Ingurumena

intsektGero eta intsektu gutxiago Alemanian

Zientzialari eta adituek aspalditik ohartarazi dutenez, intsektuen biomasa txikitzen ari da munduan. Bada, Alemaniako 63 natur eremu babestutan berriki egindako azterketa batek joera hori berretsi du: azken 27 urtean, eremu horietan, % 75 baino apur bat gehiago murriztu da intsektu hegalarien biomasa. Hau da, tximeleta, erle eta bestelako zomorro hegalarien kopuruak nabarmen egin du behera. Radboudeko Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaile talde batek egin du azterketa, eta PLOS ONE aldizkarian eman dute jakitera. Beherakadaren zergatiak, ordea, ezin izan dituzte zehaztu. Zergatiak ikertzeko beharraz gaztigatu dute ikerketaren egileek, eta, besteak beste, adierazi dute klima eta nekazaritzaren eraginak aztertu behar direla. Era berean, kezka agertu dute, intsektuen murrizketa mundu mailako arazo larritzat jota. Ez da gutxiagorako: intsektuak dira espezie ezagunen artean ugarienak, eta rol garrantzitsua dute naturan. Esaterako, landareen polinizazioan ezinbestekoak dira. Alemanian egindako ikerketak datu kezkagarriak plazaratu ditu, baina ez da tankera honetako ikerketa bakarra. Azken urteotan, ikerketa gehiago egin dira, eta beheranzko joera munduko leku askotan gertatzen ari dela erakutsi dute.