‘Umezurtzen aberria’, autobiografia eta kronika

ilustratu

Julen Kaltzada (Busturia, 1935-2017) euskara irakasle eta idazlearen biografia plazaratu dute Edorta Jimenezek eta Txalaparta argitaletxeak: Umezurtzen aberria. Lana Bilbon aurkeztu, eta bost egunera hil zen Kaltzada, azaroaren 13an. Udaberrian jaso zuen AEKren eta 20. Korrikaren omenaldia, beste batzuekin batera, Korrikaren sortzaileetako bat izan zelako. Aparteko pertsona baten autobiografia eta gure historiako aro luze baten zuzeneko lekukotza biltzen ditu Umezurtzen aberria liburuak. Antropologia lan baten antza duen kontakizunean, Kaltzada desagertutako ohiturez eta paisaiez mintzatu da, baina kontzientziaren itzartze pertsonal eta kolektiboaren kronika bizia ere egin du: gerraosteko Urdaibaiko bere ibilerak, apaiztegietako giroa, Gogor apaiz taldearen borrokak, Burgosko prozesuko pasarte ezezagunak, Zamoran kartzelatutakoen askatasun grina, berreuskalduntzearen lehen urratsak, Egin egunkariaren sorrera eta itxiera...


edoEDO! argitaletxeak amaitutzat eman du bere jarduna, bertako kideek Edotafioa izeneko idazkian azaldu dutenez. Bazkideen borondatezko lanean oinarrituta, hamabost liburu kaleratu ditu bere ibilbidean, guztiak ere euskaraz. Lantaldearen esanetan, “gizarte eragile independentea” izan den argitaletxea “pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa sustatzeko tresna” ere izan da; haatik, aitortu dute “porrot egin” dutela, “maitasunez, kulturaren alde“. Asmatu ez eta nekatu egin direla onartuta, literaturari itxaropenez erreparatu diote: “Literaturak horixe du aldeko: argitaletxeak amaitu arren, liburuak geratu egiten dira. Izan ere, liburuak beren bizitza luzatzen tematzen dira, egoskor: arretaz jarraituko dugu, aurrerantzean ere, haien bidea”.

 

 

 

 

 

itzuleraITZULERA
Martin Bidaur
Susa, 2017

Haurtzarotik gaztarorako bidaia poetikoa da hau: Okzitaniatik Euskal Herrira, hemendik Parisera, eta handik itzulera. Esperientzia intimo baten kontaketa egin du poetak bere lehen liburuan, oroitzapenak biltzeko, lekuak berriz bisitatzeko, iragan nolabait hautsia ulertzeko... nahiz eta jakinaren gainean egon ia dena aldatuta eta ezberdin kausituko duela. Nork bere burua onartzetik datorren identitate bilaketaren hasiera da poemetan ageri duena.

 

ametsondoaAMETSONDOA
Peru Magdalena
Elkar, 2017

Ipuin labur, zoro eta zoragarriak dira, argitaletxearen esanetan, Peru Magdalenak asmatu dituenak: pentsamenduak eta sentsazioek bat egiten duten puntuan, filosofiari arrazionaltasuna kenduta, mistikari umorea erantsita, literaturaren lilura duten pieza txiki, jostagarri eta paradoxazkoak. Errekak eta loreak, ispiluak eta txoriak, maitaleak eta zaldiak, perretxikoak eta desertuak topa daitezke orritan; eta, batez ere, gogoa biluzteko gonbidapena.