Joseba Intxausti historialariaren obra osoa sareratu du ‘Jakin’ aldizkariak

intxausti

Jakin Taldeko kide historikoen lanak digitalizatzeko duela zenbait urte hasitako lanean, beste urrats bat eman du Jakin aldizkariak: Joseba Intxausti Rekondo (1936, Segura) historialari eta euskaltzalearen obra osoa digitalizatu du. Orotara, sei hamarkadan argitaratutako 504 dokumentu, 11.684 orrialde, ipini dituzte sarean denon eskura: 36 liburu oso, 103 liburu zati eta 365 artikulu. Intxaustiren ekarpena zabala da oso. Euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriko erlijio-historiaren ikerketan aitzindaria, historia lanetatik kanpo ere nabarmendu da. Hala, euskararen terminologia arloan ere aurrendaria izan da, Jakin sortu zen unetik bertatik garbizalekeriari aurre egitera ausartu baitzen, eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren sorrera bultzatu baitzuen, baita hura zuzendu ere. Bere lan guztiak https://www.jakin.eus/intxausti gunean ipini dituzte.


beituGAZTE ETA NERABEEK aisialdian kontsumitzen dutena euskaraz izan dadin eta eskura jaso dezaten, hedabide digitala sortu du Gaztezulo aldizkariak: Beitu! Sakelako telefonoari itsatsita bizi dira gazteak, sare sozialak informazio eta aisialdi iturri moduan baliatzen dituztelako. Horrexegatik, eta gazteen artean euskararen erabilera indartzeko asmoz, jaio da Beitu! Segapotoan erabiltzeko diseinaturiko plataforma digitala da, eta izena eman beharra dago edukiak jaso ahal izateko. Behin izena emanda, gazteek WhatsApp bidez jasoko dituzte aisialdiarekin loturiko edukiak: bideoak, umorezko kontuak, lehiaketak, elkarrizketa laburrak... Edukiak sortzeko orduan, hainbat kolaboratzaileren laguntza izango dute, hala nola, Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrena edota Mr. Euskaldun ilustratzailearena. Sare sozialen bidez (Instagram eta Spotify, esaterako) Beitu! osatzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek. Izena ematen dutenek hilero jasoko dute Beitu! telefonoan, doan. Bi modutan eman daiteke izena: hedabide berriaren Instagrameko kontuan, edota www.gaztezulo.eus/beitu helbidera jota.

LABURREAN

ESKOLATIK KANPO ere euskara erabiltzeak duen garrantziaz jakitun, Nafarroako toki erakundeetako 28 euskara zerbitzuk Era izeneko ataria ipini dute martxan, elkarlanean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko, eta seme-alaben prozesua osatzeko. Gurasoei informazioa eskaintzen die atariak, eta baliabideak eskaintzen ditu seme-alabek euskararekin duten harremana indartzeko: eskolaz kanpoko eskaintza, ipuinak, haur kantak, marrazki bizidunak, agenda... Hori guztia eranafarroa.eus gunean eskura daiteke.

muralaEUSKALDUNTZEN ari direnei ere ekarpena egiteko asmoz, Ikasgela izeneko atal berezitua sortu du Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webgunean. Txapelketarekin eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat eduki eta dokumentu ipini dituzte eskuragai, nahi dutenek material didaktiko moduan erabil dezaten. Hots, bertsolaritzara modu ludikoan gerturatzeko baliabideak, euskaltegi, ikastetxe eta interesa duten guztientzat erabilgarri. Dokumentuek eta ikus-entzunezkoek osatzen dute Ikasgela: Txapelketa Nagusia asterik aste jarraitzeko murala, BDB Bertsolaritzaren datu basean aritzeko bideak, Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren kanala, azken txapelketako bertsoaldirik nabarmenenak Bertsoa.eus atariak bilduak, bertsolariek atzerriko inprobisatzaileekin egindako topaketei buruzko informazioa, etab. Hori guztia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webgunean, Ikasgela atalean.