Erraketistak, kirola eta ikuskizuna

erraketistak

Oso aspaldikoa izan ez arren, ez da oso kontu ezaguna, baina euskal pilotan izan dira emakume profesionalak. Erraketaz jokatzen zen modalitate batean aritu ziren 1917 eta 1980 bitartean, batez ere Espainiako estatuan, Mexikon eta Kuban. Haatik, nahiz eta gehienak euskal herritarrak izan, Euskal Herrian bertan jokoak ez zuen horrenbesteko arrakastarik lortu; gizonezkoek jokatzen zuten esku pilotaren itzala handiegia zen. M. Egimendi. Argazkiak: Kutxa Fototeka.

 

Gaur egun gehienak adinean aurrera doaz, 80-90 urte inguruan dabiltza, eta orain arte ez dira jabetu egin zutenaren garrantziaz. Lan kontratua eduki bazuten ere, ahaztutako garaia da askorentzat, 13-14 urterekin hasi eta ezkondu bitartean baino ez zirelako lehiatu, zortzi-hamar urtez. Gainera, euren jarduna ez zegoen oso ondo ikusia ere, orduan ez zelako ohikoa emakumea etxetik kanpo aritzea. Beraz, erraketistak asko harritu ziren Arantxa Pereda galdezka joan zitzaienean. Pereda pozik dago orain, berandu bada ere, ezagutza aitortu zaielako egindako ikerketa lanari esker. Horren ondorioa da Emakumea eta euskal pilota erakusketa, eta pasa den urteko abuztuan partida bat jokatu zen Bilboko Esperantza frontoian erraketistak omentzeko.
Pasa den mendearen hasieran, Euskal Herrian neskak herriko pilotalekuan jolasten ziren. Ildefonso Anabitarte frontoi enpresariari bururatu zitzaion emakume haiek profesional bihurtzea. Horretarako, frontoien neurriak egokitu zituen, tenis erraketa eraldatu zuen larruzko pilotaz jokatu ahal izateko eta eskuz jokatzeko erabiltzen zen larruzko pilotaren pisua gutxitu zuen. Bera izan zen, halaber, partidak antolatzen hasi zena, neskatoak euskal herrietan erreklutatuz.
Erraketa jokoan ikasteko eskolak sortu ziren Eibar, Zarautz, Tolosa eta Errenterian. Sei hilabeteko ikastaroa egin eta berehala ematen zuten Madril edota Bartzelonarako jauzia, han baitzeuden modalitate horretan jokatzeko frontoi gehienak, hogei guztira. Joko honen urrezko garaian, 40 eta 50eko hamarkadetan, 300-400 erraketista aritzen ziren Espainiako estatuan, % 70-75 euskal herritarrak. Hala ere, ez zuten joandako guztiek iraun, oso gazteak izanik, gogorregia zelako beraientzat familiarengandik urruntzea. Gizonezkoek, berriz, ez zuten sekula erraketaz jokatu.
Gehienak euskal herritarrak izanik, pilotalekuetako gerenteak zein erraketistak, jokoak ez zuen arrakastarik izan Euskal Herrian, hemen indar handiegia zuelako gizonezkoek jokatzen zuten esku pilotak. Erraketaz bi euskal frontoitan baino ez zen jokatu: Bilboko Euzkel Jain (egungo Esperantza) eta Donostiako Grosen, 30 eta 40ko hamarkadetan.
Frontoietako ikuskizuna
Partidak 30 tantotara jokatzen ziren, beti arratsaldez eta ia egunero. Jaialdia binakako partida batekin hasten zen eta ondoren jokatzen zen kiniela izeneko lehia, banaka elkarren aurka (zazpi pilotarik hasitako jokoan bat izaten zen garaile, kanporaketak jokatu ostean). Kontratuan hitzartuta zeukaten astean zenbat partida jokatu behar zituzten, eta irabazitako kinielak aparte kobratzen zituzten. Kiniela horietan egiten ziren apustuak, ez aurreko binakako partidan, eta dirutza handiak jokatzen ziren. Frontoi bakoitzak 40-50 erraketistaz osatutako koadroa zuen.
Gizonezkoak joaten ziren erraketisten partidak ikustera, batik bat militarrak eta politikariak, horiek zutelako apustuak egiteko dirua; baita boxeolariak, abokatuak eta toreroak ere. Frontoiak gizonezkoen bilgune ziren: bizartegia zeukaten, jatetxea, te aretoa, puruak erretzeko gela... Garai hartako gizonezkoentzat patxada ederrean egoteko lekuak ziren: izterra zertxobait erakusten zuen erraketariari loreak bota eta, batez ere, dirua jokatu. Horrelakoa zen garai hartako giroa pilotaleku haietan: desegokia emakume ikusleentzat.
Erraketa jokoa kirola zen, baina baita ikuskizuna ere. Deigarria zen emakumea frontoian ikustea eta jokoa, oso bizia eta dinamikoa. Erraketistek, lehiatzeaz gain, ikuskizuna ere eskaintzen zuten, ahalik eta jende gehien erakartzeko frontoietara. Kirolari profesionalak izan arren, neurri batean, artistak ere baziren. Gainera, Kuban eta Mexikon bost aldiz gehiago irabazten zuten, han tradizio handiagoa zegoelako. Eta izar moduan tratatzen zituzten: sari-banaketa guztietan egoten ziren, goi mailako eta kultur arloko afari eta festa guztietara gonbidatzen zituzten... glamour giroan bizi ziren, protagonista garaiko prentsan.
1980an jokatu zen azken partida. Peredak dioenez, aurreko urteak zailak izan ziren euskal pilotarentzat: “Kirolzaletasunak aldatu egin ziren futbola indar handiz sartu zelako, lan eskubideen aldarrikapen garaiak hasi ziren eta Miamiko puntisten greba ere orduan izan zen. Gainera, krisiaren eraginez, apustuak gutxitu egin ziren”. Egoera horrek isla izan zuen erraketa jokoan ere.
Diktaduraren oztopoak
Erraketariek momentu berezia bizi izan zuten 40ko hamarkadan, diktaduraren lehen urteetan. Eskubide asko bertan behera utzi edo mugatu ziren garaian, emakumeenak zer esanik ez. Moscardo jenerala zelarik kultur eta kirol ministroa, hark erabaki zuen kirola ez zela egokia emakumearentzat, beraren eginkizun nagusi eta ia bakarra (umeak edukitzea) galarazten zuelako. Hortaz, Moscardok erraketa jokoa desagerrarazi nahi izan zuen, baina ez zuen lortu, interes ekonomiko asko zegoelako tartean. Peredaren ustez, apustuengatik bultzatu zen erraketa jokoa, dirutza handiak mugitzen zirelako frontoietako kinieletan. Debekatu ezinda, Moscardok fitxa berriak egitea galarazi eta erraketisten gona luzarazi zuen, ia ezin jokatzeko moduan uzteraino. Baldintzak ez ziren samurtu urte batzuk igaro arte.

Emakumea eta euskal pilota erakusketa

Emakumea eta euskal pilota XX. mendean Espainiako estatuan eta Ameriketan erraketa jokoan aritu ziren emakume pilotari profesionalei buruzko erakusketa da. Bertan ikus daitezke erraketa jokalarien soinekoak eta Mercedes de Miguel diseinatzaileak egindako marrazkiak, jantziek izan zuten eboluzioa azaltzeko; jokalariek erabiltzen zituzten erraketak eta pilotak; haien lan kontratuak eta federazio-fitxak; pilotalekuetako egitarauak; apustuak egiteko kiniela txartelak; erraketa jokoari eta jokalariei buruzko prentsa artikuluak... Baita ikus-entzunezko bi ere, emakume horien 60 urte baino gehiagoko ibilbidea kontatzeko.
Gernikako Euskal Herria museoan bisita daiteke erakusketa hil honen 20ra arte, eta maiatzean Etxarri Aranatzen egongo da. Uda hasieran jarriko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan, eta udazkenean Balmasedan.
Arantxa Pereda da Euskal Herria Museoak oso-osorik ekoitzi duen erakusketa honen komisarioa.