Martin Zalakainen abenturak, oholtzara

zalakain

Pio Baroja idazlearen Zalakain abenturazalea nobela ezaguna oinarri, Martin Zalakain ikuskizuna sortu du Juan Antonio Urbeltz koreografoak. Beste hainbat sortzaile eta talderekin elkarlanean egina, dantza, musika eta antzerkia uztartzen ditu. Urbeltzek lanaren aurkezpenean esan zuenez, "narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da". Harkaitz Cano idazlearen laguntza izan du Urbeltzek gidoia osatzeko. Ander Lipus aktoreak Pio Barojaren rola betetzen du, eta Jon Garate dantzariak gorpuztu du Martin Zalakain. Haiekin batera, 80 dantzari taula gainean: Argia dantza konpainia, Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeko Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai. Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek sortu dute musika. Azaroaren 11n Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu ostean, beste hainbat lekutan eskainiko dute: abenduaren 16an eta 17an, Donostiako Victoria Eugenian; urtarrilaren 13an, Iruñeko Baluarten; eta otsailaren 17an eta 18an, Baionako antzokian.


mendifilmABENDUAREN 8tik 17ra egingo da Bilbao Mendi Film Festival 10. Nazioarteko Mendiko Zinemaldia. Aurten, nazioarteko 51 lanek hartuko dute parte Sail Ofizialean; tartean, lau lan euskaldun: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon. Ohi bezala, filmen emanaldiekin batera bestelako ekintzak ere egingo dira jaialdian. Esaterako, lau erakusketa eta hainbat solasaldi. Bestalde, aurten Nanga Parbat mendian hildako Alberto Zerain eta Mariano Galvánen oroimenez ekitaldi berezia egingo dute. Xehetasun guztiak http://mendifilmfestival.com gunean.

 

 

 

LABURREAN

ONDO BIDEAN, datorren urtean estreinatuko dute Koldo Almandoz zinemagilearen fikziozko lehen film luzea: Oreina. Aurtengo udazkenean egin dituzte filmatze lanak, eta azaroaren hasierarako amaitu dituzte. Txintxua Films etxeak ekoitzia, hiri-kanpoaldeetan bizi diren hainbat jatorritako pertsonaiak izango ditu ardatz, giroak eta inguruneak nahasita: hiriko bizitza, industria giroa eta natura. Aktoreen artean dira Ramon Agirre, Patxi Bisquert, Iraia Elias, Erika Olaizola eta Laudad Ahmed Saleh.


cafeDAGOENEKO zabalik da Kafe Bar Bilbao XV. Teatro Laburreko Gidoien Lehiaketa, Kafe Bar Bilbaok Tartean teatroaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketa. Kafe-teatrorako edota formatu txikiko antzezlanetarako gidoiak aurkez daitezke. Hiru sari emango dituzte: 750 euroko bana euskarazko eta gaztelaniazko lanetarako, eta “sari berezia gure lagun eta lankidea den Patxo Telleriari”, euskal dramaturgian urte askoan egindako lanarengatik eta, “zehazki, Tabernaria: Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña teatro laburreko idazlanarengatik”. Abenduaren 31ra arte aurkez daitezke lanak. http://bilbao-cafebar.com gunean jaso dituzte zehaztasunak, Teatro saria atalean.