Mundua

unicefBost urtetik beherako 15.000 haur hil ziren, egunero, 2016an

2016an, bost urtetik beherako 5,6 milioi haur hil ziren munduan, egunero 15.000 haur inguru. Jaioberriak ziren kopuru osoaren % 46. Alegia, 7.000 jaioberri inguru zendu ziren egunero. Halaxe jakinarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, Levels and Trends in Child Mortality 2017 izeneko txostenean. Datuek argi-ilunak erakusten dituzte. Batetik, bost urte baino gutxiagoko haurren heriotza kopurua inoizko txikiena da: 2000. urtean, adibidez, 9,9 milioi haur izan ziren. Bestetik, hildako jaioberrien proportzioak gora egin du urte hartatik, % 41etik % 46ra. Egungo joerei beren horretan eutsiz gero, bost urtetik beherako 60 milioi haur inguru hilko dira 2017tik 2030era bitartean. Horien erdiak, 30 milioi, jaioberriak izango dira. 2016an izandako heriotzei buruzko datu gehiago eman dituzte txostenean. Esaterako, jaioberrien heriotza gehien munduko bi eremutan gertatu ziren: Asiako hegoaldean (% 39) eta Afrikan, Saharaz hegoaldeko eskualdeetan (% 38), zehazki. Gainera, jaioberrien heriotza guztien erdiak bost herrialdetan gertatu ziren: India (% 24), Pakistan (% 10), Nigeria (% 9), Kongoko Errepublika Demokratikoa (% 4) eta Etiopian (% 3). Zergatiei dagokienez, 2016an hildako jaioberrien % 35 erditzean izandako arazoengatik edota behar baino lehenago jaiotzean sortutakoengatik zendu ziren. Gaixotasunei dagokienez, berriz, pneumonia eta beherakoa dira heriotza gehien eragiten dutenak: % 16 eta % 8, hurrenez hurren. Txostenak nabarmentzen duenez, heriotza ugari saihestuko lirateke herrialdeen arteko desberdintasunak hoberantz berdinduko balira. Hots, herrialde aberatsetako egungo haur heriotza tasak izango balituzte gainontzeko herrialdeek: hala gertatu izan balitz, 2016an 5 milioi haur gutxiago hilko zen. Hori lortzeko, osasun arreta zerbitzuak ugaritu eta hobetu beharko lirateke, edateko ura eta garbia lortzeko sarbide egokiak areagotu, botikak merkatu... Hau da, gaur-gaurkoz herrialde txirotuek egiten ez dutena edo egin ezin dezaketena.