“Ez dugu Falloux legea behar, ikastolendako marko legala baizik”

PAXKAL

Paxkal Indo (Donibane Lohizune, 1968) Baigorriko ZTK diskoetxearen zuzendaria, Kalakan taldearen sortzailea eta beste arlo asko (grafismoa, argazkilaritza, antzerkia...) jorratzen dituen artista da. Halere, Ipar Euskal Herriko 31 ikastolak eta 3.100 ikasle pasa biltzen dituen Seaska federazioaren lehendakaria ere badelako jo dugu berarengana. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Seaskak lege bat galdegiten du ikastolentzat, zertarako?
Seaskak, 1969an sortuta,  sekulako hazkundea izan zuen 80ko hamarkadan. 1994an, ikastolek elkarte kontratua sinatu zuten frantses estatuarekin eta, ondorioz, estatuak ordaintzen ditu irakasleak. Bestalde, 2009an eta 2012an, hiru urteko kontratu inportanteak sinatu genituen Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkuntza Ministerioarekin: horietan onartzen da Seaskak hizkuntzaren eta hezkuntzaren alde egiten duen lana. Orain, hitzarmen pean dagoen hori guztia legeztatzea komeni dela diogu, D ereduko sistema guziak lege horren pean egoteko. Hori da guk amesten dugun legea, frantses estatuko bost hizkuntza gutxituetan ikasten duten hamazazpi mila haurrentzat.
1850. urteko Falloux legeak debekatu egiten du hezkuntza egitasmo pribatuak diru publikoz laguntzea. Seaskaren egungo mehatxurik larriena da?
Lege hori oso injustua da, hor dira Hendaia eta Beskoitzeko aferak: Hendaian ezin dugu ikastola ukan eskola pribatua garelako, eta Beskoitzen ezin dugu ikastola jartzeko lurra eskuratu lan publikoa, hezkuntza, egiten dugulako. Gure arazoa da pribatua eta publikoa garela aldi berean. Legea oso zorrotza da eta kontra dugu; beti galduko dugu, juje, prefeta edo suprefeta batek irakurtzen ahal duelako kasik nahi bezala. Hemendik goiti, ez dugu Falloux legea behar, ikastolendako marko legala baizik. Badakigu ez dugula erraz lortuko, baina aitzinatu beharko gara. Gure lanaren onarpena egina izan da, eta orain beste zerbait lortu beharko dugu.
Zertan da Hendaiako ikastolaren auzia?
Hendaiako herriko etxeak ikastola berria egitea erabaki zuen, baina, Falloux legea medio, estatuaren ezezkoak irabazi zuen, demokratikoki hartutako bozka baztertuta. Ondorengo hautetsiek ikastola egin nahi badute, prozesu osoa hasi beharko da berriro, hastapenetik, eta oso luzea da. Gaur egun, Hendaian, 80 haur ditugu eskola zahar-zahar batean, kanpoan jostatzeko aterperik gabe. Egun osoa ematen dute gela barnean, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Aski urrun den jantegi batera joateko baino ez dira ateratzen, eta, euria bada, egun erdia pasatzen dute bustita. Baldintza horiek onartezinak dira. Normala da ikastolako haurrek ez edukitzea besteek bezainbat eskubide?
Eta Beskoitzen?
Orain, hiruzpalau haur daude bungalow batean, baina gehiago izango dira. Momentuz, bungalowa Udalari alokatutako lur publiko batera eraman nahi dugu, baina prefetaren auziak dio ezin dela. Halere, ez dut uste muturreraino joanen denik [Aldizkari hau inprentarako bidean zela, prefetak ikastolaren aurkako salaketa kenduko zuela agindu zion Seaskari gutun bidez]. Ez dugu nahi lur hori pertsona partikular batek alokatzea, ez baitugu nahi gure hezkuntza osoki pribatua izatea. Euskararen alde egiten dugun lana ezagutzea nahi badugu, lur publikoak behar ditugu lanerako. Oso inportantea da hori, Iparraldean D ereduko sare bakarra garelako. Ez dugu bakarrik hezkuntza arlo bat babesten, baizik eta euskara dugu geuk eramaten, osoki. Geu bagara D ereduaren eramaile bakarrak, euskararen geroaren eramaileak ere geu gara. Guraso elkarte pribatua gara, eta euskararen geroa ezin da pribatuen esku utzi. Guk plusbalio bat eskaintzen dugu: sistema, irakasleak, gurasoen lana... Baina gure lana ez da adreiluak metatzea edo leihoak konpontzea, hori beste batek egin behar du, ez Seaskak. Lehentasuna da erakunde publikoek eskaintzea zerbitzu hori.
Frantses estatuan, hizkuntza gutxituak ez dira ofizialak...
Frantses Konstituzioaren 2. artikuluak dio Errepublikako hizkuntza frantsesa dela. Konstituzio horren auziak argitzeko kontseiluaren interpretazioak, ordea, 'eta besterik ez' gehitzen dio artikulu horri, jakinda 75. artikuluak erregioetako hizkuntzak ondaretzat hartzen dituela. Frantziak, 1870ean, gerra bat galdu zuen Alemaniaren kontra; I. Mundu Gerran, Iparraldeko herri guzietako hainbat gizonezko borrokatu eta hil ziren, eta ez zekiten frantsesez. Nonbait, bataila asko galdu ziren soldaduak ez zirelako hizkuntza berean mintzatzen, ez zituztelako aginduak ulertzen. Traumatikoa izan da Frantzian gai hori, gerla horien ondoren erabaki zuten haur guziek frantsesa jakin behar zutela. Hori izan da Frantzian hizkuntza gutxituen erradikazioaren lehen fasea, gerra haien ondorioa da egungo pentsamolde arras nazionalista: denak berdin, hizkuntza bakar bat. Eta beste bat nahi izanez gero, familia giroan baino ez. Gauza serioak, gerra eta beste, frantsesez! Trauma handi hori, nonbait, oraindik hor dago. Frantses hizkuntza mito bilakatu da Errepublikan, guretzat oso zaila da frantsesaren kontra bizitzea.
Frantses estatua tokiko hautetsien aurka ari dela diozue, gehienek ikastola nahi dutelako herrian. Nola ulertzen da hori?
PSF alderdiko diputatu sozialista batek argi erraiten du ikastolak ezin direla 1850ean bezala eraman, lege bat behar dela eskola horientzat. Eta gehiengoa duen alderdikoa da, hori da arazoa. Parisen ezagutzen dute haren jarrera, ozenki erraiten baitu, Parisera ere eraman gaitu jende inportant baten ezagutzera. Eskizofrenia hutsa da: tokiko jendeak badaki euskarak behar duela bizi, baina Parisen ez dute hala ikusten.
Egoki ikusiko zenuke hautetsiek desobedientzia zibilaren hautua egitea?
Oso zaila da hori galdegitea hautetsi bati: desobedientzia zibilaren alde baldin bada, ez da hautetsia izan behar. Hautetsi izatea da sistema batean sartzea eta sartzen bazara soilik erraiteko hortik kanpo egingo dituzula gauzak... Azken finean, Iparraldean ikastolen alde egin den lana hori baino askoz politagoa da: ez da erraiten desobedientzia zibila dela, baina egin egiten da, eta hori da inportanteena. Ikastola bat udalaren diruarekin eraikitzen delarik, nehori erran gabe, zer da inportanteago? Ikastola lanean ikustea, gero eta haur gehiagorekin, ala auzapezak erraitea berak desobedientzia zibila eginen duela? Hendaiako afera baliatu dugu erakusteko desobedientzia zibila behar dela, ez dela normala ikastolaren ukatzea, baina, anartean, Angeluko ikastola inauguratu dugu, Donibane Lohizunekoan obrak hasi dira...
Behar bada martxoko udal hauteskundeetan...
Zerrendak osatzeko orduan, guraso batzuk etorri ziren, alderdiek beraien zerrendan sartzeko galdegin zietelako. Nik argi erran nien zerrenda ezberdinetan sartzeko, ikastola ez baita politika kontua. Iparraldean, ikastolek ez dute etiketa politikorik,  euskaldun eta euskaltzale guzienak dira, izan EAJkoak edo PSF alderdi sozialistakoak; baditugu UMPkoak eta ezker abertzalekoak ere. Denak ditugu Seaskan, euskara ikasteko aukera bakarra baita. Seaskan, alderdi guzietako auzapez eta hautetsiekin lan egingo dugu, arazorik gabe, ez baitugu alderdiekin lan egiten, tokian tokiko hautetsiekin baizik.
Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestekotan dabil frantses estatua. Keinu sinboliko hutsa izango da?
Bai, ez da dudarik, ez digu deus ekarriko. Iparraldean, Euskararen Erakunde Publikoaren eraginez, praktikan ezarri den euskararen aldeko politika dagoeneko Euroituna berresteko proposamena baino harago doa. Hala ere, ni berrestearen aldekoa naiz; bestela, beste 20 urtean ukango ditugu presidentegaiak berretsiko dutela agintzen.
Euskaldunon nortasuna ezabatu nahian dabiltzala esan izan duzu...
'Askatasuna, berdintasuna, senidetasuna' da frantses errepublikaren leloa. Baina, batzuetan, badirudi berdintasuna uniformetasun bihurtzen dutela buru gibelean: denok berdin izateko, berdinak izan behar dugu. Eta gu zuriak gara, baina euskaraz gara mintzo! Arrazismo hutsa da, Frantzian arrazismo handia dago. Nik 30 urte daramatzat euskal nortasuna eta euskararen aldeko militantzia azaltzen. Hastapenean, prest nituen itaun mota guziendako erantzunak, baina orain galdera batez erantzuten dut: 'Zenbat hizkuntza dakizkizu?'. Frantsesarekin aski dutela erantzun ohi dute; eta nik, orduan, zera erraiten diet: 'Orduan ezin duzu ulertu'. Zergatik gara euskaldunok hain irekiak? Bada, kasik denak elebidun, edo hiru edo lau eledun, garelako. Badakigu gure mundua ez dela gure herrian, Baionan edo Santa Grazin, amaitzen. Badakigu Hegoaldean beste euskaldun batzuk gaztelaniaz mintzo direla, eta Madrilen eta Parisen beste modu bat dela. Horren kontzientzia dugu. Baina frantses bat hizkuntza gutxitua duen estatuko herrialde batera badoa, ez da horretaz ohartzen. Berarentzat Frantzia Frantzia da, eta kito. Horrelakoak dira frantses errepublikaren kontzeptuak, ez dute dibertsitatea onartzen. Egunero borrokatu behar gara horren kontra, gure nortasunaren kontra ari direlako. Nork erabakitzen ahal du ni frantsesa naizela? Inork ez, hori oso gauza pertsonala da, sentimendu kontua.
Maiatzak 11, 31. Herri Urrats. Zein dira aurtengo xede nagusiak?
Egitasmo erraldoi bat dugu batxilergoko ikasleentzat. Gaur egun, lizeo bakarra dugu, Baionan, eta proiektua dugu Biarritzera eraman, handitu eta ondoan barnetegia egiteko Zuberoatik-eta etortzen direnentzat. Nahiz eta lizeo publiko baten diru kopuru erdia izan, 12-13 milioi behar ditugu orotara proiektua aurrera eramateko. Diru publikoa modu legalean lortzen ari gara, baina bizpahiru milioi faltako zaizkigu. Hori lortu nahi dugu Herri Urratsen, gazteak bizpahiru urte barru lizeo berrian egon daitezen.
Seaskaren Lagunak elkartea sortu da, diru iturri berriak bilatzeko xedez...
Diru iturriak ez dira berriak izango, dirua lortzeko moduak baizik. Crodwfunding delakoak oso berria dirudi, baina Xalbador ikastola horrela egin zen, nahiz eta dirua ez bildu Internetez, herri ekimenez baizik. Euskaldunok crowdfunding egiten genuen Internet sortu baino lehen, hori ziur. Eta euskararen alde, betidanik. Halere, teknikak dira berriak eta horiek ere jorratu behar ditugu. Gazte batzuek hori egin nahi badute, bikain, egin dezatela. Dirua behar dugu, baina politikoki baita diru publikoa ere, horrek gure lanaren onarpena dakarrelako. Beraz, beti eskatuko diogu lehenengo udalari. Haatik, dirua falta bazaigu edo, are okerrago, proiektu bat ezin bada aurrera eraman horregatik, orduan euskal jendeak eraman beharko du botere publikoek erabaki baino aurrerago. Hori da Seaskaren indarra: 'Ez duzue nahi? Bada, orduan, geuk egingo du, nahiz eta normalena litzatekeen zuek egitea'.

KOLKOTIK

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Seaskak lortu egin du murgiltze ereduaren aldeko legea. Bietan duzunez kontua, Facebook ala Twitter? Facebook, jokoak baitira, kar-kar! Gehien maite duzun musika tresna? Txalaparta. Ametsetan jarrita, nolako Seaska irudikatzen duzu? Musika gehiagorekin. Zergatik ikasi euskara? Eta zergatik ez? Zerk alaitzen dizu eguna? Argiak. Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Bizar zuriarekin! Gustuko musikaria edo taldea? Asko, musika estilo guziak maite ditut. Ilargira eramateko hamar disko baino ez hautatzeko eskatuko balidate, nahiago ez joan! Zertaz zaude harro? Nire eguneroko lanaz. Damutzen  zara ezertaz? Ez, ez dut astirik! Larunbat gauerako planik onena? Zinemara joatea emaztearekin.