitako guneen bidez. Guneok herrian barreiatuta, Durango bera bilakatzen da Kulturaren Plaza. Hauek dira Kulturaren Plaza osatzen duten esparruak: Areto Nagusia, Hitzaren eta Gogoetaren plaza; Ahotsenea, Sortzaileen plaza; Kabi@, Digitalaren plaza; Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza; Plateruena, kontzertu handien plaza; Saguganbara, Txiki eta Handien plaza; Szenatokia, Arte Eszenikoen plaza; eta Azoka TB, Azokan gertatzen dena zuzenean jasotzen duena.

Sormenaren lurraldea
Bost egunez, sormenari begira jarriko da Azoka, aurtengo leloak azatzen duen moduan: Sormenaren lurraldea DA! “Gure lurraldea ez da ohiko lurraldea. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino hedatzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara du ardatz” azaldu zuen Gerediaga elkartearen presidente Nerea Mujikak. Sortzaileak eta hartzaileak, lurralde horrek kultur eragile guztiak batzen ditu, eta esperientzia ugariren jokaleku da: jendea, liburuak, diskoak, ikuskizunak, bizipenak, istorioak, sentipenak... Hala, Mujikaren hitzetan, “bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik ateratzeko eta sormenaren lurraldeaz gozatzeko. Zatoz sormenaren lurraldera!”. Lurralde horri Jose Antonio Sistiaga margolariak ipini dio irudia, berak egin duenez gero aurtengo kartela.

BA AL ZENEKIEN?
Azoka beti ez da Landako Gunean egin. 2003tik du hori gune nagusi, orduan zabaldu baitzuten Landako Erakustazoka. Aurretik, beste leku batzuetan egon zen: lehen ediziotik 1974ra arte, Uribarriko Andra Mari basilikaren elizpean; urte hartatik 1996ra arte, Merkatu plazan; ondoren, Azoka hazten joan ahala txiki geratuta, behin-behineko karpa erraldoi batek aterpetu zuen; azkenik, esan bezala, 2003an egungo egoitza ireki zen.


Azoka, zenbakitan

240 stand
145
parte hartzaile (horietako  16 autoekoizleak)
400
nobedade: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta bestelako 27 lan (joko, egutegi, agenda...)
200
ekitaldi baino gehiago

Omentzetik ereitera

Argizaiola saria, kultur eremuan aritu direnen lana aitortzeko 1992. urtetik banatu dena, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko beka izango da aurrerantzean: Azoka Sormen Beka. Argizaiolak iaz 25 urte bete zituenez, Omentzetik Ereitera izeneko ekitaldia egingo dute abenduaren 8an, Szenatokian. Sariaren urteetako ibilbideari erreparatzeko balioko du, bai eta sortu berri den beka aurkezteko ere. Bakarka zein taldeka aritu, sor-tzaile berrientzako beka izango da, ideiatik zabalkundera bitarteko sormen prozesu osoan laguntzeko. Literatura, musika, ikus-entzunezkoak, antzerkia... Durangoko Azokak biltzen dituen diziplinak izan beharko dituzte oinarrian, edo nahasita, sorkuntzek.

Ikasle Egunean,  helduak ikasle
Abenduaren 7an, Azokaren bigarren egunean, izango da aurten Ikasle Eguna. Euskal Herriko ikastetxeetatik etorritako ikasleentzat ez ezik, jende ororentzat ere izanen dira zabalik Azokako ateak. Halaber, ikasle zein helduek hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Iaz bezala, helduen tailerrak batik bat euskaltegietako ikasleei eta mintzalagun egitasmoetako kideei begira antolatu dituzte. Hiru izango dira: Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua; Bikoizketa tailerra; eta Autodefentsa digitalaren hastapenak. Tailer irekiak izango dira; beraz, bertaratu eta parte hartu!

durango

Plazaren kultura

Kulturaren Plaza da Durango, Azokako kultur eskaintza herri osora hedatzen duena. Kultura herri osoan, herri osoan giroa; Kulturaren Plazan, plazaren kulturak ere leku handia du eta. Kultura eta sormena nonahi, baina baita jai giroa, askotariko aldarrikapenak, bestelako eskaintza... ere. Azoka bilgune baita, jende askoren eta askotarikoren topagune. Zurrunbilo horretan, ez dakizu zer egin? Lasai, AIZU!k edonorekin egiteko planak eskainiko dizkizu!

Azoka Landakon
Diru-zorroa astintzeko lekua; ez izan zekena! Bi aholku: jende oldeak saiheste aldera, joan eguerdi aldera, bazkalorduan; haurrekin joanez gero, lehenengo joan Saguganbarara eta utzi umeak bertan, standak lasaiago ikusteko.

Gogoetaren Plaza
Landako barneko jendetza artean, gogoetari patxadaz heltzeko egokiera izango duzu. Euskal kulturaren negarrak eta indarrak hizpide, solasaldi eta mahai-inguru mamitsuetan.

Szenatokia
Ele! ikuskizunak zabalduko du gunea, abenduaren 6an. Antzerkia, mikroantzerkia... aurrizkiarekin edo aurrizkirik gabe, arte-eszenikoez bete-betean gozatzeko gunea San Agustin Kulturgunean.

Ahotsenea
Aurten hamar urte beteko dituen Sortzaileen Gunean, 123 sormen-lan aurkeztuko dituzte, sortzaileak eta beren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera emanda. Zuzenekoen karpan, guztira 70 kontzertu: Berri Txarrak, Rafa Rueda, Ze esatek!... Solasaldien Gunean, 53 aurkezpen: Eider Rodriguez, Joseba Tapia, Uxue Alberdi, Anjel Lertxundi...

Irudienea
Euskarazko ikus-entzunezkoen plazan, Zugaza zinema aretoan, eskaintza zabala izango da irudiaren jiran: dokumentalak, film laburrak, web-sailak, solasaldiak, lehiaketak... Aurten, gainera, haur eta gazteentzako eskaintza ere jasoko du egitarauak.

Kabi@
Bilatu domo geodesiko bat Landako alboan. Huraxe da Digitalaren plaza. Egitarau oparoa, mundu digitalean murgiltzeko: Bideo Jokoen Eguna Game Erauntsiaren eskutik, Wikipedia, PuntuEus, Hezkuntza librea...

Plateruena
Kontzertu handien plaza. Aurten, besteak beste, Governors, Arkada Social, Audience eta Glaukoma izango dira. Fite ibili, eta eskuratu sarrerak! Bestela, egin kasu abenduaren 10eko kontzertuei: Zeze taldeak, eguerdian, eta Jabier Muguruzak, gauean, doako emanaldiak eskainiko dituzte. Tumatxa!

Manifak eta aldarriak
Sormen lan adina aldarrikapen batzen ditu Durangok Azokak, eta egun horietan  herriko kaleak guztien erakusleiho erraldoia bilakatzen dira. Manifestazioak, sinadura bilketak... edozein txokotan eta edozein unetan.

Jai giroa
Kultura nonahi, bai, baina kulturaren aitzakian festa eta jai giroa ere herriko kaleetan. Kalean bueltaxka lasaia edota parranda basatia egiteko leku eta aitzakia ugari ematen ditu Durangoko Azokak.

Saguganbara
Etxeko txikientzako gunean, ipuin kontaketak, ikuskizunak, sormen tailerrak eta beste eskainiko dituzte, euskal kulturaren transmisioa xede. Etxeko helduentzat, berriz, plazer iturri bikoitza da: bai ekitaldiengatik bai umeek bake apur bat ematen dutelako. Izan kultur karraskaria!


Euskal Denda
Durangoko Azokaren berezko osagaia ez bada ere, hitzordu saihetsezina. Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak antolatuta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako 54 artisau batuko ditu, aurten, Udal Merkatu plazan Bizitza ehunduz lelopean, iaz hildako Jose Ramon Salmanton eta zendu berri den Juan Unzueta saskigileak gogoan izango dituzte, berritasunez betetako azokan. Ohi bezala, artisauen lana gertutik ezagutu ahal izango da, zuzeneko erakustaldiei eta ekintza gehiagori esker.

BA AL ZENEKIEN?
Sareetan ere ibil daiteke Durangon. Azokaren atarian (www.durangokoazoka.eus), Azokari buruzko informazio guztia  topa daiteke: egitaraua, berriak, Azoka TBren zuzeneko emisioa... Gainera, Azoka egunetan aplikazio bat izango da eskuragarri, doan, Android zein iOS sistemetan. Horrez gain, #NireaDA Instagrameko lehiaketa ere martxan da: Azokan eginiko erosketa erakutsiz gero, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako bi sarrera eskuratu ahal izango dituzue! Ekin Instagramekin, eta zoaz etxera sarrerekin!