Txile

nerudaPablo Neruda ez zen minbiziak jota hil

Nola hil zen Pablo Neruda? Hil zenetik berrogeita lau urte igaro direnean, oraindik ere hizpide da poeta txiletar ezagunaren heriotza. 1973ko irailaren 23an hil zen, Augusto Pinochet jeneralak Salvador Allenderen gobernuaren kontra estatu kolpea jo eta egun gutxira, Santiagoko Santa Maria ospitalean. Ofizialki, prostatako minbiziaren eraginez hil zen. Haatik, eta Neruda Pinocheten aurka zegoela kontuan hartuta (Txileko Alderdi Komunistako kidea izan zen), askok zalantzan ipini dute bertsio ofiziala.  Pinocheten aginduz pozoitu zutela esan izan dute ahots ugarik, batez ere Nerudaren burkideek. Auzia argitu nahian, 2011tik ikerketa judiziala egiten ari dira Txilen. Horren baitan, 2013an, Nerudaren gorpuzkia hobitik atera zuten, azterketak egiteko. Orduko hartan, nazioarteko aditu talde batek ondorioztatu zuen ez zela pozoitua hil. Horiek horrela, ikerketaz arduratzen zen epaileak azterketa gehiago agindu zituen. Bada, berriki nazioarteko beste aditu talde batek proba horien emaitzak aztertu ditu, eta ondorioztatu du Neruda ez zela minbiziak eragindako kakexiagatik hil. Alegia, adituen arabera, heriotza ziurtagiriak ez zuen jaso heriotzaren benetako arrazoia. Zergatik hil zen ez dute argitu, baina jakinarazi dute orain toxina jakin bat aztertu behar dutela. Horrenbestez, epaileak agindu du azterketekin jarraitzeko. Adituek esan dutenez, urtebete barru jakingo dira emaitzak, eta baliteke orduan argitzea Nerudaren heriotzaren arrazoia.