Gizakia zentzu bila

kritikaViktor E. Frankl
Itzulpena: Lontxo Oihartzabal Rezola, Miren Arratibel Garmendia
Erein, 2017

C1 maila

Hau liburu on bat baino gehiago da. Viktor E. Franklen liburu hau da, hasteko, klasiko bat kontzentrazio esparruei buruzko literaturan. Klasiko bat da, halaber, osasun arloko profesionalentzat, oro har; psikologian aritzen direnentzat, bereziki. Sona handiko klasikoa, berrogeita hamar bat hizkuntzatara itzuli izan baita, eta liburuaren milioika ale saldu baitira munduan. Hainbeste, ezen, Washingtongo Library of Congressen arabera, Estatu Batuetan gehien eragin duen liburuetako bat da. Pentsalari askoren ustez, hitzaurrean Mª Angeles Noblejas de la Flor-ek dioen bezala, “gizateriaren historiako liburu nagusietakoa”.
Franklen lanak bi zati ditu: psikologo bat kontzentrazio esparru batean, eta logoterapiaren oinarrizko kontzeptuak. Lehen atala Lontxo Oihartzabalek euskaratu du; bigarrena, ostera, Miren Arratibelek.
Lehen zatia da luzeena: kontzentrazio zelaikoak jasotzen ditu, eta irakurle ez-espezializatuaren arreta bete-betean bereganatzen du. Lehen zati honetan, sarreratxo bat eta hiru atal daude, kontzentrazio zelaian sartzen den unea, hango bizimodua eta handik askatuak izan ostekoak azaltzen dituztenak, hurrenez hurren. Hala, Franklek kontatzen digu nola bizi, sentitu edota jasaten diren lehen aldiko erreakzioak, apatia, gosea, umorea...; lehen pertsonan eta gordintasun osoz, baina baita psikologian adituak bakarrik azal dezakeen eran ere.
Igor Elordui Etxebarria