Itsas ondarea berreraikitzen

baleontzia

Lan handiko egunak dira Pasai San Pedroko Itsas Kultur Faktorian, itsas ondarea lantzea helburu duen Albaola elkartearen egoitzan. Iraganean Aizkorreta ontziola izandakoa atontzen ari dira, elkartearen hurrengo egitasmoa gauzatu ahal izateko: 1563an Pasaian eraiki eta 1565ean Red Bay-ko (Labrador, Kanada) uretan hondoraturiko San Juan baleontzia berreraikitzea, antzinako moldeak jarraituz.Eñaut Mitxelena.

 

Albaolako kideek aspaldi zuten begiz jota San Juan galeoia. Euskal Herriko ontzigintzaren historian ez ezik, “mundu mailan ere oso enblematikoa delako”, Albaolaren sortzaile eta lehendakari Xabier Agotek azaldu duenez. Orain, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitako proiektu bihurtuta, aspaldiko asmoa gauzatze bidean da. Ez da, ordea, berreraikitze soila izango: euskaldunon itsas ondarea berreskuratzeko egitasmo zabalagoaren parte izango da San Juan. Behin berreraikita, halaber, Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria ere izango da baleontzia.
Ondo bidean, Aste Santua iritsi baino lehen amaituko dituzte egokitze lanak, eta orduan hasiko dira baleontzia eraikitzen. Dagoeneko prest dira, Zeraingo zerrategi batean, horretarako baliatuko dituzten 200 haritz enbor, iaz Sakanako basoetan banan-banan aukeratu eta moztuak. Bi urtez, jendaurrean eraikiko dute baleontzia. Donostia 2016ko aholkulari eta proiektu honen koordinatzaile Jon Maiaren hitzetan, “aurrekaririk gabeko erronka zientifikoa izango da, oso fidela izango baitzaio jatorrizko eraikitze prozesuari. Besteak beste, XVI. mendeko ontzigintzari buruz munduan informazio gehien ematen duen ontzia delako San Juan”. Baleontziaren pieza guztien trazaketa egiten ari dira egunotan faktorian, bakoitzaren tamaina errealeko txantiloiak sortzeko. “Ondoren,  eredu horiek baliatuko dituzte arotzek enborretatik piezak ateratzeko”.
Jatorrizko prozesuari ahalik eta leialen izanda, eraikitze lanetik harago jo nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. Maiak azaldu duenez, “Euskal Herria mundu mailan abangoardian kokatu zuten ontzi, teknologia  eta industria motak” erakusteko balioko du. Hots, bale arrantzaren eta bale olioaren komertzializazioaren jiran garaturiko industriaren eta jendartearen berri emateko.  “Uste dugunaren aurka, Euskal Herria ez zen artzaintzatik bizi zen herri isolatu eta pobrea. Alderantziz, munduarekin lotura handia genuen, eta hemen zegoen Europako puntako teknologia. Horregatik lortu zuten ozeanoa zeharkatzeko gai ziren ontziak egitea”.
Balearen garrantzia
XVI. mendean, balearen olioa erregai estimatu eta erabilia zen Europan eta, ondorioz, etekin mardulak ematen zituen bale-arrantzak. Horretan, euskaldunak izan ziren jaun eta jabe XVII. mendera arte. Bale-arrantzaren etekinen xerka garatu ziren euskal industria eta ontzigintza, garaiko maila gorena lortzeraino. Finean, Euskal Herriak bazituen industria hori guztia garatzeko ezagutza, teknologia eta baliabideak. Dena “oso lurralde txikian. Beste inon ez zen horrelakorik gertatzen: hemen bazegoen egurra, meategiak, mineral horiek transformatzeko burdinolak, lehorreko garraiorako idi eta zaldiak... Eta mendetako jakinduria. Gehienbat horrek garatu zuen Euskal Herria: Pirinioetatik kostalderaino hedatzen zen sarea. Ontzi hauek hori guztia erakusten dute”.
“Gakoa, batez ere, lehorreko sare hori zen”. Milaka lagunek egiten zuten lan bale-industria eta ontzigintzaren inguruan, “basoetatik kostalderaino. Zumaian, adibidez, 13 ontziola zeuden. Kostaldeko herri guztietan izaten ziren halakoak”. Ez zen, ez, nolanahiko jardun ekonomikoa. Maiak aipaturikoak adibide: “Hain lurralde txikian, urtero 4.000 edo 5.000 gizon abiatzen ziren Atlantikoan barrena zortzi hilabeteko espedizioetan”. Alderaketa egiteko beste datu bat: “Garai hartan, Donostian, 3.000 lagun inguru bizi ziren”.
Garai eta jendarte hura bere osotasunean erakusteko balio izango du egitasmoak. Hala, ontzia eraikitzeko prozesuan, “hornitzaileei dagokienez, XVI. mendekoen baliokideak liratekeenak bilatu ditugu: haritzak Sakanatik datoz; ontziak egiteko brea Burgosko (Espainia) nekazari elkarte batek egingo du, antzina bezala; Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin sagardoaren gaia landuko dugu, garai hartako bidaia luzeak sagardoz hornitzeko dolareak behar zirenez, orduan sortu baitziren ehunka baserri...”. San Juanen hornitzaile izango diren elkarte horiekin guztiekin eta proiektuarekin loturiko beste hainbat elkarte eta eragilerekin, San Juan 2016 Sarea osatuko dute. Maiaren hitzetan, “jendeak buruan ez duen Euskal Herria itsastar hori erakutsiko du. Dinamika  eta turismo eskaintza berriak sortzeko sarea izango da”.
Itsas faktoria
Nolanahi ere, proiektuaren epizentroa orain azken ukituak jasotzen ari den Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria eraikina izango da. Dinamismoa eta parte-hartzea izango ditu ezaugarri nagusi eta, horregatik, museo izendapena baino, faktoria izena hobetsi dute. Parte-hartze horren adibide da orain arte eginiko lana: Albaolako kideez gain, herriko eta atzerriko hainbat boluntarioren lanari esker ari dira burutzen egokitze lanak.
Faktoriak hiru gune izanen ditu, baina sartu aurretik ere izango da zer ikusia. Izan ere, baleontzia eraiki bitartean, kanpoaldean errementari bat ariko da lanean antzinako errementarien moduan, ontzia egiteko beharrezko iltze eta metalezko piezak egiten.
Behin barruan, lehen guneak museo klasikoen tankera izanen du. Beheko solairuan, hainbat argibide-taularen bitartez, San Juani buruzko informazioa eskainiko zaie bisitariei: ontziaren ezaugarri nagusiak, baleontziaren aurkikuntzaren inguruko xehetasunak... Horrez gain, Euskal Herria itsastar hura nolakoa zen azalduko da: basoen ustiaketa, burdinolen lana, bale-arrantza… Era berean, umeen txokoa ere izanen da.
Bigarren gunea, itsas antzokia deiturikoa, lehen solairuan egongo da. Asteko zazpi egunetan, arotzek ontzirako piezak modu tradizionalean nola egiten dituzten ikusi ahal izango da. Horrez gain, “beste zenbait ofiziotako artisauak ibiliko dira: oihal egileak, kupel egileak, soka egileak...”. Jada galdurik diren lanbide horiek guztiak berpiztuko dira itsas antzokian. Gainera, eszenatoki bati esker, kultur programazioa osatzeko aukera eskainiko du guneak: sareko kide diren elkarteen ekitaldiak, hitzaldiak, kontzertuak... Egun, pago enbor luze bat ikus daiteke bertan: hori izango da ontziaren bizkarrezurra, gila.  Maiak dioenez, “gila pagoz egitea euskal ontzien ezaugarria da. Gainontzekoan, haritza erabiltzen da, ur azpian edota uretik kanpo oso ondo mantentzen delako; pagoa, aldiz, soilik urpean mantentzen da ondo”. Mastak egiteko, aldiz, izeiak baliatuko dituzte.
Ondoren, hirugarren gunera iragango dira bisitariak eta “gure harrotasuna: estalpea” topatuko dute bertan. Hots, San Juan baleontziaren berreraikitze lanak babestuko  dituen egurrezko egitura. Piezen muntaketa egingo dute bertan, jendaurrean. Estalpea inguratzen duen pasabide bati esker, “eraikitze lana angelu eta altuera guztietatik ikusi ahal izango da”.
Estalpean ere protagonismo berezia izanen du egurrak, ekipamendu gehienak egiteko baliatu den heinean: “Egurrak eraikuntzarako duen balioa aldarrikatuko dugu horrela, porlanaren eta bestelako materialen mesedetan baztertua izan baita. Egurrari prestigioa emateko proiektu sinbolikoa izango da”.
Helburu anitz
Hiru guneez gain, faktoriak adar gehiago izango ditu. Batetik, ontzigintza eta nabigazio tradizionalaren nazioarteko eskola sortuko dute eta ikasleek bertan hartuko dute aterpe, goiko solairuan horretarako egiten ari diren aterpetxean. Bestetik, Pasai Donibaneko enparantza parean Ondarearen Kaia izeneko portu txikia paratuko dute, non Albaolak orain artean sorturiko ontzi tradizional guztiak egongo diren ikusgai, “paisaia kultural jakin bat osatuz”. Maiaren hitzetan, “puzzle horrekin, Pasaia Euskal Herriko itsas kulturaren portua izatea nahi dugu: kultur egitasmo izaera eta nabarmentasuna eman Pasaiari, hemen eta Europan”.
Azken batean, Pasaiaren historian hain garrantzitsua izandako ontzigintza berreskuratuta, “garapen ekonomikorako ardatz kultural bat emango dio egitasmoak Pasaiako badiari: proiektu turistiko handia izango da eta espero dugu eragina izatea badian, zuzeneko eta zeharkako lanpostuak sortuta”. Faktoria izango da dinamizatzaile eta garapen faktore, baina ondare askoz zabalagoa utziko du ondoren ere, arestian aipaturiko San Juan 2016 Sarea, kasu. Hain zuzen ere, baleontziaren inguruan garaturiko zeharkako helburu horiek guztiak izan dira, hein handi batean, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak proiektua bere egiteko aintzat hartu dituen ezaugarriak.
Edonola ere, kultur hiriburutzak bere egindako proiektuak bere egingo du kultur hiriburutza: bi urteko lanen ostean, 2016an itsasoratuko dute ontzia, eta Donostia 2016ren enbaxada mugikorra izango da. Hala, Europako hainbat hizkuntza eta kultura gutxitu lotzeko itsas zeharkaldia eginen du portuz portu, hainbat ekintza bilduta: ikuskizun bat, erakusketa... “Hiriburutzaren kultur enbaxada mugikorra izango da, Europaren kohesioa eta aniztasuna indartzeko balioko duena”. Lehen gurutzaldiaren ondoren, halaber, Bizkaiko Golkoko herriak ere bisitatuko ditu baleontziak.

Ontzi ikurra

Ekaitz baten ondorioz, 1565ean hondoratu zen San Juan baleontzia karga guztia barnean zuela. Ontziaren arrastoak 1978an topatu zituzten Parks Canadako (Kanadako Gobernuaren menpeko erakundea) ikerlariek. Selma Huxley historialariaren (Londres, Erresuma Batua, 1927) lana funtsezkoa izan zen, Oñatin aurkitu zuen hondoratze haren aseguru parteari esker izan baitzuten ontziaren berri. “Istripua nola gertatu zen, zenbateko karga zuen... datu asko jasotzen zituen agiri hark” dio Maiak. Bale-olioaren merkataritzak zuen balioaren adibide da agiria:“Hurrengo urtean, kargaren bila itzuli ziren, urpetik ateratzeko”.
Egun ongien kontserbatzen den XVI. mendeko ontzia da San Juan, eta, ondorioz, Unescok munduko itsas ondarearen ikur bilakatu du. Hain juxtu, ondo baino hobeto mantendu delako dute ikerlariek XVI. mendeko euskal ontzigintzaren xehetasunen berri. “Historiako lehenengo zamaontzi transozeanikoaren eredua da San Juan” zehaztu du Maiak. Zama garraiatzeko propio eraikitako ontziak ziren euskaldunek garai hartan egiten zituztenak, eta ezaugarri zehatzak dituzte: “Horregatik dira zertxobait sabelduak, ahalik eta zama handiena eramateko. Zama dirua baitzen”. Hiru mastako ontzia zen San Juan, 28 metro luze eta 7 metro eta erdiko erruna zuena. “50 edo 60 bat lagunek osatzen zuten eskifaia”. Haatik, zama tripulazioa baino garrantzitsuagoa zen: “San Juanek, zehazki, 250 litroko 900 bale-olio upel garraia zitzakeen. Kupel bakoitzak gaur egungo 5.000 edo 6.000 euro balio zuen”.