Urdaibai

haritzZabalik da bertako basoak leheneratzeko diru kanpaina

Gure basoak, gure etorkizuna izenburupean, Urdaibaiko basoak leheneratzeko crowdfunding kanpaina abiarazi du Lurgaia Fundazioak, natur ondarearen kontserbazioan eta kudeaketan eragitea xede duen irabazi asmorik gabeko elkarteak. Zehazki, Undabaso izeneko parajean, Muxikan, 31 hektareako lursaila erosi nahi du. Eskuratuz gero, pinuak kendu eta haritzak landatuko dituzte. Lehendik badute beste 26 hektareako lursail bat, dagoeneko haritzekin birlandatua. Bi lursailak batuta, Urdaibaiko hariztirik handiena osatuko lukete. Proiektua gauzatzeko, baina, 108.000 euroko aurrekontua bete behar dute. Bazkideen kuoten bidez eta aurreko urteetan egindako lanari esker, dagoeneko lortu du zati handi bat Lurgaiak. Halere, diru guztia lortu ahal izateko, crowdfunding kanpaina ipini behar izan dute martxan, goteo.org plataforman. Guztira, 20.000 euro lortu nahi dituzte. Lurgaia Fundazioak ia hamar urte daramatza lanean Urdaibai Biosfera Erreserban bertako basoak leheneratzen. Urteotan lan handia egin arren, oraindik ere galtzak bete lan dute: Urdaibaiko azaleraren % 78 pinu eta eukaliptoz beterik dago. Oraingo kanpainak beste urrats bat ekarriko du hango basoen berreskuratzean, baldin eta beharrezko dirua biltzen bada. Kanpainari diru ekarpenak egiteko epea azaroaren 23an amaituko da, eta goteo.org gunean egin daitezke, non, halaber, egitasmoaren xehetasun guztiak ezagut daitezkeen.