Hizkuntz eskubideak

Euskara lurralde osoan ofiziala izateko dinamika abiatu du Kontseiluak

Euskara ofiziala Nafarroa osoan izeneko dinamika abiarazi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatzeko. Hots, euskaldunek Nafarroan bizi duten bereizkeria gainditu eta zonifikazioarekin amaitzeko. Bi urte dira legegintzaldi berria abian jarri zenetik, eta harrezkero zenbait aldaketa egin direla nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, kanpainaren aurkezpenean. Esanguratsuena, Euskararen Legearen moldaketa, eremu mistoa delakora herri gehiago gehitzeko aukera ematen duena. “Edonola ere, euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu bereizkeriaren eragilea den eskualdekatzea”. Izan ere, soilik eremu euskalduna izenekoan da euskara ofiziala oraindik ere. Beste bietan, aldiz, euskaraz bizitzeko zailtasun handiak dituzte euskaldunek. Hori iraultzeko, “nahitaezkoa da euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa indargabetzea. Injustizia egiten ari da euskaldunokin. Euskararen lege berria behar dugu”. Hizkuntz eskubideetan nafar guztien berdintasuna aldarrikatzeko dinamika Iruñerriko zenbait herritan egingo da: Antsoain, Berriozar, Burlata, Mutiloa, Sarriguren eta Iruñeko herritarrek eskuorriak jasoko dituzte haien postontzietan urriaren amaieran. Zonifikazioari buruzko informazioa eskuratzeaz gain, udalei eskaria egiteko eskabidea izango dute. Azaroko lehen hiru asteetan jasoko dituzte, eta tokian tokiko euskalgintzako taldeek udalei eta Legebiltzarrari helaraziko dizkiete.