The Square

square

Zuzendaria: Ruben Ostlund. Gidoia: Ruben Ostlund. Aktoreak: Claes Bang, Elisabeth Moss, Dominic West, Terry Notary, Christopher Laesso. Suedia, 2017.

Istorioa: Christian arte garaikideko museo baten zuzendaria da. The Square izeneko erakusketa prestatu dute, giza balioak eta altruismoa bultzatzea xede. Erakusketa sustatzeko, komunikazio agentzia bat kontratatuko du museoak. Alabaina, komunikazio agentziak prestatuko duen sustapen bideoak kritika ugari eragingo ditu.
Sariak: Aurreko lanekin sariak adina sona pilatuta, zuzendari entzutetsua da Ostlund. The Square honekin  ere noranzko horretan jarraitu du, Urrezko Palma eskuratu baitu aurtengo Cannesko Zinemaldian.
Onena: Kritika sozial garratza egiten du filmak, egungo gizartearen ezaugarri eta joerei gordin erreparatuta. Probokatzaile, hainbat gai jorratzen ditu: aberastasuna eta pobrezia konplexurik gabe nahasten dituen jendartea, giza balioen benetako balioa, zuzentasun politikoaren atzaparrak... Eztena batera eta bestera astinduz, eta umore beltzezko kolpeak baliatuta, ezinegona eragiten du filmak, nabarmen. Baita iritzi kontrajarriak piztu ere ikusleen artean!
Eñaut Mitxelena