Ikonografia

julenJulen Gabiria

Zer geratuko da, denboraren galbahea igarota, une honetan albistegiak betetzen dituzten gairik zurrunbilotsuenekin; zenbatek eutsiko diote orain duten garrantziari, egunkari azal osoak hartzeko gaitasunari? Denbora baita neurgailurik zorrotzena, baskularik fidelena, dagokigun lekuan jartzen gaituen epailea, berak erabakiko du etorkizunean zer gogoratuko dugun eta zer ez, orain albiste den gertakari horren zein printza txikik hartuko duen gertakari osoaren ordezkaritza jendearen memorian. Dena ezin izango da zehatz gogoratu, demagun, ehun urte barru; eta ikonoak beharko dira laburpen gisa, oroitzapen osoa irudi bakarrean kondentsatzeko. Memoriak osotasunaren ordezkaritzak behar ditu, bizipenen sukurtsalak, irudi bidezko helduleku urri baina irmoak, denboraren etengabeko enbatei eutsiko dietenak.
Gaur egun, historikotzat jotzen diren gertakariak arnasa bezain ohikoak dira; merke dago Historia. Baina tarteka, oso gu-txitan, erabat berria eta benetakoa den zerbait jaiotzen ari dela ikusten duzu, jaiotza orok duen izaera ia mirarizko eta txundigarriarekin; eta ikonoak agertzen hasten dira: argazkiak ziren lehen, bideoren bat edo beste, audio gutxiren bat; irudi bakar batek laburbiltzen zuen iraultza oso bat, bonbardaketa atomiko oso bat, gerra oso bat. Orain, aldiz, ikonografiak sortzea hain da erraza, hainbeste bideo eta argazki dabiltza sarean atzera eta aurrera, ezen ikono bakarra aukeratzea ere zaila baita; zein ote egokiena, adibidez, etorkizunean Kataluniako prozesua oroitzeko: ferryarena, polizien jipoiren batena, Vila-rodonako elizan egindako boto-zenbaketarena, adierazpen instituzionalen batena, guardia zibilen auto menderatuarena... auskalo! Zalantza hori argitzen den bitartean, Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuak herritarrei eskatu die eskura dituzten irudi eta bideo guztiak hara bidaltzeko, ondare publiko bihurtu eta egunez egun handituz joango den artxibo nazional batean gorde daitezen.
Gezurra baita: herri baten memoria ez du soilik denborak erabakitzen.