Rafa Rueda, kristalezko hirian barna

rueda

Rafa Ruedak hiriaren inguruan girotu ditu bere azken diskoko (Hiri Kristalezkoa, Elkar) hamar abestiak. Hiria, komunitatea eta bakardadea, kosmopolitismoaren malurrak, iraganeko etorkizuna, pertsonen hauskortasuna... dira hainbat idazle eta bertsolari ezagunek idatzi dizkioten kantuen gaiak. Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballesek sortu dituzte hirian bizi diren hamar lagunen istorioak, eta pertsonaia horien izena dute abestiek izenburu. Hori bai, diskoko azken kanta, Irina, Ruedak berak idatzi du. Ekoizpenari dagokionez, We Are Standard taldeko Jon Agirrezabalagak erantsi dizkio diskoari ukitu elektroniko eta dantzagarriak. Hiri Kristalezkoa, mungiarraren bakarkako bosgarren lana, Enaren geografia kaleratu zuenetik sei urte igaro direnean iritsi da. Hemendik aurrera, hainbat izango dira lan berria zuzenean ezagutzeko aukerak, besteak beste, abenduaren 6an Durangoko Ahotsenean, 15ean Tolosako Bonberenean eta 16an Amurrioko Burubio kultur elkartean.


miceMICE izena jarri dio Miren Narbaizak bere bakarkako lehen diskoari. Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero, oraintsu plazaratu du bere debuteko lana, abuztua eta urria bitartean Berako Atala estudioan grabatua. Zortzi kantu bildu ditu, orain arte egindako musika ibilbidean ikasitakoa, eta erakusteko gogoz zegoena, doinuetan jarrita. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak. Giro arin eta argiagoak ahaztu gabe, ahotsa da guztiaren gidari. Joseba Baleztena izan du alboan diskoa ekoizten, eta Narbaizaren konposizioen moldaketen ardura ez ezik, gitarrak, baxua eta teklatuak ere gehitu dizkio grabazioan. Ilargi Agirre eseri da baterian, eta soinuaz Iñigo Irazoki arduratu da.

 

 

odolarenETSIPENAREN AURKA
Odolaren Mintzoa
Autoekoizpena, 2017

Taldearen bigarren lanak bederatzi abesti zuzeneko eta sakon batzen ditu. Dotoreziaz nahasi dituzte pop-rockaren melodia gazi-gozoak, gaurkotasunez bustitako hitz gordinak eta hardcore eta metal zutabeak dituzten oinarri musikal sendoak. Garate Studios-en eta Kaki Arkarazoren gidaritzapean ondu dute lana, % 100ean analogikoki grabatuta. Hala, instrumentuen zein ahotsen gordintasunak eta naturaltasunak abesti oro zipriztindu dute. Hitzak egungo gazteen kezkez eta ametsez osatzen dira, esaera bikoitzez marraztutako baliabide poetikoez estalirik.

velozetDEABRU BERRI BATEN JAIOTZA
Velozet
Autoekoizpena, 2017

Talde hondarribiarraren estreinako diskoa da honako hau. Hitzetan infernuaren inguruko erreferentzia ugari biltzen dituen lana bederatzi abestiz osatua dator. Hauek dira taldearen gaietan aurkitzen ditugun hiru osagaiak: kultuzko zinema, B serieak eta rock and rolla. Xabier Calvo (gitarra), Miliko Velozet (gitarra, koruak), Odei Barrondo (bateria), Xabi Perez Bull (baxua, koruak) eta Mikel Tife (ahotsa) dira taldekideak, eta denen artean osatu dituzte abestien musika eta hitzak. Taldearen kontzertuetan eskura daiteke Berako MIK estudioan grabatutako lana.