Gastronomia

mikaEuskal Herriko pintxorik onena, Hondarribikoa

Hondarribiko Gran Sol tabernako Mikel Muñoz eta Mika Pop gailendu dira Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketan, Mika izeneko pintxoarekin. Hirugarren aldiz irabazi du Gran Sol tabernak txapelketa (2010ean eta 2013an ere garaile izan zen). Urriaren 23tik 25era bitartean jokatu zen, Donostiako Kursaal Jauregian. Finalean, guztira, hamar taberna eta jatetxe aritu ziren lehian, eta, esan bezala, Gran Sol nagusitu zen. Bilboko Gure Toki taberna izan zen bigarrena, Pastrami, sardina eta chipotle ogitartekoa izeneko pintxoari esker; eta Donostiako Zazpi, berriz, hirugarrena, Eskuan txoria izenekoarekin. Saritu nagusiak horiek izan ziren arren, askoz sari gehiago banatu zituzten. Esaterako, Irungo Gaztelumendi tabernak Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen, Tacolao pintxoagatik, eta 2017ko pintxo taberna onenaren saria Iruñeko Iruñazarrak eskuratu zuen. Sari guztiak ezagutzeko eta, bide batez, pintxo horiek non dastatu jakiteko, www.campeonatodepintxos.com webgunera jotzea onena.