Sariak

gaztelugatxeGaztelugatxe, hamarkadako Europako zinema kokalekurik onena?

Game of Thrones telesailaren iazko filmaketaren oihartzuna ez da itzali Gaztelugatxen. Grabazio haren harira, Hamarkadako Europako zinema kokalekurik onena izateko hautagaien artean da Bermeoko paraje ezaguna. Guztira, 11 toki izango dira lehian, tartean Kroaziako Dubrovnik hiria, Austriako hiriburu Viena, Greziako Antiparos uhartea, Poloniako Wroclaw hiria, Alemaniako Görlitz hiria eta Italiako Val Senales glaziarra. European Film Comission Network-ek antolatutako sariketa da, baina ikusleen bozkek erabakiko dute irabazlea. Horretarako, botoa emateko aukera izan dute, urriaren 25era arte, Cineuropa plataformaren webgunean (www.cineuropa.org). Alegia, lerrook argitaratzen direnerako, ez da bozkatzeko aukerarik izango. Azaroaren 7an jakingo da irabazlearen izena, European Film Comission Network sarearen hamargarren urteurrena ospatzeko jaialdian, Europako Parlamentuaren egoitzan (Brusela, Belgika). Apusturik egin nahi?